UEUk prest ditu 43. Udako Ikastaroak

Bizkaie! 2015-05-26 15:04   Kulturea

Eibar, Baiona eta Iruñean izango dira hitzorduak 2015eko bagilaren 29tik garagarrilaren 22ra. Aurten 34 ikastaro eta 6 jardunaldi antolatu ditu UEUk, pasa dan urteko erantzun onari eusteko helburuagaz. Aurtengo leloa Jardun izango da, Udako Ikastaroak lan egin, ikasi eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea dala azpimarratzeko asmoz.

Eibar, Baiona eta Iruñean izango dira hitzorduak 2015eko bagilaren 29tik garagarrilaren 22ra. Aurten 34 ikastaro eta 6 jardunaldi antolatu ditu UEUk, pasa dan urteko erantzun onari eusteko helburuagaz. Aurtengo leloa Jardun izango da, Udako Ikastaroak lan egin, ikasi eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea dala azpimarratzeko asmoz. Iruñean JAKINegaz batera antolatu daben Euskerea, estatugintzea eta nazinogintzearen erdian Jardunaldia be aurkeztu dabe. Dagoeneko matrikulea zabalik dago.

Aurkezpenean Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak; Irati Iciarek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Lorea Agirrek, JAKINeko zuzendariak hartu dabe parte.

Iñaki Alegriak hartu dau lehenengo berbea: Lau hamarkada daroaz UEUk euskerearen eta unibersidadearen alde lanean. Denpora tarte horretan UEUk egindako ekarpena handia izan da: euskerea unibersidade esparruan landu zitekeen apustua egi bihurtzea, euskerazko hiztegi teknikoaren definizinoa, euskal komunidade zientifikoarentzat topagune izatea, proiektu barritzaileak martxan jarteko gaitasuna, unibersidade-mailako testugintzan eta formazinoan egiten dauen lan erreferentziazkoa eta, jakina, Euskal Unibersidadearen aldarria. Orain aitatutako zereginaz gan, ostera, UEUk beteten dauen funtzino garrantzitsuenetako bat azpimarratu nahiko neuke: unibersidade-sistemearen barruan sare euskalduna batzea, hau da, jakintza eta aditu euskaldunen topagune eta akuilu izatea. Argi geratu da izaera hori Ikergazte kongresuan, eta argi geratuko da baita be JAKINegaz batera antolatu dogun jardunaldian be. Udako Ikastaroen plazea be ikasi, eztabaidatu, lan egin eta ideiak trukatzeko foro ezin hobea da, eta bertan parte hartzeko konbita egiten deutsuet.

Irati Iciarek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak berba egin dau ondoren, ikastaroei jagokezan zehetasunak azaltzeko: Jardun leloa aukeratu dogu aurten udako ikastaroetan jenteak aditz honen bi adierak parktikan jarten ditualako, hau da, alde batetik lan egiten dau eta bestetik, berba egiten dau, harremanetan jarzen da... UEU erakunde bizia eta parte-hartzailea da, eraikitzailea. Aurten, gainera, aparteko garrantzia izango dabe jardunaldiek, eta horri be egin nahi izan deutsagu erreferentzia lelo horregaz. 34 ikastaro eta 6 jardunaldi antolatu doguz aurten. 100 ikastaro proposamen jaso doguz eta aukeraketea egitea gatxa izan da, jasotako ideiak oso onak izan diralako.

Izena emoteko epea dagoeneko zabalik dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikulea. Informazinoa eta matrikulea: www.ueu.eus


Euskerea, estatugintzea eta nazinogintzearen erdian jardunaldiak

Lorea Agirrek, JAKINeko zuzendariak, UEUgaz batera antolatu daben Euskerea, estatugintzea eta nazinogintzaren erdian jardunaldiaren argibideak emon ditu. Jardunaldiok Iruñean egingo dira bagilaren 25ean eta 26an.

Agirrek aitatu dau urtebete pasau dala Jakin aldizkariko zuzendaritzea talde barri batek hartu ebanetik; orduko haretan, lau helburu markau zituen:

1. Gizartean bizirik dagozan ardurei, eztabaidei eta gaiei adi egotea, eta horreei Jakinen modu kritiko, eraikitzaile, sakon eta anitz batean leku egitea.

2. Aldizkariaren orrialdeetara ahalik eta artikulugile eta artikulu onenak eta interesgarrienak ekartea, eta artikulu horreek papeletik harago bizia izan eien modua topetea.

3. Eztabaida eta eretxi kontrastea eragitea eta sozializetea.

4. Eta, euskal kulturako erakunde eta ekimenakaz alkarlanean pausu bat gehiago emotea.

Agirreren esanetan, lau helburu horreek bat datoz UEUgaz batera antolatu dogun lehen jardunaldi honetan. Herria, nazinoa, estadua... eta euskereagaz zer? jarri deutsagu izenburua. Igarri dogu, azkenaldian, eztabaida hori badabilela, eretxi eta jarrera kontrajarriak badirala, eta horregaitik Jakinen hurrengo zenbakira (15 egun barrukora) ekarri dogu zortzi artikuluren bitartez. Papelean argitara emongo dogun eztabaida hori gizartean jardunaldion bitartez zabalduko dogu, UEUgaz alkarlanaren bidea edegiz. Jakinentzat oso garrantzitsua da jardunaldi hau, eta mimo handiz antolatu dogu. Bihotzez eskertzen deutsagu UEUri gure proposamenari egin deutson harrera abegikorra. Benetan erraza izan da alkarlana.

Jardunaldi horreetako sarrera berbaldia Joxe Azurmendik emongo dau. Eta bere atzetik etorriko dira Alaitz Aizpuru, Mario Zubiaga, Xan Aire, Koldo Izagirre, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba, Joxe Manuel Odriozola, Eduardo Apodaka, Idurre Eskisabel, Gaizka Aranguren, Iñaki Martinez de Luna eta Andoni Olariaga. 13 aditu, zortzi ponentzia eta bi mahai-ingururen bitartez, eretxi eta jakintza trukea egingo dabenak.

Baina ez eurek bakarrik, bertaratzen diran guztien artean gaia aztertu eta eztabaidatzeko modua be egingo dala azaldu dau JAKINeko zuzendariak.

Eta amaierea, sormen lan batek, irakurketa dramatizatu batek, emongo deutso, Metrokoadroka kolektiboaren eskutik (Oier Guillan eta Amaia Corral).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu