Gurutze Beitia: 'Ez beti da ez' lemeari eutsi beharko geunskio danok
2015-08-21 15:29 Barriketan2015eko Aste Nagusiko pregoilaria
Aste Nagusia, abuztuaren 22tik 30era izango dogu aurten eta Marijaiak protagonismoa galduko ez dauen arren, Oihana Pascual txupinerea eta Gurutze Beitia pregoilaria be ezin ahaztu. Txomin Barullo konparsako Pascual and.ak izango dau txupina jaurtiteko ardurea eta Gurutze Beitia aktoreak, barriz, pregoiarena. Bizi osoa taula gainean daroa Gurutze Beitiak eta makinatxu bat lan egin dau telebistan, zineman, irratian baina batez be antzerkian. 2010eko Bilboko Karnabaletan Zarambolas izentau eben eta jai giroan sartzeko ez dau ezelako arazorik izango. Eten bako bederatzi egun horreei eta agenda potoloari aurre zelan egingo deutson kontau deusku Gurutze Beitiak.
1.- Zer moduz jaso zenduan Marijaiagaz batera Aste Nagusiko ordezkari nagusienetakoa izateko proposamena egin eutsuenean?
Harro sentidu nintzan baina poza eta urduritasun puntua be igarri nituan, dana batera. Esan izan dot bateren baten, aurretik be proposamena egin izan deustie baina arazo familiarrakaitik eta lan kontuakaitik ezin izan dot orain arte zeregin hori bete baina badinotsut aurten 50 urteak beteta, holako konpromiso gogorrik barik eta nengoanez, hauxe zala okasinoa pregoilari izateko pentsau neban eta oso gustora hartu dot izendapena.
2.- Aktoreei omenaldia egin guran, Aitor Mazo eta Alex Angulo eta Marilu gogoan, beste aktore bat, zu zeu, izango zara aurten pregoilari. Ze gogoetea eragiten deutsu honek guztiak?
Oso gustora eta oso harro nago aktoreen ordezkari edo mundu hori ordezkatzeko pregoilari izateko aukeratu nabelako eta aitatu dozuzan aktore horreek hirurak dodaz gogoan eta gogoeta nagusiena da bizitzan momentu guztiak aprobetxau behar doguzala, edozein momentutan amaitu daiteke gure ibilbidea eta, beraz, inori kalterik egin barik biziteak eskaintzen deuskuzan momentu handi zein txiki horreekaz danakaz gozau eta biziteari ahalik eta etekinik handiena atara behar jakola da nire jarrerea.
3.- 1983an pregoilariaren figurea ezarri zanetik, zazpigarren emakumea zara zeregin horretan eta hirugarren emakume aktorea Loli Astoreka (2000) eta Maribi Bilbaoren (2006) ondoren. Interpretazinoaren munduan harrobi ederra dogu Euskal Herrian...
Jakina. Sekulako harrobia dogu baina hori baino gehiago esango neuke, talentua dago gurean. Urte asko daroadaz Bilbon eskolak emoten eta talentu eta lehengai faltarik ez dagoala esan behar deutsut. Gazteak oso indartsu datoz.
4.- 2010eko Bilboko Karnabaletan Zarambolas izan zinan eta berez be nahikoa saltserea izanda, pregoilari karguari bildurrik edo errespeturik ba al deutsazu?
Ez, bildurrik ez. Errespetu apur bat bai, pentsaizu Oihanak eta biok ahalik eta ekitaldi gehienetara ailegau gura dogula, dana emoteko prest gagoz eta badakigu bederatzi egun dirala baina indartsu eta gogotsu gagoz.
5.- Pregoiaren harian, kantuan be trebea zarela badakigu, akaso abestu egingo dozu pregoia? Gauza berezirik pentsau dozu?
Akaso, pregoiaren amaieran edo kantetan be ikusiko nozue; dakizunez, beti ahalegintzen naz neure ikuskizunetan kanturen bat edo beste tartekatzen eta, beraz, beharbada, kantuak be lekutxua izango dau pregoian baina oraingoz hortxe itxiko dogu kontua. Pregoiaren edukia be jakin gurako dozun arren, hori azkenengo momentura arte sekretua izango da eta George Clooneyk berak be belauniko eskatuta ez neuskio ezer aurreratuko [Barreka].
6.- Pregoilariaren trajeari jagokonez, aurten be beilegia izango da baina jakin dogunez, aurrekoak baino freskoagoa eta erosoagoa edo berezia izango da. Probau dozu dagoeneko?
Apurtxu bat freskoagoa, ez askorik. Eta aktoreon munduan, beilegiaren, horiaren ezaugarriak kontuan hartuta, beilegia barik, mostaza kolorekoa dala trajea esango dogu; ni neu ez naz bape superstiziosoa baina badaezpada mostaza kolorekoa dala esango dogu. Ganerakoan, lehen feltrozkoa zan eta egungoa, barriz, lana hotz eta tela tekniko eta naturalakaz egindakoa da. Baina jakeak zeozelako sendotasuna izan daian forroa behar dau derrigor eta apur bat freskoagoa bai baina nahikoa beroa da oraindino be.
Bestetik, eroasoago ibilteko eta gonearen ordez prakea proponidu neutsien eta hori izan da onartu deustien gauza bakarra. Datorren urterako idea batzuk emon deutsedaz Jai Batzordeari, berbarako, jakea barik, txalekoa erabiltea eta abar baina sakrilegotzat hartzen nabe, inkisizinoa ez dot esango baina ia-ia [Barreka].
Trajeagaz arraro ikusten dot nire burua, dana zarratuta, samarik ez baneuko lez ikusten naz baina elegante be bai, traje, eskularru, kapela eta apareju guztiakaz.
7.- Arriaga antzokiaren 125. urterrena da aurten eta zu zeu makinatxu bat aldiz taula gainean izan zara beharrean. 1978an Arriaga antzokiaren etorkizuna kolokan egoala, Aste Nagusiaren hasierea bertan egitea otu jakon Jai Batzordeari...
Bai. Oso berezia da niretzako Arriaga, asko maite dot, nire antzoki kuttuna da. Kamerinoak, pasabideak, besaulki-patioa, eszenatokia... Oilo-ipurdia jarten jat; antzezpenaren aurretik sartzen naz eta inor ez dagoanean eszenatokia zapaltzea gustetan jat... Arriagak arimea dauka, magia, bizitza propioa dauka eta aurten nire herriko jaien hasierea, nire etxetzat daukadan aretotik egitea oso pozagarria eta emozionantea izango da niretzako.
8.- Bizi osoa daroazu interpretazinoaren munduan eta telebistan, zineman, irratian baina batez be antzerkian ibili izan zara eta zabiz. 2015a, ganera, sano emonkorra da zuretzako: La gaviota, Lady be good, El duo de la africana, De cuerpo presente eta La ultima oportunidad lanakaz zabizelako. Orain be etxean harrapau zaitugu lanean, ordenagailuaren aurrean...
Bai. Lana plazerra da niretzako, lanaren yonkia naz. Edozelan be, La ultima oportunidad, El duo de la africana eta De cuerpo presente lehendik estreinauta egozan eta, beraz, hara eta hona ibilita gengozan.
Beste alde batetik, Lady be good antzezlana erronka handia izan da niretzako, Gerswhinen jatorrizko musikala, testu eta guzti, pentsaizu...
El duo de la africana lanean antzesten dodan personaia be asko maite dot, 10 minutuko saioa daukat eta neuk esatea ondo ez dagoan arren, publikoa neureganatzen dodala uste dot.
Hortik gora, Aste Nagusia amaitu ostean beste proiektu batzuk be badaukadaz ze lana, beharra ez da niretzako kargea, obligazinoa edo estresa, plazer hutsa da niretzako, badakizu, 'Gustoko lanean aldatzik ez' dakar esaera zaharrak be.
Proiektu barrien harian, bi nabarmenduko neukez, batetik, datorren urtean, Sueño de una noche de verano egingo dogu Arriagan, gaztelaniaz eta euskereaz eta badakit erronka handia izango dala niretzako. Bestetik, ez dakit esan banei baina bost emakume aktore mitiko batu eta lan berezia aurkeztuko dogu, euskeraz eta gaztelaniaz. Orain urte batzuk gizonezko bost aktorek egin eben eta sano arrakastatsua izan zan; besterik ez deutsut esango.
9.- Futbolzale amorratua ez baina Athletic zale handia zara...
Jakina. Futbolzale amorratua ez naz, gurago dot antzezlan bat ikusten joan futbolera baino. Baina Bilbokoa eta Athleticekoa izatea buztartuta dagoz, hori holan da, odolean daroazun zeozer da, sentimendu sakona. Athleticekoa izatea hurrago dago erlijinotik kiroletik baino; Athletic zaleok Katedralera goaz eta begoñako Basilikeak be badauka bere inportantzia, atara kontuak.
10.- Aste Nagusira hurreratzeko asmoa dabenei ze mezu bialduko zeunskie?
Lehenengo eta behin topera disfrutetako esango neuskie baina albokoak errespetauta. Egunotan izan doguzan emakumeen kontrako indarkeria kasuak gogoan, 'Ez beti da ez' lemeari eutsi beharko geunskiola danok.
Ganerakoan, errespetuan oinarrituz, alboan daukagunaren ideologiari eta sexu-orientazinoari erreparau barik, disfrutetako, jantzan egin, abestu, jan eta edan eta barre egiteko konbita egiten deutset Bilbora hurreratuko diranei.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!