Euskal Herriko Eskolarteko finala egitarau ederragaz dator

Bizkaie! 2015-05-21 15:33   Bertsolaritzea

Bagilaren 27an egingo da Orioko frontoian Eskolarteko finala, lurralde bakotxeko bina ordezkarigaz, txapelduna eta txapeldunordeagaz, hain zuzen be. Goizeko 11:00etatik hasita egun osoko festa dago antolatuta.

Bagilaren 27an egingo da Orioko frontoian Eskolarteko finala, lurralde bakotxeko bina ordezkarigaz, txapelduna eta txapeldunordeagaz, hain zuzen be. Goizeko 11:00etatik hasita egun osoko festa dago antolatuta.

Eskolartekoa hor dabil herrialdeetan bidea egiten: Gipuzkoan eta Nafarroan finalak jokatu ziran oraintsu. Arabakoa zapatu honetan, maiatzaren 23an izango da Kanpezun, eta bagilaren 6an etorriko dira Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako eta Bizkaiko Bertso Eskolen Egunak.

Saioa Maialen Lujanbiok aurkeztuko dau. Sustrai Colinak jantziko deutso aurten sarituari txapela. Eskolartekoa praka laburretan ezagutu ebaneko garaiak gogoan ditu Sustraik, eta esan dauenez gogotsu dago Orion Euskal Herriko bertsolari gazteak entzuteko: Etorkizuneko bertsolariak entzutera doa jentea, baina gaur egunekoak entzutera nator ni. Transmisinoa eta bat-bateko bertsoa beti dira orain eta hemen.  

Finaleko saioaren ostean bazkaria izango da plazan, bertako produktu ekologikoakaz egina, Euskal Herriko Nekazaritza eta Produktore Ekologikoen Kontseiluaz alkarlanean.          

Eta bazkalostean be izango da jai ederrik: Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsotan, librean entzuteko aukerea izango da. Ondoren, Keshala eta Bi Bala taldeek emongo deutsie amaierea egunari. Bi musika taldeetako partaideek be ondo ezagutzen dabe Eskolartekoa. Keshala taldeko Malen Amenabar, Kattalin Barcena, Leire Amenabar eta Arrate Gazteluk gaztetxutan kantau izan dabe Eskolartekoan, eta sortzen dan giroa gustuko dabela nabarmendu deuskue: bertso, errima, kantu, jantza, festa… sekretu bakotxa ezagutzeko tokia da. Bi Bala taldeko Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga be tiro ederrak botatakoak dira Eskolartekoan, eta euren zigilua dan trajea okasino honetarako janzteak mereziduko dauela esan deusku Gurrutxagak: sortu, entzun eta gozau; lagun zaharrakaz batu eta barriak egin... Dana Orion, ba al da leku hoberik?.

Bazkaritarako sarrerak eta kamiseta koloretsuak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus atarian. Herrialdeetatik autobusak jarriko dira bertara; bertso-eskola edo talderen batek autobusa hartu nahi badau, jar daitela harremanetan bere herrialdeko Bertsozale Alkarteagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu