Eskolarteko Bertsolari Txapelketea heldu da azken geltokira

Bizkaie! 2015-06-10 10:30   Bertsolaritzea

Herrialde bakotxean Eskolartekoaren saioak ospatuta, Euskal Herri mailakoari egingo jako tartea orain. Bagilaren 27an izango da hitzordua Orion eta egun osoko jaiak hartuko dau herria, XXVII. edizino hau biribiltzeko.

Herrialde bakotxean Eskolartekoaren saioak ospatuta, Euskal Herri mailakoari egingo jako tartea orain. Bagilaren 27an izango da hitzordua Orion eta egun osoko jaiak hartuko dau herria, XXVII. edizino hau biribiltzeko.

Eskolartekoak bere bidea egin dau herrialde bakotxean, eta holan aukeratu ditue finalean izango diran bina ordezkari. Nafarroakoek apirilaren 24an egin eben euren egun handia, handik gitxira gipuzkoarrek eta maiatzaren amaieran arabarrek. Azkenik, ipasa dan astegoienean egin ziran Bizkaiko eta Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko azken saioak, Igorren eta Hazparnen. Aurten, danetara, 15-18 urteko 112 gaztetxu ibili dira, eta horreetako 9 izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean:

- Arabatik, Peru Abarrategi Sarrionaindia (1997, Aramaio) eta Peru Amorrortu Barrenetxea (2000, Gasteiz).

- Bizkaitik, Txaber Altube Sarrionandia (1998, Abadiño) eta Lurdes Ondaro Mallea (1997, Munitibar).

- Gipuzkoatik, Iñigo Ibañez Aramendi (1997, Azpeitia) eta Paul Iruretagoiena Rezola (1998, Ataun).

- Lapurditik, Aitor Servier Etxexuri (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco Etxeberri (1998, Lekuine).

- Nafarroako ordezkaria Manex Mailharin Ortigosa izango da (1997, Berriozar), herrialdeko txapeldunari (Joanes Ilarregi Martzol) eta txapeldunordeari (Maddalen Lopez Tapia) ezin etorria subertau jakelako.

- Aurten ez da Xiberoako eta Baxenabarreko ordezkaririk izango.

Saioa Maialen Lujanbio Zugastik aurkeztuko dau eta amaieran, Sustrai Colina Akordarrementeriak jantziko deutso txapela nagusitzen danari. Sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo dan Negulekua izango da; Euskal Herriko finalista guztiek egonaldia doban izango dabe.

Eskolarteko Txapelketearen helburuak, sorreratik, gaztetxuei jentaurrean bat-batean jarduteko aukerea emotea eta edade horretako ume eta gaztetxuak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskerea eta euskal kulturea sustatzea izan zan ekimen honen sorrerako sena.


Egun osorako egitaraua, prest

Goizeko 11:00etan abiatuko da Eskolartekoaren finala frontoian, baina jaiak geroago be izango dau jarraipena. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan; 150 lagunentzat egongo da lekua eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluagaz alkarlanean, produktu ekologikoak izango dira oinarri. Herri bazkaritarako txartelak aurrez hartu behar dira, www.bertsosarrerak.eus atarian, bagilaren 15a baino lehen.

Bazkalostean, Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Akordarrementeria plazako oholtzan izango dira librean. Ondoren, Keshala eta Bi Bala musika taldeek joko dabe.

Oriora hurreratzeko autobusak jarriko ditue herrialdeetatik; autobusean etorri nahi dabenak jar daitezala hartu-emonetan euren herrialdeko Bertsozale Elkarteagaz.

Finalari buruzko informazinoa www.bertsozale.eus eta www.ikastola.eus atarietan argitaratuko da. Edozelan be, bat-bateko finala ikusgai jarriko da www.bertsoa.eus webgunean.

 
Antolatzaile eta laguntzaileak

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dabe alkarlanean, bertso-eskolen laguntzinoari esker.

Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini daben erakundeak ondokoak izan dira:  Orioko Udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu