Ainhoa Ortells: 'Herriko artista gazteen sarea sortzea da gure asmoa'
2015-06-22 10:45 BarriketanMargolaria
Garrobi kultur alkarteak GART'15 izeneko arte-kultur jaialdia antolatu dau eta hitzordua bagilaren 27an izango da. Getxoko Artisten Harrobiko kideek edozein diziplinatako artistei egin deutse euren burua aurkezteko konbita eta jasotako proposamenen artean aukeratutako lanak bagilaren 27an kalera aterako ditue Algortako erdialdean. Kontzertuak, antzezlanak, erakusketak, performanceak, ikus-entzunezkoak, berbaldiak eta bestelako ekitaldi batzuk izango dira.
Garrobi zer dan eta zer ez dan eta Getxon arteak eta artistek bizi daben egoerea azaltzeko Ainhoa Ortells margolaria konbidau dogu.
1.- Getxoko sortzaile gazteen ekinbidea da Garrobi eta oso oker ez bagagoz urtearen hasieran abiarazo zenduen proiektua. Zergaitik? Zerk eraginda?
Bai, denporatxua daroagu martxan eta gustora gabiz. Garrobi abiarazoteko arrazoi nagusia izan zan herriko sortzaileek eta euren lanek indar gitxi eukela herrian, hutsune bat igarten genduan hor eta urtean zehar udalerrira ekarten dituen izen potolo horreek publikoa erakarteko eta ondo dagozan arren, herriko sortzaileak ezagutzera emoteko eta euren lana sustatzeko preminea egoala ikusita hasi ginan pausuak emoten.
2.- Zenbat sortzaile eta zein sektoretakoak zagoze alkartean?
Kopuru zehatzik ezin deutsut emon ze jentea joan-etorrian dabil eta orduan bakotxak ahal dauenean laguntzen dau. Hogeita hamar inguru izango gara baina badinotsut bolada batzuetan gehiago eta beste batzuetan gitxiago gabilzala. Artista eta sortzaileak ez eze, kulturearen eta artearen jarraitzaileak be hurreratu jakuz, argazkilariak, pintoreak, eskultoreak, performer, kudeatzaile kulturalak, arkitektoak, bideo munduan dabilzanak, aktoreak, jantzariak eta abar, seguru arloren bat aitatu barik ixten dodala baina kulturearen arlo gehientsuenak batu jakuzala esango neuke. Gehienak Getxokoak gara baina bilbotarrak be badagoz, hemen bizi baina kanpotarrak diranak be bai eta tarteka marteka kolaboretan ibilten dan donostiar bat be badabil; talde edegia gara eta mugarik ez jaku gustetan.
3.- Udalerriko eskaintza kulturala nahikoa aberatsa da eta getxotar ez garenok inbidia puntua be sentiduten dogu urtean zehar izaten dan egitarau potoloaren aurrean. Zer falta da herrian?
Bai, aitatu dozuzan ekitaldi potolo horreek sano erakargarriak izaten dira eta jente asko erakarten dabe ondoko herrietatik eta abar. Baina guk herriko sortzaile gazte eta hasibarrien faltea hartzen dogu. Berbarako, GetxoArte izeneko ekimena oso interesgarria begitantzen jat hasibarrientzat eta baina urtean behin egiten dan kontua izaten da eta hortik kanpo basamortu handia dago. Ganera dagozan artista danantzako lekurik ez da izaten hor, edadean mugak jarten ditue eta hori ez da bape mesedegarria, guri ez jakuz holako mugak gustetan, ze badakigu jente asko arte munduan hasten dala 30 urte baino gehiago dituanean eta, jakina, artista gazte etiketa horretatik kanpo geratzen dira.
Herrian sortutako eta herrikoentzako sortutako eskaintzearen faltea be hartzen dogu
Era berean, herriagaz eta herriko sortzaileakaz interakzinorik ez dagoala uste dot. Gatxa da danon gustoko gauzak antolatzea baina gu behintzat saiatzen gara herriak eskatzen dauena entzun, gogoan hartu eta horren araberako egitaraua atontzen eta honegaz ez dot esan gura besteek holan egiten ez dabenik.
4.- Bagilaren 27ko GART'15 jaialdiari begira, zenbat proposamenen jaso dozuez?
Gure asmoa izan da ahalik eta eskaintza zabalena antolatzea eta ezustean baina oso pozik hartu doguz ehundik gora proposamen, baita kanpotik be, Brasil eta munduko beste leku batzuetatik be baina aurrekontu arazoakaitik baztertu egin behar izan doguz holako aukera batzuk. Azkenean, bagilaren 27ko GART jaildirako hogeita hamar bar artista aurreikusi doguz, % 60-70 getxotarrak edo hurrekoak izango dira.
5.- Proposamen horreen guztien artean, zeintzuk aukeratu dozuez? Ze erispide erabili dozue aukeraketarako?
Diziplina desbardinetako lanak, kalean antzeztu edo garatzeko modukoak izatea, herritarrakazko interakzinoa gura genduzan eta zortzi lagunez osotutako lantaldean ibili gara beharrean. Azkenean, barru-barruan zeozer eragin deuskuen proiektuak aukeratu doguz. Egun osoan izango doguz ekitaldiak eta obren iraupenari be erreparau deutsagu ahalik eta gauza gehien sartzeko.
6.- I. GART jaialdian zer topauko dabe Getxora hurreratuko diranek?
Danetarik, erakusketak, proiekzinoak, kontzertuak, poesia-irakurketak, berbaldiak, perfromanceak... Bideo-proiekzinoen atalean, Ibon Markaida (Txalupa Films), Oier Gil Zapirain eta Mariana Collares brasildarra izango doguz; getxotarra eta Garrobikoa dan Izaro Ieregi be izango dogu; grafitti antzeko bat egiten ibiliko da Juan Malk; tailerrak be egongo dira Latatxo proiektukoen eskutik, Hibernando kolektiboa be ahaztu barik; Pau Figueres be nabarmendu gura neuke, instalazino bat egingo dauena; A base de palos (Ander Sanchez & bittor pastor) be tartean izango dira, txalapartea eta jantza flamenkoa buztartzen dituan bikotea; Ryokó izeneko musika bikote bat be etorriko da; Utopian, Garrobikoak diranak be getxon izango dira; UKnatura, ingurumenekoak; Desegin Arte-ko Naiara Etxanizek, Eduardo Acebedok, Eugenia Guridik, Jose Fernandezek, Angel Rodriguezek eta Iker kareagak euren lanak erakutsiko deuskuez.
Ez dot inor ahaztu gura eta, beraz, parte-hartzaileen zerrenda osoa botako deutsut: A base de palos (Ander sanchez & Bittor pastor), Ana Capilla, Ángel Fernández, Cara C, Hibernando kolektiboa, Cuarto Segundo, Cuentos Inmorales (Ania), Desegin Arte, Eduardo Acebedo, Eugenia Guridi, Gabriel Ocina eta Olga Martínez 'Prohibido soñar despierto', Ibon Markaida (Txalupa Films), Iker Careaga, Izaro Ieregi, Jose Fernández, Kalabazan, Latatxo, Juan Malk, Mariana Collares, Merce Zulueta, Naiara Etxaiz, Oier Gil Zapirain, Pablo Astrain, Pau Figueres, Lorenzo Rodriguez, Ryokó, Jose Carlos Torres, Shakti Olaizola, UKnatura, Utopian, Vidalooka eta Zazkel.
Gogoratu, egun osoan izango doguzala ekitaldiak Getxon, Algortako plaza, kale eta Getxoko Udalak Bihotz Alai plazan ipinten dauen karpa eta agertoki handian.
7.- Aurrerantzean, zeintzuk dira Garrobiren erronka eta egitekoak?
GART antolatzea da orain gure burukomin nagusia baina laster ekingo deutsagu gogoeta prozesuari. Edozelan be, herriko artista gazteen sarea sortzea da gure asmoa; oraintsu Egoi Garagarzak Getxocon erakusketa bat zabaldu dau eta euren arteko hartu-emonak Garrobiri esker sortu dira. Horrezaz gan, hainbat artista batu eta alkarregaz gauzak egiten hasi dira; bide horreek urratzen jarraitu gura dogu, erakusketak, berbaldiak antolatzen eta abar. Geldiro-geldiro goaz baina musutruk gabiz eta gauzak astiro doaz, nekeza da baina polito, gustora gabiz. Udalagaz be bagabiz, hainbat gauza eskaini deuskuez baina GART jaialdiaren ostean, buelta batzuk emon behar deutsaguz proposamenari.
8.- Zu zeu margolaria zaitugu. Ze ibilbide egin dozu orain arte? Zertan zabiz orain?
Bai. Pozik nago ze Garrobigaz batera, sorkuntza lanetan banabil, umedun be banago eta martxa geldoan baino ez bada be, hor segiduten dogu, bideoakaz eta argazkiakaz gauzatxuak egiten, idazten, artista interdiziplinarra naz.
9.- Guggenheim Museoko Artea ikasbide hezkuntza-programan be parte hartzen dozu...
Bai. Programeak Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma sendotzen dau, artea tresna hezigarri modura erabilten dauelako. Igaz eta aurten be eskola batera joan izan naz umeakaz obra bat sortu eta gero museoan bertan erakusteko ideagaz. Esperientzia ederra da. Kultura edo artetik bizitea ez da erraza baina gogoa da behar dana eta horren fakltarik ez daukagu.
10.- Azken mezurik?
Bai. Jente guztia animau gura dot bagilaren 27an, datorren zapatuan Getxora hurerratu daitezan; goizeko 11:00etatik gauerdira arte ez da etenik izango.
Eta ahaztu barik, Getxoko Udalak eta Kultur Etxeak lagundu deuskue GART jaialdia antolatzen, eurak dira babesle nagusiak eta ezin neban itxi nabarmendu barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!