'Bertsoa Unibersidadean' eskolea, asteon Donostian

Bizkaie! 2015-07-06 10:40   Bertsolaritzea

Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Uda Ikastaroakaz alkarlanean, Bertsoa Unibersidadean eskolea egiten dan bigarren aldia izango da aurten, eta, esandako moduan, bi ikastarok osotuko dabe programea: batetik, Bertsolaritzea eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan, eta, bestetik, Bertsolaritzearen Bidegurutzeak.

Bertsoa Unibersidadean eskoleak bere ateak zabalduko ditu astelehenean, garagarrilaren 6an, Donostiako Miramar Jauregian. Astelehenean eta martitzenean Bertsolaritzea eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan ikastaroa eskainiko da, eta eguaztenetik barikura arte, barriz, Bertsolaritzearen Bidegurutzeak izenekoa. Holan, garagarrilaren 6tik 10era bitartean, bertsolaritzearen eta ahozkotasunaren topagune izango da Donostiako Miramar Jauregia, ekimenaren antolatzailea dan Mintzola ahozko lantegiak jakinarazo dauenez.

Kontuak kontu, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Uda Ikastaroakaz alkarlanean, Bertsoa Unibersidadean eskolea egiten dan bigarren aldia izango da aurten, eta, esandako moduan, bi ikastarok osotuko dabe programea: batetik, Bertsolaritzea eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan, eta, bestetik, Bertsolaritzearen Bidegurutzeak.

Lehenak ahozkotasunaren esparru zabalagoa hartu, eta bertsolaritzea, ipuingintzea eta kantagintzea izango ditu aztergai; horreek guztiak hezkuntza arautuan zelan landu hausnartuko da, eta horretarako arloko adituak batuko dira, Inma Muñoa edota Jaione Eskudero, adibidez. Bi goiz hartuko ditu egitarauak eta martitzen arratsaldean performance bat be izango da, Ainhoa Ansa kantariaren eta Igor Elortza eta Uxue Alberdi bertsolarien eskutik.

Bigarren ikastaroak bertsolaritzan jarriko dau begiradea. Maila ideologikoan, transmisinoaren aldetik eta ikerkuntzeari jagokonez, bertsolaritzeak dituan erronken ganean egingo da gogoetea. Hiru goiz hartuko ditu ikastaroak. Jexux Muruak, Maialen Lujanbiok eta Jon Sarasuak hartuko dabe parte, besteak beste, baita BCBLeko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Kepa Paz ikertzaileak be; bertsolarien garuna aztertzeko egindako jardungo da bera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu