Bingen Ametzagak 1952an euskeratutako Shakespeareren 'Uda gau bateko ametsa' obrearen argitalpena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2015-07-10 10:45   Kulturea

Bingen Ametzaga getxotarrak 1952an euskaratu eban Uda gau bateko ametsa liburua aurkeztu dabe Getxon. Argitalpena DSS2016EU erakundearen eta EIZIEren lankidetzaz gauzatutako Shakespearen Ametsa biziarazoten programearen barruan egina da, Donostia 2016k datorren urtean Cristina Enea parkean antolatu dauen antzezlan bereziaren harira. Getxoko Udalaren laguntzinoa be izan dau argitalpenak.

Bingen Ametzaga getxotarrak 1952an euskaratu eban Uda gau bateko ametsa (W. Shakespeare) liburua aurkeztu dabe Getxon. Argitalpena DSS2016EU erakundearen eta EIZIEren lankidetzaz gauzatutako Shakespearen Ametsa biziarazoten programearen barruan egina da, Donostia 2016k datorren urtean Cristina Enea parkean antolatu dauen antzezlan bereziaren harira. Getxoko Udalaren laguntzinoa be izan dau argitalpenak. Ametzagaren itzulpen originala familiaren esku egoan, eta Xabier Irujok, Bingen Ametzagaren bilobeak, EIZIEren esku itxi eban, Itzultzaile Aitzindariak bilduman argitaratzeko.

Getxon egindako aurkezpen-ekitaldian izan dira Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kultura zinegotzia; Xabier Paya, Donostia 2016ko kultur zuzendaria; Elizabete Manterola, EIZIEko ordezkaria eta edizinoaren arduraduna, eta Xabier Irujo, Bingen Ametzagaren bilobea eta edizinoaren arduraduna.

Koldo Iturbe Kultura zinegotziak esan dau normalean pribilegio bat dala Kultura zinegotzi batentzat liburu bat aurkeztea, baina kasu honetan pribilegioa baino gehiago dala, euskaltzale getxotar bati buruz berba egiten gagozalako, zinegotzia izan zana 1931n Getxoko Udaletxean, Plentziako lehenengo ikastolearen sorreran parte hartu ebana, lehenengo euskal gobernuaren ministroa, eta literaturako lan ospetsuen itzulpengintzan lan oparoa egin ebana. Horregaitik proiektuan parte hartu dabenei eskerrak emoteaz gan, familiari testua ixteagaitik be emon nahi deutsadaz, baina bereziki Bingen Ametzarari berari, bere ibilbidean egin eban guztiagaitik.

Ondoren Xabier Payak be autortu dau, algortar eta Donostia 2016ko kultur zuzendari legez, ohore eta pribilegioa dala liburuaren proiektuan parte hartzea. Donostia, Europako Kultur Uribururako aurrera eroaten gagozan jardueren artean Shakespeare berezia izango da bere heriotzearen 400. urteurrena beteko dalako eta Europako literaturearen erreferentea dalako. Horren barruan, obrearen hiru itzulpen existiduten dira, 1952an Ametzagak egindakoa, ondoren Bedita Larrakoetxearena eta Juan Gartziak datorren urteko udan Cristina Enean egingo dan ikuskizunerako landutakoa. Prozesuak herritarren partaidetzea izan dau eta horren inguruan hainbat ekitaldi atondu doguz. Guretzat ohorea da parte-hartzea, ibilbide luze baten urratsa da, azaldu dau Payak.

Elizabete Manterolak, EIZIEren izenean, adierazo dau liburua Bingen Ametzagaren lanaren lehen autortzea dala eta ezagutzera emoteko be balio dauela. Ametzagak uste eban euskereak batasuna behar ebala eta oso ausarta izan zan itzulpena bere momentuan egozan baliabide gitxigaz egiteko. Liburuak irakurketa aktiboa eskatzen dau. Gipuzkerea dau oinarrian, nahiz eta beste euskalki batzuk be erabili eta guk moldaketa txiki batzuk baino ez doguz egin. Jatorrizko testua oso bizia eta ingelesez dauen tonu arina eta ironikoa emoten asmau eban Ametzagak Elizabete Manterolaren berbetan. Liburuaren PDFa EIZIEren webgunean eskura daiteke eta papelezkoa lortzeko be horraxe jo daiteke.

Azkenik, Xabier Irujo Ametzagak esan dau pozik egongo zala aitita berton egongo balitz, bere lana argitaratuta ikusita. Algortar amorratua izan zan eta euskerea berreskuratzeko erbestetik egin eikeena egin eben, hau da unibersidadera eroan eta beste hizkuntza batzuetan esaten zana euskeraz be esan eitekeala frogatzea eta horretarako itzulpengintzan ibili zan, mezua euskerea bermatzea izan zalako


Bingen Ametzaga

Bingen Ametzagak (Algorta, 1901-1969) euskal kulturearen eta euskerearen aldeko lan handia egin eban bizitza guztian zehar, eta itzultzaile lanetan nabarmendu zan batez be. Euskeraturiko lan ugari argitaratu zituan, baina asko argia ikusi barik geratu ziran, eta horreetako bat da Uda gau bateko ametsa. Lan honetaz gan, getxotarrak literatura unibersaleko beste hainbat lan euskeratu zituan, horreen artean Oscar Wilden Reading baitegiko leloa, Shakespeareren Hamlet, Danemark'eko erregegaya, Ciceronen Adiskidetasuna edo Juan Ramón Jiménezen Platero eta biok.

Bingen Ametzaga Getxoko zinegotzia izan zan 1931n, eta Hezkuntza ministroa lehen Eusko Jaurlaritzan. Gerra zibila hasi zanean erbesteratu zan Ingalaterrara, Argentinara eta Caracasera. Zuzenbidean lizentziatua, Caracaseko eta Montevideoko Unibersidadeetako irakaslea be izan zan.


Shakespeareren antzezlana, Donostian

2016ko udan, William Shakespeareren heriotzearen 400. urteurrenagaz bat etorriz, Cristina Enean antzeztuko dau Tanttaka konpainiak, jantza talde eta abesbatzez lagunduta, egile ingelesaren obrarik magikoena, DSS2016EUren datorren urteko udako programazinoaren apustu erakargarrienetako batean.

Obreak ez dau aktoreen, musikarien, jantzarien eta akrobaten parte-hartzea bakarrik izango, baita sukaldariena be, emonaldia arratsalde-gauez hasiko baita, Teseoren eta Hipolitaren eztei-oturuntzearen ospakizunagaz, Shakespeareren testuan gertatzen dana errealidadera ekarriz. Obrea Donostian izango da ikusgai hilebete batean zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu