Bisitaldi gidatu alternatiboak antolatu ditue Iruña-Veleiako aztarnategian

Bizkaie! 2015-07-28 11:26

Faltsutzat jo diran aurkikuntzak benetakoak dirala uste daben alkarteek eratu ditue bisitaldiak, Iruña-Veleiako aztarnategiaren ganeko kontuak euren ikuspegitik kontetako. Abuztuaren 1ean eta irailaren 5ean (biak zapatua) izango dira bisita gidatu alternatiboak. Antxinako herri erromatarraren harresiaren barruan zein handik kanpora agertu diran aztarnak ikusiko ditue parte-hartzaileek.

Faltsutzat jo diran aurkikuntzak benetakoak dirala uste daben alkarteek eratu ditue bisitaldiak, Iruña-Veleiako aztarnategiaren ganeko kontuak euren ikuspegitik kontetako. Abuztuaren 1ean eta irailaren 5ean (biak zapatua) izango dira bisita gidatu alternatiboak. Antxinako herri erromatarraren harresiaren barruan zein handik kanpora agertu diran aztarnak ikusiko ditue parte-hartzaileek.

Jente askok eskatu deutsielako erabagi dabe bisitaldiak antolatzea, arduradunek azaldu dabenez. SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria eta Martin Ttipia alkarteak dira antolatzaileak. Hiru alkarteon ustez, aztarnategian agertutako euskerazko idazkunak benetakoak dira (erakunde publikoek eta adituen batzordeko kideek faltsutzat jo ditue) eta Eliseo Gil arkeologoak jaso dauen tratua salatzen dabe.

Bisitaldi gidatuak goizeko 10:30ean hasi eta eguerdiko 13:00ak bueltan amaituko dira, bai abuztuaren 1ean eta baita irailaren 5ean be. Lehenik eta behin, Iruña-Veleia uri zaharreko harresien barruko eremuan sartuko dira parte-hartzaileak. Antolatzaileen esanetan, harresiak zutik dagoz oraindino eta erromatarren sasoiko aztarna ugari gorde dira. Ondoren, harresien kanpoaldeko aurkikuntzak aztertuko ditue. Laugarren mendera arte, uri zabala izan ei zan Veleia.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Veleiako grafitoen inguruan eurek daukien ikuspegia azaltzeko be aprobetxauko dabe bisitaldi gidatua. Izan be, euren eretxia ez dator bat bertsino ofizialagaz. Dinoe, euren ustez euskerazko grafitoak, eta faltsutzat jotako beste batzuk, benetakoak dirala.

Bisitaldiaren ostean, eguneko menua jateko aukerea egongo da inguruko jatetxe baten, nahi izan ezkero. Bisitaldi gidatuetan parte hartzeko izena emon behar da, honako helbidearen bidez: euskerarenjatorria@gmail.com

Udako bisitaldi bien ostean, antolatzaileek iragarri dabe, urritik aurrera antzeko ekimen gehiago eratzeko asmoa daukiela. Esate baterako, taldeentzako bisitaldiak antolatu nahi leukeez, 10 eta 30 lagun bitarteko talde, alkarte eta antzekoentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu