Atzerriko unibersidadeetan euskerea irakasteko prestakuntzea emongo dau Etxepare Institutuak
2015-08-21 12:28 Euskerea berbagaiAtzerriko irakaskuntza zentroetan euskera arloko irakurle izan nahi dabenei zuzendutako ikastaroa izango da. EHUk eta Etxepare Euskal Institutuak alkarlanean antolatu dabe, irailetik zemendira. Donostian emongo ditue klaseak. Irailaren 1etik 15era egin leiteke matrikulea eta plaza kopuru mugatua dagoala ohartarazo dabe.
Atzerriko irakaskuntza zentroetan euskera arloko irakurle izan nahi dabenei zuzendutako ikastaroa izango da. EHUk eta Etxepare Euskal Institutuak alkarlanean antolatu dabe, irailetik zemendira. Donostian emongo ditue klaseak. Irailaren 1etik 15era egin leiteke matrikulea eta plaza kopuru mugatua dagoala ohartarazo dabe.
Unibersidadeetan eta goi mailako ikasketa zentroetan daukazan programetan irakasle jarduteko prestakuntzea emongo dau ikastaroak, Etxepare Institutuak ziurtau dauenez. Izan be, euskal kulturea eta hizkuntzea zabaltzeko helburuagaz, mundu zabaleko zentro askotan irakurletza programak martxan daukaz erakunde horrek. Atzerritarrei euskerea irakasteko trebetasun eta gaitasunak hobetzeko eta IKTak eraginkortasunez erabilteko jarraibideak erakutsiko jakez izena emoten dabenei.
Atzerrian euskera irakasteko trebetasunak lortzeko bidean, lau helburu nagusi ipini deutsoz Etxepare Institutuak ikastaroari: Batetik, euskerea atzerriko hizkuntza legez eskuratzeko orduan lanerako estrategia eraginkorra proponidutea; bigarrena, euskerearen berezitasunak eta ezaugarriak testuinguru elebakar zein eleanitzetan azaltzea; hirugarrena, alderdi soziokulturalean sakontzea; eta laugarrenik, atzerritarrei euskerea irakasteko trebetasunak optimizetea.
Graduko edo lizentziaturako titulua daukienei eta euren esperientzia zabadu nahi daben Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendutako ikastaroa da. EGA eukitea derrigorrezkoa da eta Giza Zientzietako alorrekoei lehentasuna emongo jake. Kursoa martxan ipinteko, gitxienez 23 personak emon beharko dabe izena eta, gehienez, 40 plaza egongo dira.
Izena emoteko epea irailaren 1ean zabalduko da eta hil horren 15ean zarratu. Etxepare Institutuak aurreratu dauenez, ikastaroa irailaren 25ean hasiko da eta zemendiaren 21ean amaitu. Guztira, 56 irakas-ordu izango dira. Bariku arratsaldeetan eta zapatu goizetan izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!