Sekula hilten ez dan iruzurra Shanghain

Zigor Aldama Shanghai 2015-08-06 13:10   Bidaide

Kokapena ia beti da berbera: Txinako uriburu ekonomikoko Herriaren Plazearen eta Nanjing Ekialdea kalearen ingurua. Amua be beti da bardina: Gazte txinatarrak, eskuzabaltasun susmagarriz, Txinako milaka urteko kulturearen jakingarriren bat erakustea eskainiz. Amuari haginka egiten deutsienak beti dira asmo oneko eta larregizko konfiantzadun turistak. Tearen zeremoniaren iruzurra da. Denporeagaz, aldaera desbardinak garatu dira, iruzurra bizirik manteniduteko. Trikimailuak funtzionau egiten dau oraindino, gida eta biajeen webguneetan ondo dokumentauta badago be.
 

Kokapena ia beti da berbera: Txinako uriburu ekonomikoko Herriaren Plazearen eta Nanjing Ekialdea kalearen ingurua. Amua be beti da bardina, urteen joanean ez da aldatu: Gazte txinatarrak, eskuzabaltasun susmagarriz, Txinako milaka urteko kulturearen jakingarriren bat erakustea eskainiz. Amuari haginka egiten deutsienak be beti dira bardinak: Asmo oneko eta larregizko konfiantzadun turistak. Tearen zeremoniaren iruzurra da. Denporeagaz, aldaera desbardinak garatu dira, iruzurra bizirik manteniduteko. Orain dala aste batzuk biktima batek kontau eustanaren arabera, eta hau eskarmentu handiko bidaiaria da, trikimailuak funtzionau egiten dau oraindino, gida eta biajeen webguneetan ondo dokumentauta badago be.

Trukoa erraz-erraza da. Biktimea identifikau eta gero, normalean Shanghaiko erdigunean denporea sobran daukan turista despistaduren bat, gazte bikote bat hurreratu egiten jako, edozein atxakia erabilita: Bila dabilen lekua topetan lagunduko deutsiela, ingelesa praktikau nahi daben ikasleak dirala, turismoari buruzko inkesta bat preparetan dabilzala edo, biktimearen jatorria ezagutzen badabe, lagun bat daukiela Madrilen, Bartzelonan edo Matalascabrasen. Bidaiariaren konfiantzea lortu dabenean, sakonera-kargea errietan dabe: 'Ezagutzen dozu tearen zeremonia? Oso tipikoa da Txinan eta ezagutu behar zeunke'. Gauean, bestelako aldaerak ohikoak dira: 'Nahi dozu karaokera etorri, Txinako gazteen astialdia zelakoa dan jakiteko?' eta 'masajea hartu nahi dozu?'. Edozein dala be galderea, bikoteak beti ezagutzen dau Txinako kulturako ezinbesteko alderdi hori probetako leku aproposa eta, hara kasualidadea, turisteari bertaraino laguntzeko prest dagoz, lekua urrun-urrun be ez dago eta.

Establezimenduak itxura gatzbakoa, akaso bertan behera itxitakoa, eukiko dau eta horrek bisitariaren konfiantzea gitxituko dau. Baina iruzurraren aldaera guztietan beteten dan ezaugarri bat da, turisteak kartea ikusi barik edo prezioa negoziau barik hasten dala zerbitzua. Eta hor dago giltzarria. Izan be, qibao jantzi tradizional gorridun neska gazte lirain batek ekarritako hiru te edan dituanean, orduan heltzen da zaplastekoa: Pu´er muetako tea ei da, karuetan karuena, eta fakturea milaka yuanekoa da. Hau da, ehunka euro.

Karaokearen kasuan (iruzur hau Tailandia, Filipinak edo Indonesia moduko herrialdeetara be zabaldu da), edariakaz gauza bardina jazoten da. Alkoholik ez daukienak be, 30 urteko whiskyaren prezioan pagetan dira. Batez be bakarrik dagozan gizonezkoei eragiten deutsen masajearen aldaeran, ostera, beti-beti "amaiera zoriontsua" egoten da, bezeroak eskatu zein ez. Eta garesti kobrauko deutsie, ezetz esaten badau be bai. Izan be, iruzurraren beste ezaugarri bat da, fakturea hiltzaile itxurako morrosko pare batek ekarten dabela. Gimnasioan ordu asko egindakoak eta kaskamotzak izaten dira, urrezko kateak saman. Urtenbidea zarratuko deutsie turisteari eta hurreko kutxazainera lagunduko deutsie, karteran diru nahikoa ez badauka. Aurre egitea arriskutsua izan leiteke, ze kasu batzuetan berbetatik ekintzetara pasau izan dira. Behin hona helduta, kalean topautako gazte adeitsuek alde egin dabe edo aktiboki parte-hartzen dabe, txarto-ulertuagaitik parkamena eskatuaz eta arazoa "Shanghai uri garestia dala" esanaz.

Hau jazo ezkero, hankea barruraino sartu danean, egoerearen balorazino egokia egitea da garrantzitsuena. Normalean, tearen zeremoniaren iruzurrean errazagoa izaten da iges egitea edo, behinik behin, prezio zentzuzkoago bat negozietea. Karaokeetan eta masaje-saloietan, ostera, gatxagoa izaten da, ezkutuago egoten diralako. Hartara, gomendagarriagoa da mehatxu fisiko bat jaso orduko pagetea. Hori bai, behin askatasuna berreskuratuta, hurreko komisaldegira joan behar da, salaketea ipinteko eta agenteak iruzurraren lekura joan daitezan ahalegintzeko. Beti ez dau ondo urteten, eskupekoa daukien polizia ustelak dagozalako, baina kasu askotan diruaren zati bat errekuperau leiteke.

Ikasgaia honako hau da: Garrantzitsuena da gogoan izatea txinatarrak, berez, lotsatiak edota zakarrak izaten dirala. Bidaiariaren arau idealen kontra badago be, hareetako baten bat modu atseginegian eta eskatu barik hurreratu ezkero, berehalako mehatxutzat hartu behar da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu