Guggenheim Museoak 2015eko garagarrilaren 3an zabalduko dau 'Jean-Michel Basquiat: Bada garaia' erakusketea

Bizkaie! 2015-07-02 07:29   Kulturea

Art Gallery of Ontariok antolatu eta Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan egindako erakusketa hau Basquiaten produkzinoaren lehen gaikako azterketea da, eta zemendiaren 1era arte egongo da ikusgai.

Europan aitzindaria dan erakusketa honetan ehunka lan batu ditue, AEBetako eta Europako askotariko museo eta bilduma pribatuetatik ekarritako formatu handiko pinturak eta marrazkiak gehienbat. Art Gallery of Ontariok antolatu eta Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan egindako erakusketa hau Basquiaten produkzinoaren lehen gaikako azterketea da, eta Iberdrolaren babes oparoa jaso dau. Zemendiaren 1era arte egongo da ikusgai.

Jean-Michel Basquiat (1960–1988) 20 urte zituala ospetsu bihurtu zan bere marrazki eta pintura urratzaile bihurriakaitik; New Yorkeko artearen mundua irauli egin eban 1980ko hamarkadearen hasieran. Nazinoarteko ospea hartu eban hainbat gai (arrazakeria, politikea edo gizarte-hipokresia) lantzen dituen artelan indartsu eta adierazkorrei esker. 27 urte baino ez zituala hil eta bere ibilbidea eten egin zan arren, haren lanak izugarrizko eragina izaten jarraitzen dau.

Artisteak berak deskribidu ebanez, gizabanakoaren egia sakonenetarako abiapuntua dira nire artelanak, bizigarriz eta hunkigarritasunez beteak. Kaleko artea eben erreferentziatzat, grafiti kontzeptuala hartzen ebelako oinarri, eta material birziklatuak erabilten zituan euskarri-lanak egiteko, adibidez, zaborretako ateak edo bilgarriak.

1976an, Basquiat eta bere adiskide Al Diaz Behe Manhattango hormak SAMO© ezizenaz margotzen hasi ziran, zeri eta SAMe Old shit esaereari erreferentzia eginez.

Basquiaten ospea areagotzen joan zan laster. Rock-talde bat eratu eban, eta Edo Bertoglioren indie film batean agertu zan, Downtown 81; gainera, Andy Warholen lagun egin zan. haren bakarkako lehenengo erakusketea, 1982an 21 urte baino ez zituala, osorik saldu zan.

Bat-batean horren ezagun bihurtuta, ospetsuakaz hartu-emonetan eta eurekaz ideak alkartrukatzen hasi zan, adibidez, David Bowiegaz edo Madonnagaz —azken hau neska-lagun izan eban denpora labur batez—. Musika-bideo batzuetan be agertu zan, eta New York Timesen aldizkariaren portadan protagonista izan zan. Hil eta 27 urtera, bere eraginak indarrean dirau.

Basquiaten ikuspegi artistiko barritzaile eta zirikatzaileak ikusizko lengoaia erradikal bat ekarri eutson 1980ko hamarkadako New Yorkeko eszeneari, zenbait gairi helduz, adibidez, arrazakeria, klase-burrukea, gizarte-hipokresia eta baltzen historia. Inspirazino-iturri hartu zituan arte jasoa, berbarako, Espresionismo Abstraktua eta Arte Kontzeptuala, baina baita hip hopa, jazza, kirola, komikiak eta grafitia, eta ikur errepikakor batzuk erabili zituan bere artearen eta bizitzaren oinarrizko gaiak esploretako.


Ibilaldi bat erakusketan barrena

Lehenengo gaiak: Kalea da estudioa eta Heroiak eta santuak

Erakusketeak Museoaren hirugarren solairuan kokatutako zortzi atal daukaz, eta 305. aretoan hasten da. Hain zuzen, hor aurkezten dira bere artelan goiztiarrenak, bi gairen inguruan harilkatuz: Kalea da estudioa eta Heroiak eta santuak. Pieza horreen gaiek, ikuspegiak eta materialek uriko paisajeak ditue inspirazino-iturri. Brooklynen jaio zan; aita Haitikoa eban eta ama estadubatuarra, jatorriz Puerto Ricokoa. 17 urte baino ez zituala, New Yorkeko arte-giroan sartu zan bete-betean grafiti kontzeptualaren bidez. Artelan horreek mezu politikoak, poetikoak eta dibertigarriak dira, zirikatzaileak, bere adiskide Al Diazegaz batera sortutakoak.

Basquiatek ez eban bere burua grafiti-artistatzat joten, baina grafitia erabili eban artearen munduko ateak zabaltzeko giltzarri. Ondoren, kalean topetan zituan materialak erabilten hasi zan lanerako: baztertutako apar-goma zatiak, leihoak eta ateak. Basquiatek bere estilo bereizgarria erabili eban lehen artelan barritzaile horreetan uria irudikatzeko —autoak, hegazkinak, trenak eta kaleko jolasak— eta, holan, kaleko poesia erakusketa-aretoetan sartu eban. Atal honetan, nabarmentzekoak dira Izenburu gabe/Auto istripua (Untitled/Car Crash, 1981) eta 4. zenbakia (Number 4, 1981).

Francesco Clemente artisteak (Basquiaten lankidea izandakoa) ondorengoa esan eban irudi ironiko horreen ganean: Jean-Michelen koroak hiru punta daukaz, bere hiru errege-leinuei jagokezanak: poetearena, musikariarena eta boxeo-txapeldunarena. Jeanek indartsutzat hartzen zituanakaz neurtzen eban bere trebetasuna, zaletasun eta adin kontuei erreparau barik.

Basquiatek dudan jarri eban Mendebaldeko historia gizon baltzak errege edo santu lez irudikatzerakoan. Koroa ikurtzat erabili eban, behin eta barriro, haren heroien handitasuna aldarrikatzeko: kirolariak, musikariak eta idazleak. Leinu horreen lorpenak inspirazino-iturri hartuz, Basquiatek uste eban leinu noble horreen lana jarraitzen ebala eta, sarritan, koroa horregaz irudikatzen dau bere burua autoerretratuetan. Koroa ikur aldakorra da: batzuetan argi-koroa da eta, bestetan, arantza-koroa; santutasunagaz martirioa etorten dala azpimarratzeko.

Basquiatentzat heroi eta santu horreek gudariak dira eta, ondorioz, irabazle irudikatzen ditu inoiz baino sarriago, besoak gora, garaipenaren seinale. Horren eredu doguz Busted Atlas 2 (1982), Titulurik gabea (1982) eta Lasterketako zaldi iluna—Jesse Owens (Dark Race Horse-Jesse Owens, 1983).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu