Bilbao Arteko sei artistak Bilbobusen autobusak apaindu ditue euren diseinuakaz, Athletic animetako Kopako finalean
2015-05-26 15:43 KultureaRuth Juan, Ismael Iglesias, Zaloa Ipiña, Juan Carlos Arango, Elisabeth Pérez eta Kepa Peñil dira ekimen honetan parte hartu daben artistak. Toki bateko eta besteko artistok, bakotxak bere estiloan, diseinu berezia sortu dabe datozen egunetan Bilbon zehar errubera gainean ibilteko.
Datorren domekara arte, maiatzaren 31ra arte, Bilbobus zerbitzuko 24 autobus Bilbao Arteko sei artistak Athletic gu gara / Somos Athletic goiburupean egindako diseinuakaz ibiliko dira urian zehar. Bilboko Udaleko Zirkulazino eta Garraio Sailaren eta Bilbao Arte Fundazinoaren alkarlanetik sortutako proiektu honek Athleticek jokatuko dauen kopako finala animau gura dau, artea eta garraioa buztartuta Bilbobusen autobusek urian zehar dituen ibilbideetan.
Hainbat enpresek bultzatu dabe proiektua, artistek beren-beregi diseinautako apaingarriak daroezan autobusak babestuz Comunitac enpreseak egindako publizidade-kanpainan. Bilbobusen 24 autobus horreek alboetan eta atzeko aldean eroango ditue lan artistikook datorren domekara arte. Athleticek Kopea irabaziko baleu, barriz, ekimena astebete luzatuko litzateke, hau da, bagilaren 7ra arte.
Bilbobusez gan, ALSA enpreseak be Bilbao Arteko artisten diseinuetako bat erabiliko dau 3 autobus apaintzeko. Autobus horreek, aste honetan, astelehenetik barikura Bilboko eskola garraio ibilbideak egingo ditue, eta zapatuan, maiatzaren 30ean, Errege Kopako finalean lehoiak animetan Bartzelonara joango diran Athleticeko zaleez beteko dira.
Ruth Juan, Ismael Iglesias, Zaloa Ipiña, Juan Carlos Arango, Elisabeth Pérez eta Kepa Peñil dira ekimen honetan parte hartu daben artistak. Toki bateko eta besteko artistok, bakotxak bere estiloan, diseinu berezia sortu dabe datozen egunetan Bilbon zehar errubera gainean ibilteko.
Ruth Juan. 2009tik Bilbon bizi dan Bartzelonako ilustratzailea da. Bilbao Arteko artista egoiliarra izan zan 2013an eta Bilbao la Vieja Espacio de Tolerancia, bere lehenengo liburu irudiduna atondu eban bertan. Junita Markina markearen sortzailea. Liburuetarako irudiak ez eze, umeentzako biniloak, horma-irudi koloretsuak edota irudi grafikoko lanak be egiten ditu.
Ismael Iglesias. Durangon jaioa, Arte Ederretan lizentziatua da. Bilbao Arteko artista egoiliarra izan zan 2000n, 2002an eta 2005ean. Ibilbide artistiko luze-zabala dauka. Bere lana Durangoko Udaletxeko eta IVAMeko (Valentziako Egungo Artearen Institutua) bildumetan edota Kultura Ministerioaren Pariseko Espainia Ikastetxean dago. Banakako edo taldekako hainbat erakusketatan be hartu dau parte.
Zaloa Ipiña bilbotarra, Bilbao Arteko artista egoiliarra izan zan 2012an. Banakako eta taldekako hainbat erakusketatan agertu ditu bere obrak. Zenbait sari be irabazi ditu: Frig Graphia, Nazinoarteko Lehiaketako lehenengo saria (grabadu garaikidearen alorrean gailentzen dagoan saria) eta Donibane Garaziko Gazte Sorkuntza Garaikidearen Itzal Aktiboa Lehiaketako lehenengo saria irabazi ditu.
Juan Carlos Arango Diseinu Grafikoan lizentziatua Pontifize Unibersidade Bolivartarrean. Kolonbiarra da, Bilbon bost urte daroazana. Bilbao Arteko artista egoiliarra izateko bekea eskuratu eban 2013an. Gaur egun ikerkuntza eta sorkuntza arloko doktoretzea egiten dabil Arte Ederretako Leioako fakultadean. 1999tik bere marka dauka (Malk) eta ehungintzan eta horma-irudietan trebea da.
Elisabeth Pérez. Barakaldon jaioa, Bonito Editorial argitaletxeko zuzendaria, autorea eta ilustratzailea da. Argitaletxe hori album irudidunetan eta arte-liburuetan espezializautakoa da. Bizkaia Talent alkarteak aukeratu eban 2011n. Gaur egun, euskal arteari buruzko doktoretzea egiten dago EHUko Arte Ederretako Fakultadean eta Grafika Editoriala dago ikasten Florentziako Diseinu Institutu Europarrean. Bizkaiko Foru Aldundiak bikaintasunari emondako bekea eta Bilboko Arte Ederren Museoko ikerkuntzakoa lortu ditu. Sarri kolaboretan dau Bilbao Artegaz, ilustrazino-tailerrak koordinauta munduko hainbat lekutatik ekarritako hizlariakaz.
Kepa Peñil (Jokeremon) bilbotarra, graffitiak pintetan hasi zan eta holan garatu eban marrazteko estiloa, gero beste diziplina artistiko batzuetan txertatzeko, argazkigintzan, horma-irudietan eta serigrafietan esaterako. Hiru urte emon zituan lanean animazino tradizionalaren munduan (marrazki bizidunak) telebistako Las tres mellizas eta Médico de familia lanetan. Muntaketa eta maketista-lanak egiten ditu Guggenheim Bilbao museoko erakusketetan. Bilbao Arteko artista egoiliarra izan zan 2008an eta 2014an.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!