Kultura Ondarea Sariak baditu irabazleak

Bizkaie! 2015-06-18 13:58   Kulturea

Sarituak izan dira Getxoko Julio Caro Baroja Institutuak (Surfing our traditional basque boat rebuilding), Laudio Ikastoleak (Orozkoko garrafak) eta Donostiako Axular Lizeoak (Euskara) aurkeztutako bideoak; hiru talde irabazleek 7 eguneko bidaia egingo dabe Irlandara, herrialde haretako historia eta ondarea ezagutzeko.

Sarituak izan dira Getxoko Julio Caro Baroja Institutuak, Laudio Ikastoleak eta Donostiako Axular Lizeoak aurkeztutako bideoak; hiru talde irabazleek 7 eguneko bidaia egingo dabe Irlandara, herrialde haretako historia eta ondarea ezagutzeko.

Bilboko Unamuno Institutuan bihar, hilak 19, egingo dan ekitaldian jasoko dabe saria, eta bertan aurkeztuko dabe nork bere lana.

Batxilergoko nahiz Lanbide Heziketako Erdi Mailako Prestakuntza Zikloetako lehen mailanko ikaslez osotutako 67 taldek aurkeztu ditue euren bideoak Kultura Ondarea Sariaren lehen edizinora. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolaturiko sariketa honetako Batzorde Ebaluatzaileak, saria –astebeteko bidaia Irlandara- honako hiru bideo honeei emotea erabagi dau:

- Surfing our traditional basque boat rebuilding. Julio Caro Baroja Institutua (Getxo). Aukeratutako gaia: Getxo eta itsasoaren arteko hartu-emon historikoak, eta ontzi tradizionalak berreregitea.

- Orozkoko garrafak. Laudio Ikastola (Laudio). Aukeratutako gaia: Orozkoko San Antolin jaietako garrafak.

- Euskara. Axular Lizeoa (Donostia). Aukeratutako gaia: Hizkuntzea, herri baten ondare.


Sari-banaketea eta lan irabazleen aurkezpena

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, irabazleei sariak emon eta diplomak banatzeko ekitaldian parte hartuko dau bihar, hilak 19, 12:30ean, Bilboko Unamuno Institutuan, MoodleMoot Euskadi 2015 jardunaldiaren barruan antolatu dan ekitaldian. Bertan, Irabazle gazteek euren bideoak aurkeztu eta aukeraturiko gaiaren zergaitia azalduko dabe; era berean, bideoa sortzeko prozesua kontauko dabe.


7 egun Irlandan

Hiru talde irabazleetako neska-mutilak datorren bagilaren 23an abiatuko dira Irlandarantz, herrialde haretako kultura ondarea ezagutzera, eta bide batez, ingelesa praktikatzera. Eta luxuzko gidaria izango dabe horretarako lagun: Paddy Woodworth idazle, kazetari eta gida turistiko irlandarra.

Zazpi egunetan zehar, besteak beste, honako leku honeek ezagutuko ditue: Dublin, eta Irlandaren historia Phoenix Parkera eta Stoneybatter auzora bisita eginez (biak be uriburuan kokatuak); Glendalough eta Glenmalure haranak, Erdi Aroko monasterioak eta XVIII mendeko iraultzen oihartzunak ezagutzeko; Wickloweko itsasertza, eta bertan berreskuratu diran antxinako basoak; Galway, kultura tradizionalaren nahiz garaikidearen uria; edo Aran Islands, gaelikoa berba egiten dan eremua eta kultura tradizionalaren azken gotorlekutzat hartzen dana.


Kultura Ondarea Saria

Euskal Kultura Ondarearen gaineko begirada gaztea suspertzeko helburua dauka Kultura Ondarea Sariak. Ikasturte honetan zehar, 3-10 minutu bitarteko bideoak egin behar izan ditue parte-hartzaileek taldetan antolatuta, eta bideo horreetan Kultura Ondareagaz loturiko gairen baten inguruko euren ikuspuntua azaldu. Kultura Ondarea, materiala nahiz ez materiala, esangurarik zabalenean ulertuta. Ikasleek, eurek aukeraturiko gai baten inguruko kontaketea egiteko aukerea izan dabe, ikus-entzunezko teknikak erabiliz, talde lanean, eta euren ikuspuntu barritzailea eskainiz.

Ekimen honen helburuen artean, Kultura Ondareagazko sensibilizazinoa piztea dago, gizarteko arlo guztietan, baina batez be hezkuntzan eta gazteen artean.

Kultura Ondarea Sariaren lehen edizino honetako epaimahaiak ondokoa nabarmendu dau: aurkeztu dan lan kopuru handia (67 lan, 26 ikastetxetatik), ikastetxeek izan daben parte-hartze mailea eta inplikazinoa, eta batez be, bideoak egiteko prozesuan zehar irakasleek izan daben funtsezko zeregina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu