Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa ezagutarazotea helburu, 'Euskara ibiltaria' erakusketea atondu dabe Beasainen
2015-05-20 17:54 KultureaEuskaltzaindiaren Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutzera emoteko helburua dauka maiatzaren 28an Beasaingo Igartza Jauregian zabalduko dan erakusketeak. Euskara ibiltaria da bere izena eta Euskaltzaindiak, Beasaingo Udalak eta hasieratik egitasmoa babestu dauen Laboral Kutxak antolatu dabe. Bagilaren 5era arte egongo da zabalik.
Euskaltzaindiaren Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutzera emoteko helburua dauka maiatzaren 28an Beasaingo Igartza Jauregian zabalduko dan erakusketeak. Euskara ibiltaria da bere izena eta Euskaltzaindiak, Beasaingo Udalak eta hasieratik egitasmoa babestu dauen Laboral Kutxak antolatu dabe. Bagilaren 5era arte egongo da zabalik.
Maiatzaren 28an, erakusketeak inaugurazino bikotxa izango dau: goizean, Beasaingo ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo da; arratsaldean, barriz, inaugurazino ekitaldi nagusia egingo da. Goizean, Beasaingo ikasleak izango dira konbidau nagusiak; Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek berbaldi didaktiko bana eskainiko deutseez ikasleei, goizeko 10:00etan eta 11:15ean, eta bisita gidatuak be egingo ditue.
Arratsaldean, 18:00etan, erakusketearen inaugurazio ofiziala egingo da. Horren ondoren, 19:00etan, ekitaldi nagusia izango da. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak parte hartuko dabe, eta eurekaz batera Laboral Kutxaren eta Beasaingo Udalaren ordezkari bana izango dira.
Lehenengo sei liburukiak kalean
Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Egitasmoa 1984an jarri zan abian, galdeketa puntuen sarea, galdera multzoa eta lan metodologia finkatu ziralarik. Galdera multzo horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen ditu: lexikoa, fonetikea, morfologia eta sintaxia.
Orain arte EHHAren 6 liburuki kaleratu dira. Lehenengo laurak Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) dagoz konsultagai. Horrezaz gan, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke osorik; eta bestetik, lekukoek emondako erantzunak entzun be egin daitekez.
2010ean kaleratu ziran I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: insektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, edurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziran esparruak hiru dira: denpora kronologikoa, topografia eta landaretzearen lehen atala. Denporearenean, esaterako: astearen egunak, hilebeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakotxaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denpora-unidadeak be.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizinoko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziran: batetik, lurra, euskal gizakia bizi dan lurra; lur horretan erne diran bedar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez emoten dituan uztak; eta bestetik, euskal gizakiargaz belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diran animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari batu eta landu ziran, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Holan, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txarriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia eban ardatz eta parterik handiena deklinabideak hartu eban.
Argitaratu den azken liburukiak, seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso eban; gehien erabilten diran aditzaren forma jokatuak aztertu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!