EGOD, Euskerearen Gaineko Oinarrizko Diskursoen egitasmoaren aurkezpena egin dabe
2015-07-13 10:28 Euskerea berbagaiLan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zanetariko bat izan zan, euskal gizartean euskereari buruz dagozan diskursoen lanketea egitea, eta diskurso desbardinen arteko kontrastea eta eztabaidea bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenagaz.
Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martínez de Lunak, EGOD egitasmoaren zuzendariak, eta Xabier Erizek, EGOD lantaldeko kideak, EGOD egitasmoaren (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketea) emoitzen txostenaren aurkezpena egin dabe Donostian.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak legealdirako lan-programa zehatza aurkeztu eban legealdiaren hasieran, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian lehenengo, eta Euskerearen Aholku Batzordean ondoren. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zanetariko bat izan zan, euskal gizartean euskereari buruz dagozan diskursoen lanketea egitea, eta diskurso desbardinen arteko kontrastea eta eztabaidea bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenagaz.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskerearen Aholku Batzordeari 2013an bertan izandako lehen bilkuran (2015-06-28) aurkeztutako dokumentuak berbaz berba dakarrenez, euskerearen ganeko diskursoen lanketea gure hizkuntza politikearen oinarrian dagoan Euskara 21 gogoeta prozesuagaz zuzenean lotzen da, euskerearen inguruko diskursoak bateratze bidean jarteko ahaleginak, gogoeta sakonaz gan, adostasun sozial eta politiko zabal baten preminea onartzea eta mamitzea eskatzen dauelako.
Aitatutako 2013ko lehen Batzar horretan Euskerearen Aholku Batzordeak, HPSk holan proponiduta, onartu eban 2013-2014 aldirako lan programea, eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen be, holan zehaztuta onartu zan: euskerearen ganeko oinarrizko diskursoak aztertu, kontrastau, barritu eta bateratze bidean jartea. Eginkizun hori garatzearen ardurea Euskara 21 Batzorde-atalaren esku jarri zan.
Eginkizun hori aurrera eroateko Euskerearen Gaineko Oinarrizko Diskursoaren lanketea (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zan martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde-atalaren zuzendaria bera da, gaur prentsaurrekoan egon dan ikertzailea, Iñaki Martínez de Luna, sona eta onespen handiko soziolinguistea. EGOD egitasmoak euskerearen ganeko oinarrizko diskursoak aztertu, kontrastau, barritu eta bateratze bidean jartea dau helburu.
Danetara, bost multzo edo diskurso zehaztu ditue: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.
Ondorio nagusiak
Patxi Baztarrika sailburuordeak EGOD egitasmoaren emoitzetatik atera daitekezan ondorio nagusiak azaldu ditu: Adostasun sozial eta politiko zabalik barik ez zan EAEn hiru hamarkadotan euskerea heldu dan lekura helduko. Positiboa da hori. Erronka barriak doguz aurrera jarraitzeko eta eraginkorrak izan nahi badogu, daukaguna baino adostasun handiagoa behar dogu. Eta gehitu dau: EGODen hipotesia hauxe zan: Euskal gizartean badago diskurso barritu, partekatu eta ondo sustraitutako bat osotzeko aukerea. Emoitzek frogatu dabe hipotesi horren betete mailea altua dala. EGOD egitasmoan parte hartu dabenen aldetik babes handiena jaso daben ardatz estrategikoak honakoak dira:
A. Alkarkidetzan oinarritutako diskurso euskaltzalea sendotu behar da, guztion hizkuntza eskubideak eta alkarrenganako errespetuan oinarrituta.
B. 'Euskerea beharrezkoa da' pentsaeratik, hizkuntzak beharrezkoak dira pentsamoldera aldatu eta aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioa indartu.
C. Hizkuntza-politikea eztabaida ideologikotik, ika-mika zein interes alderdikoietatik ateratzea eta oinarrizko akordio zabal bategaz babestea.
D. Ikuspegi identitarioa ikusmolde barrietara zabaldu eta osotu, egunerokotasunean interesgarri subertetan diran espazioak eregiz; planteamendu funtzionalak bultzatuz, enpresa munduan kasu batzuetan egiten dagozan legez: bezeroari zerbitzu hobea eskaintzea…
E. Berezko esanahi komunitarioa, atxikitzen jakon eremuarena baino askoz zabalagoa da: abertzaletasunaren ikurra izatetik, herritar guztien ikurra izatera salto eginez; euskerea ez da aukera ideologiko batzuen ondarea, danona baino.
F. Euskerea balio positiboakaz eta bizipen gustagarri personalakaz lotu; derrigortasunetik eta eginkizunetatik (ikasketak, lana…) bizitearen bestelako eremuetara zabaldu: gozagarria, plazerra, balore sozialakaz eta funtzionalidadeagaz lotua.
G. Euskerearen irudia hobetu, atentzinoa batez be gazte jentearengan jarriz. Horretarako, sano garrantzitsua da gizarte eredu barrituak eskaini eta euskerearen irudia hobetzea: erakargarria, modernidadea…
H. Hiper-zuzentasuna baztertu eta hizkuntza multifuntzionala, espresiboa, biziagoa, komunikatiboagoa bultzatu. Horrek, erabilerarako deserosotasuna arindu eta erabilera bera areagotzen lagunduko leuke.
I. Gizartean nagusi dan euskerearen ganeko indarkeria sinbolikoa gainditzeko estrategia osotu eta abian jarri, holan hizkuntza menperatua izatearen konplexua astintzeko eta hizkuntza horretan duintasunez bizi ahal izateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!