Iokin Elortza: 'Gure lehenengo rock diskoa da 'Ezpalak'. Pop kutsua egon leike, baina rocka da oinarri'
2015-05-25 11:43 BarriketanSeiurte taldeko abeslaria
Seiurte talde berriztarrak Ezpalak seigarren diskoa argitaratu dau oraintsu, eta jentaurrean zuzenean aurkezten dabil azkenengo asteotan. Eguenean, hilaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian joko dabe, 20:30ean. Bireagaz gustura dago taldea, hobetuz joan da Tolosako Bonberenean hasi ebenetik. Inoiz baino rockeroago datoz Iñaki Elortza, Ekain Elortza, Julen Oarbeaskoa eta Iokin Elortza, inoiz baino indartsuago.
1.- Disko barria aurkezteko birea aurrera doa, bost bat kontzertu, zelan zabilzie?
Sentsazino oso onak daukaguz. Lehengoan Facebooken ipini genduan lez, in crescendo doa birea. Lehenengo kontzertuetan beti egoten zara hotz edo, abesti barriak dira, motorrak berotu barik dagoz. Gero eta hobeto ikusten dogu gure burua, eta jentearen erantzuna be gero eta hobea da.
2.- Eguenean Bilboko Kafe Antzokian emongo dozue azkenengo zuzenekoa, badaukazue beste hitzordurik?
Baten bat badaukagu, baina guztiz itxi barik dago. Momentuz, hobeto ezer ez esan. Udan ez dogu askorik joten, baina deitzen deuskuen lekura joango gara. Gero, udagoienean, areto eta gaztetxeetan hasiko gara mobiduten barriro.
3.- Ezpalak izenburua metafora bat da, telebisinoan aizkolariak ikusten otu jatzuen, ezta?
Telebisinoan aizkolariak ikusten gengozan, ezpalak behearen ganera zelan jausten ziran begiratuten... Ezpalak enborretik askatzen dira, eta gero ezin daitekez barriro enborraren zati izan, euren izaera propioa daukie. Hortik abesti bat urten zan. Bizitzan, azken baten, ezpalak askatzen goaz, etapak amaitzen. Behin abestia amaituta, metafora polita begitandu jakun disko osoari zentzuna eta osotasuna emoteko.
Enborra izan daiteke Seiurte taldea, eta ezpalak, gure abestiak, gure diskoak. Kantak eta diskoak askatzen doguzanean, ez dira geureak bakarrik, jentearen parte dira. Holan hasi ginan filosofeetan...
4.- Ezpal nahikotxu itxi ditu han eta hemen Seiurtek, izan be laster hogei urte beteko ditu taldeak.
Datorren urtean beteko doguz 20 urte. Diskoan bertan idatzi dogun lez: Bidean ezpalak galtzen jarraitzen espero dogu, hori da bizitza azken finean. Holan izan dira 19 urteak, diskoak eta kantak ateraten ibili gara, askatzen. Eta holan segidutea gura dogu.
5.- Eta Seiurteko kideak asko aldatu dira urteotan?
Zahartzea lez izan da, norberak ez dau igarten argazki zaharrak ikusi arte. Seguru orain hamar urteko disko bat edo zuzeneko bat ikusi ezkero, aldaketeaz konturatuko ginala, baina ez gara guztiz kontziente edo. Konturatzen gara, bai, urteekaz nahi dogunetik hurrago gagozala beti, soinu aldetik hobeto gabilzala, hobeto abesten dogula. Urteak norberak gura izan barik be aurrera doaz, eta behintzat aprobetxau daiguzan, hobetzeko eta gauzak ikasteko izan daitezela.
6.- Hainbeste urteren ostean gauza barriak egitea ez da erraza izango.
Norbera be ez da orain hamar urte modukoa, zentzu guztietan, musikeari jagokonez, be bai. Gustuak aldatzen doaz, izaera artistikoa be aldatu egiten da, eta beti daukazu gogoa orduan bizi dozun egoera artistikoa erakusteko: Orain hau naz, hau daukat gogoan, eta hauxe adierazo nahi dot. Eta hemendik hiru-lau urtera beste musika edo talde bat izango dot gustuko, nire izaerea eta gustuak aldatuko dira, eta gauza barriak egin nahi izango dodaz. Garapen bat da.
7.- Eta garapen horretan, ze gauza barri dakarz Seiurteren lan barriak?
Gure lehenengo rock diskoa da. Orain arte popa eta rocka buztartu doguz, gure bilakaeran rockak gero eta pisu handiagoa hartu dau. Pop kutsua egon leike, baina rocka da oinarri. Horrezaz aparte, soinu aldetik lan handia egin dogu, oraingoan produktore bategaz egin dogu behar, Eñaut Gaztañagagaz. Abestiei soinu propioa emon deutsie, programazinoak sartu ditu, tekladuak, eta abestiek asko-asko irabazi dabe. Hori aurrerapauso nabarmena izan da.
