Lorea Argarate: 'Gure erreferentziak bidean topau doguzan DJ lagunak dira'

Dabi Piedra 2015-08-10 10:11   Barriketan

Las Tea Party DJ taldeko kidea

Lorea Argarate eta Eva Gutierrez gazteak dira Las Tea Party DJ´s, Euskal Herriko eta inguruko musika-areto eta jaiguneak hankaz gora ipini dituan taldea. Estilo ugaritako musikea nahastauta, erritmo biziko sesinoak sortzen ditue eta gero eta jentetza handiagoa erakarten dabe. Esperimentazino moduan hasi zan proiektuak, beraz, abiadea hartu dau eta, udan, plaza askotan entzun ahal izango doguz. Esate baterako, Bilboko Aste Nagusian egongo dira, abuztuaren 29an, Txurdinagako parkean. Lorea Argaratek emon deusku euren barri.


1.- Noiz eta zelan hasi zineen alkarregaz pintxatzen?

Santutxuko taberna baten, Zarata Jazz izenekoan, ordu asko pasetan genduzan eta bertan, musikari, DJ, antzezle eta farandularen munduko jente asko batzen da. Evari, egun baten, kuriosidadea sartu jakon gorputzean eta bertan ibilten zan Dj He-ri eskatu eutsan mundu hori erakusteko. Eta holan hasi ginan. Ni beti ibili izan naz musikearen munduan, musika taldeakaz, eta Evak jakin eban gustauko jatala, beraz proposamena egin eta alkarregaz jolasten hasi ginan, gaur arte. Beraz, gitxinaka hasi zan proiektu bat da. Hasieran Bilboko taberna txikietan joten genduan eta apurka-apurka leku handiagoetara joaten hasi ginan. Sonora Aretoan erresidente egon ginan, urte bi. Gaur egun, Fever salako erresidenteak gara.


2.- Zelan deskribiduko zeunke zuen DJ lana?

Berba gitxitan azaltzeko, gure estiloan garrantzitsuena selekzinoa da, kanten selekzinoa. Gero kanta horreek zuzenean nahastau eta soinu edo efektuak gehitzen deutsaguz. Guk esaten dogun moduan, maletea kantuz beteta eroan behar da baina sesinoa preparau ezean, ez dakizu inoz zelan topauko dozun publikoa.


3.- Zeintzuk dira zuen erreferentzia musikalak?

Normalean, erreferentziak emotean, jenteak gure estiloko DJ famatuen izenak espero ditu, eta emon geinke zerrenda luze bat, baina, egia esan, gure erreferentziak bidean topau doguzan DJ lagunak dira, hau da, suberte handia izan dogu kabinetan tokau jakuzan lankideakaz, beti egon diralako laguntzeko prest, irakasteko prest, motibetako prest. Beraz, eurak izan dira gure sua piztu dabenak, esaterako: Madbol, Dj He, Braxx Live, El_Txef_a eta Empty Files.


4.- Zelan aukeratzen dozue kontzertu edo une bakotxean ze kanta ipini?

Esan dodanez, maletea ondo preparauta eroan behar da, baina sesinoa ez. Ordutegiak zerikusi handia dauka eta publikoa ez da beti bardina, beraz, jentearen erreakzinoakaz jolasten dogu. Beti gabilz eurakaz batera jairik-jai, ez da gure gauzea bakarrik, danon artean sortu behar dan jaia izan behar da.


5.- Ze erreakzino bilatzen dozue entzuleakan musikea pintxatzen dozuenean?

Bada, jajaja, askotan, hasieran, ahozabalik geratzen da jente asko, baina gitxinaka anbientean sartzen hasten dira. Guk bilatzen doguna, ahaztu ezingo daben gau bat eskaintzea da. Gorputzak mobidutea, saltoka ibiltea eta une batez behintzat ondo pasetea ez dan edozer ez izatea buruan.


6.- Euskal Herriko jaietan zuen estiloa ez da oso ohikoa. Uste dozue jenteak eskertu dauela haize fresko hori?

Nabaria da aldaketa oso handia egon dala Euskal Herriko jaietan. Nabaria da be bai, jenteak aldakak etxetik kanpo mobiduteko gogoa eukala, eta holan ikusi da plaza gehienetan. Badirudi musika elektronikoaren inguruan egoan ikuspuntua aldatu egin dala eta gaur egun, ez dala horren arrotza. Halandabe, herri askotan bildurrez egoten dira, baina danak ondo urten dauela ikustean, mundu naturala dala ikustean, pozez begiratzen gaitue, eta une hori oso aberatsa da. Kanpotik etorri dan estilo bat da, bai, Euskal Herrian egiten diran beste hainbat estiloren moduan, baina nork daki hemendik urte batzuetara txalaparta elektronikoak edo soinu asko izan leikezan trikitixa erabilten hasiko ete garen? Horrezaz gan, musika elektronikoa sortzeko ordenadore bat bakarrik behar dozu era hori edozeinek dauka, beraz, uste dogu, musikea egin ahal izatea asko erraztu eta hurreratu dala eta aukera asko sortu dituala.


7.- Non ibilten zarie erosoago, jai handietako jentetzearen aurrean ala jai txikietako giro intimoagoan?

Oso espazio eta sensazino desbardinak dira, baina biak dira ederrak eta biek daukie euren enkantua. Festibaletan argiztapen ikaragarriak edo efektu bereziak egoten dira eta horrek asko handitzen dau showa. Leku txikietan jentearen hurrekotasuna sentiduten dozu eta momentu oso bereziak sortzen dira, zer esan Euskal Herri osoan daukaguzan lagun barriez…!! jajajajja


8.- Aurrera begira, Las Tea Party luzerako proiektua izango dala uste dozue?

Aurrera begira gabilz, ikasteko gogo handia daukagu eta. Orain produkzino lanetan gabilz, EP txiki bat atarateko asmoagaz gabilzalako. Lan handia dogu aurretik baina lana izateak bidea dagoala dino, beraz bidea egiten jarraituko dogu eta heldu gaitezala txoko askotara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu