Laura Mintegik eta Iban Zalduak euskeraz idatzitako literaturearen erronkak aztertuko ditue Bilbon
2015-05-18 15:48 KultureaBidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Laura Mintegi eta Iban Zaldua idazleen barriketaldia jasoko dau datorren martitzenean, maiatzaren 19an. Bertan, euskeraz idatzitako literaturearen erronken ganean berba egingo dabe. Topaketea euskeraz izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera –sarrerea librea– eta Pili Kaltzada kazetariak gidatuko dau.
Bidebarrieta Kulturgunearen ekimenak, Laura Mintegi eta Iban Zaldua idazleen barriketaldia jasoko dau datorren martitzenean, maiatzaren 19an. Bertan, euskeraz idatzitako literaturearen erronken ganean berba egingo dabe. Topaketea euskeraz izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera –sarrerea librea– eta Pili Kaltzada kazetariak gidatuko dau.
Erronkak Euskal Literaturan izenburupean, bi idazleek egungo panorameari buruz dituen ideiak azalduko ditue, eta euskeraz idatzitako sorkuntza lanen etorkizuna aztertuko dabe. Holan, euskeraz idatzitako literaturea erabat garatuta eta osasun onez egongo dan eszenatokira heltzeko egin beharreko bideari buruzko gogoetea be egingo dabe.
Euskaldunbarri 17 urte zituanetik, Laura Mintegi (Lizarra, 1955) 20 urte inguru zituanean hasi zan idazten Bilbon. Uri honetan ezarri eban bere bizilekua eta bertan topau zituan literaturearen munduko erreferentzia nagusiak. Euskera eta Literatura irakaslea EHU-n 1981etik, Anaitasuna aldizkarian ibili zan beharrean, eta Ttua-ttua literatur aldizkaria sortu eban. 1983an, Ilusioaren ordaina ipuin bildumea argitaratu eban. 1985eko Resurrección María Azkue saria irabazitako Bai… baina ez eleberria argitaratu eban 1986an, eta horren ondoren Legez kanpo eta Nerea eta biok etorri ziran. 2001ean, Sisifo maite minez (Txalaparta) eleberria argitaratu eban.
Iban Zalduari jagokonez (Donostia, 1966) Historia ikasi eban EHU-n, eta gaur egun Ekonomiaren Historia irakaslea da. Bere lanetan ipuina, eleberria eta kritikea landu ditu, baina beste ezeren gainetik, gehien gustetan jakon generoa ipuina da. 90eko hamarkadearen amaieratik Zalduak lan zabala eta esanguratsua egin dau, euskeraz zein gaztelaniaz idatziz, ipuinak batez be. Kontakizun laburren atalean euskal letrek gaur egun daben egile garrantzitsuenetakoa da. Bere bildumek egungo narrazinogintza laburraren elementu esanguratsuenak batzen ditue eta, horrezaz gan, generoaren defendatzaile eta bultzatzaile handia da.
Bederatzigarren edizinoa
2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 plagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturearen zabalkunderako eta gizarte eta zientzia ezagupenerako gunea da.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!