Peru Abarrategi nagusi Arabako Bertso-eskolartekoan
2015-05-25 13:06 BertsolaritzeaEpaimahaiak, holan erabagita, Peru Abarrategik irabazi eban finala. Hemendik aurrera, edizino batetik bestera, eskuz esku pasauko dan saria jaso eban. Gasteizko Peru Amorrortu bigarren postuan sailkatu zan. Biak izango dira Orion bagilaren 27an jokatuko dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak.
Joandako zapatuan, Kanpezun amaitu zan aurtengo Arabako Bertso-eskolartekoa, topaketa eta gazteen finalagaz, egun borobila izan zan. Bertsotan, oholtza gainean goizean, eta plazan arratsaldean. Peru Abarrategik irabazi eban.
Maiatzaren 8an emon jakon hasierea Arabako Bertso-eskolartekoari eta bitarte honetan hiru kanporaketa izan dira bi edade tartetan, 14tik beherakoak, eta 14 eta 18 urte bitartekoak; bi modalidadetan, bertso jarriak eta bat-batean. Topaketak Gasteizen, Zalduondon eta Aramaion egin dira, danetara Gorbeialdeko, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeko ume eta gazteak ibili diralarik. Danetara 60 bat ume eta gazte ibili dira aurtengo edizinoan.
Aldez aurreko beroketa lan horreek merezidu lako amaierako jaia izan eben zapatuan, Kanpezun, bertaratutako ume eta gaztetxuen, bertsozaleen, bertso-eskoletako lagunen eta etxekoen gozagarri.
Bertso sortek edegi eben goizeko Kanpezuko kultur etxean hasi zan bertsoaldia. Kanpezuko bertso-eskolako txikiak izan ziran lehenak oholtzara igoten, eta ederto biztu eben giroa. Horreen ondoren, Aramaioko bertso-eskolakoek parodia ederra eskaini eben.
Irribarrea ahoan oholtzaratu ziran Markel Yoller, Irati Ruiz de Pinedo, Peru Abarrategi, Unai Etxenausia, Peru Amorrortu eta Unai Argote. Irribarrez baina bertsotan euren onena emoteko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ukitu ederrakaz eskaini euskuezan. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osotu eben ofizioka. Ondoren bakarkakoen txandea heldu zan, puntuari erantzun eta berbeari bertso bat bota beharra. Entzulek gogoz txalotu eben sei bertsolarien ahalegina eta ale ederrak entzuteko aukerea izan eben bertaratutako guztiek.
Epaimahaiak, holan erabagita, Peru Abarrategik irabazi eban finala. Hemendik aurrera, edizino batetik bestera, eskuz esku pasauko dan saria jaso eban. Gasteizko Peru Amorrortu bigarren postuan sailkatu zan. Biak izango dira Orion bagilaren 27an jokatuko dan Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta ume guztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.
Bat-bateko saioa amaituta, eguraldi ona lagun, kalejiran abiatu ziran ume, gazte eta gurasoak. Alboka, pandero eta puntuau bako bertsoek hartu eben kalea. Herriko plazan herri bazkari goxoa izan eben eskerroneko sari. Bazkalostean bertso-showak eskaini zituen Kanpezuko eta Aramaioko bertso-eskoletako gazteek. Egunari amaiera bikaina emoteko, jantzaldia izan zan plazan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!