8.- Orain arte, beraz, zeuok egin dozue produkzinoa?
Bai, orain arte dana egin dogu gure kontu. Aspalditik gogoa geunkan produktore bat eukiteko, baina orain arte ez dogu egin. Eñaut aukeratu genduan aurretik be ezagutzen dogulako, eta emoitzeagaz oso pozik gagoz. Kanpoko persona baten laguntzea eukiteak, eta zure kantetan eskua sartzeak, aberastu egiten dau abestia. Lanean zagozanean, ekin eta ekin, gauzei bueltak emon eta emon, kantea modu baten ikusten dozu, ez zara kapaz beste modu batera ikusteko; eta halako baten, badator kanpotik bete persona bat, fresko dagoana, eta entzun eta segiduan konturatzen da zer egin behar dan hobetzeko.
9.- Diskoak 8 kanta, 30 minutu ditu. Laburra urten jatzue oraingoan, ezta?
Orain arte gure diskoek hamar-hamaika kanta euki izan ditue. Hau laburragoa egitea erabagi genduan, alde batetik, arinago egiteko, denporea behar dogulako disko bat egiteko; eta beste alde batetik, entzuleekaitik, gaur egun ez diralako disko osoak entzuten sarritan, abesti solteak baino. Baina, ezuste polita euki dogu; izan be, jente askok esan deusku labur egiten jakola, eskertuko leukezala beste pare bat kanta. Holango gauzak entzutea gauza polita da.
10.- Zuzenekoetan disko osoa joteko aukerea daukazue holan.
Bai, baina oraindino ez dogu oso-osorik jo, kanta bat ez dogu sartu momentuz, baina egingo dogu, bai.
11.- Kanta gitxiago bai, baina indar gitxiagorik behintzat ez da igarten abestietan.
Kanta gitxiago egin doguz, baina betiko beste indar erabili dogu, beraz disko honetan indar gehiago dago. Lan eta indar bera, baina kanta gitxiago: emoitza hobea.
12.- Zuk zeuk idatzi dozuz kanta guztiak. Lar positiboak ez dira ba, Profit singleak munduaren amaieraz egiten dau berba.
Idazten ipintzen nazanean beti egiten jat errazago alde ilunetan sartzea. Gauza polit eta alaiei buruz idaztea gehiago kostetan jat, niri bai behintzat. Holan da, holan da urteten jat niri, zer egingo deutsagu ba! Barrutik urteten dana idazten dot. Gatxa egiten da esatea, gaur ze egun polita dago, ze pozik nagoan; errazagoa da, gaur egun iluna dago, makal nago, petral, eta hau pasau jat. Dana dala, nik uste dot nahiko orokorra dala hori. Egun ona daukazunean gozau egiten dozu egunaz, berez dauka gauza ona, ez dozu aldarrikatu beharrik.
13.- Zeure bizipenak dira beraz nagusi kantetan?
Beti ipinten dira norbere bizipenak, norbere burutapenak, barruan daukazun hori. Kanta personalak dagoz, edonor identifikau leike eurekaz. Ezpalak kantan agiri da zelan bizimodua dan ezpalak askatzen joatea. Txernobil-en, hondamendi nuklearra norbere mundura ekarfri dot, danok bizi izan dogu geure bizitzan holango zeozer. Kanta sozialagoak be badagoz, ez hain personalak, Bandera zuria, berbarako.
14.- Euskal Herriko eszenan nekez topetan dozue zuentzako lekua, irla baten lez zagoziela esan izan dozue.
Beti izan da holan; gu euskal musika eszenaren parte gara, baina beste estilo batzuk nabarmendu dira, bere sasoian metala, gaur egun punk-rocka edo ska. Power pop edo indie pop horretan ez da inoiz hemen talde askorik egon, beti egon gara umezurtz. Antolatzaileek ez dabe gurea lako musika estiloa askorik kontutan hartzen, azken baten jaietan ska musikea edo punk-rocka gura badozu, hainbat talde dagoz aukeran. Ostera, gure moduko taldeekaz kontzertu bat antolatu nahi izan ezkero, ba ez da hain erraza.
15.- Euskal Herrian ezeze, kanpoan be ibilten zarien. Disko honegaz be kanpora jateko asmorik?
Beti ahalegintzen gara kanpora urteten, normalean Galizia, Madril eta Katalunia aldera. Erantzuna beti izan da polita, begi goaz ez dakigula zelan urtengo da, baina erantzuna beti izan da primerako. Uda ostean hasiko gara kontzertu horreek antolatzen.
16.- Musikariak baino musikazaleak zariela esan dozue. Zer musika entzuten dau Seiurtek gaur egun?
Danetarik entzuten dogu, ez dogu estilo bakar bat edo jatorri bakarreko musikarik entzuten. Euskal musika asko entzuten dogu, gure hurreko eszena dalako, kontzertu askotara joaten gara, jaialdietara be bai kanpoko taldeak eta ikustera. Etxean baino kontzertueta entzuten dogu musikea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!