Itsuentzat egokitutako hiru liburu aurkeztu ditue ONCEk eta Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2015-06-24 14:13   Kulturea

Gaur, bagilaren 24an, Euskaltzaindiak eta ONCEk bi erakundeen arteko alkarlanaren lehen emoitzak aurkeztu ditue: Erlea aldizkariaren azken bi zenbakiak eta Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, persona itsuentzat edota ikusmen urritasunak dituen personentzat egokituta. 

Gaur, bagilaren 24an, Euskaltzaindiak eta ONCEk bi erakundeen arteko alkarlanaren lehen emoitzak aurkeztu ditue: Erlea aldizkariaren azken bi zenbakiak eta Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, persona itsuentzat edota ikusmen urritasunak dituen personentzat egokituta. 

Aitatu lanok bi euskarritan eskaintzen ditue: Braille alfabetoan eta audio bidezko Daisy sisteman; horreek dira, hain zuzen be, itsuek edo ikusmen urritasuna daben lagunek liburuak irakurteko dituen bi moduak.

Aurkezpena honako honeek egin dabe: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Kintana idazkariak eta Bernardo Atxaga idazle, euskaltzain eta Erlea aldizkariko zuzendariak; eta ONCErenean, Basilio San Gabriel lurralde-ordezkariak eta Iñigo Arbiza Komunikazino buruak.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea be bertan izan da, izan be, Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Linguae Vasconum Primitiae liburuaren bi edizino kaleratu ditue lankidetzan. Horren ondorioz, euskeraz gan, hamaika hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez,  italieraz, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz.

1545ean argitaratua -esan dau Xabier Kintana liburuaren hitzaurregileak-  mundu osoko mintzaira askotara itzulia izan da, baina oraingoan persona itsuentzako edizino berezia atera da ONCE erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker. Holan -gaineratu dau- Bernard Etxepare gure lehenengo euskal idazle ezagunaren idazlana, gizatalde garrantzitsu baina zoritxarrez sarri ahaztuxe honengana zuzenik helduko da.

Xabier Kintanak liburuaren aurkezpenean esan dau Louis Braille, itsuentzako erliebezko puntuakaz irakurteko sistema modernoa asmau ebanaren bizitza interesgarria eta harrigarria azaldu dauela labur, haren izenaren eta gomutearen omenez.

Ondoren, euskerearen ganeko oinarrizko datuak emoten ditu, munduko eta Europako beste hizkuntzen artean haren tipologia berezia zelakoa dan eta inguruko mintzairakaz izan dituan hartu-emonak argituz, euskalgintzan egin diran aurrerapausu eta aurkikuntza nabarmenak gogoan izanda.

Azkenik, Etxepareren bizitzaz eta beraren liburuaz datu nagusiak jaso ditu Kintanak: orduko giro errenazentistea, zelako bertsoak landu zituan, zelako gaiak, eta haren obreak bere garaitik hona izandako oihartzuna, besteak beste.


Euskaltzaindia eta ONCE

2014ko zemendian, Euskaltzaindiak eta ONCEk lau urteko lankidetza-hitzarmena sinatu eben; helburua Euskaltzaindiko katalogoetako obra batzuk Braille sistemara edota itsuek bakarrik erabiliko dituen beste formatu batzuetara egokitzea zan.

ONCEk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak daben hitzarmena be aitatu dabe gaurko agerraldian. Horren ondorioz, ONCEk 55 liburu egokitzen ditu urtean, bai Braille alfabetora, bai eta Daisy sistemara be. ONCEko ordezkarien esanetan, horr esker ONCEko afiliatuek euskeraz idatzitako liburuen inguruan egiten daben eskariari erantzuna emoten deutso erakundeak

Adierazo dabenez, itsuek eta ikusmen urritasunak dituen personak kulturara hurreratzea da helburua, eta lan honi esker, ONCEk bermatzen dau hori, kultura, eta euskal kulturea eskura izateak normalizazinoa dakarrelako.

Holan, bada, ikusmen urritasuna daben lagunentzat egokitutako liburuen artean, euskerazkoen aukerea handitzea da asmoa, eta horretara dator Euskaltzaindiagaz sinatu dan hitzarmena. Liburu horreek jasoteko, mailegu-zerbitzuaz gan, ONCEko afiliatuek badabe beste aukera bat, erakundearen webgunearen bidez: bertan, bakotxak bere pasahitza sartu ezkero, euren gailutara nahi dituen liburuak jaitsi ahal izango ditue.

Bestalde, udagoienean bi erakundeon ordezkariek bilerea egingo dabe, erabagiteko zeintzuk izango diran Braille alfabetora eta Daisy sistemara egokituko dituen hurrengo liburuak.


Erlea

Erlea aldizkariaren 7. zenbakiak, besteren artean, erbestea eta loreak, hutsuneak eta antologiak, ditu protagonista. Atxagaren berbetan, oso ale trinkoa da.

8. zenbakiak, ostera, Iparraldeko sortzaileak, Bigarren Mundu Gerra, Nafarroako egileak, erleak edota autore barri-barriak ekarri deuskuz esku artera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu