2015eko Bilboko Aste Nagusia iragarriko dauen kartelaren lehiaketarako epea zabalik dago

Bizkaie! 2015-05-18 15:02   Kulturea

Lanak aurkezteko azken eguna bagilaren 12a da, 13:30era arte. Aurkezteko lekua: Jaietako Saila (Venezuela Plaza, 2, 5.a 48001 Bilbo) 09:00etatik 13:30era. Informazino gehiago: 94 420 31 47.

Bilboko Udaleko Jaietako Batzordeari eta herritarrei Aste Nagusiko kartela aukeratzeko aukerea emongo deutsen kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago. Kartel honek uriburuko Aste Nagusia irudikatuko dau eta gure kale, eraikin, taberna eta dendetan ikusgai egongo da. Lanak aurkezteko azken eguna bagilaren 12a da, 13:30era arte. Aurkezteko lekua: Jaietako Saila (Venezuela Plaza, 2, 5.a 48001 Bilbo) 09:00etatik 13:30era. Informazino gehiago: 94 420 31 47.


Baldintzak

Aurten Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazinoarteko Sari Nagusiaren XXV. edizinoa beteko denez, epaimahaiak balorazino berezia emongo deutse urteurren hori agertzen daben kartelei; edozelan be, gaia, kolorea eta teknikea libreak izango dira. Egile bakotxak lan bi aurkeztu ahal izango ditu gehienez be. Kartela 70 zm. x 50 zm. neurrikoa izango da (ez-etzana). Luma-kartoi gainean eta kristalik barik aurkeztu behar da nahitaez, CD batean hiru digitalizazino, bata 200 kb-ko JPGa, bestea Mb1-eko JPGa eta azken inpresinoaren neurriko erresoluzino altuko PDF bat.

Obrak originalak eta inoiz argitaratu bakoak izango dira eta testuan honako testua agertu behar da: Bilbao 2015 - Aste Nagusia - Abuztuak 22 - 30.

Lanak goiburuagaz eta egilearen sinadurarik barik aurkeztu beharko dira. Goiburu bera daroan gutunazal zarratu batean egilea nor dan jakiteko datuak adierazoko dira, curriculum laburra, telefono zenbakia eta NANaren zenbakia be bai.

Lehiaketearen irabazleak 3.000 € euro jasoko ditu. Baina saririk emon barik be itxi daiteke, aurkeztutako kartelek behar ainako kalidaderik ez badaukie. Kasu horretan, epaimahaiak uriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango deutso kartela egiteko.

Kartelak teknika aldetik tonalidade-aldaketaren bat beharko baleu hobeto inprimiduteko, edo Aste Nagusiko daten akatsak edota ortografiari buruzkoak balegoz, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egilearen baimenagaz.

Epaimahaia Jaietako Batzordeak izentauko dau eta 6 kide izango ditu. Horreetako batek arte eta publizidade alorrakaz zerikusia izango dau, beste bat konpartsen ordezkaria izango da, beste batek kultureagaz eta gizarteagaz zerikusia izango dau eta hiru Udalbatzaren ordezkariak izango dira, Jaietako batzordeburua barne. Epaimahaiak lehiaketatik kanpo itxi leikez lanak: Egilea nor dan dudea dagoanean; personen duintasunaren kontra doazenean; beste obra batzuen plagiotzat hartzen dituenak eta plagiotzat jo ez arren beste obra batzuetan inspirautakoak izanik eta hareekaz dituen bardintasunez epaimahaia jaubeturik, originaltasunik ez dabela erabagitzen dauenean; eta herri-botazinoa hasi ondoren ixten bada lanen bat lehiaketatik kanpo, botazinoak jarraitu egingo dau ganerako finalistakaz.

Epaimahaiaren eskumenak bere horretan itxita, herri-botazinoa egiteko epearen barruan aurkezten diran kexak edo erreklamazinoak baino ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiaren erabagia apelauezina izango da. Halan da be, epaimahaiak erabagia berriro aztertu ahal izango dau eta baliorik barik itxi aurreko puntuko gorabeheraren bat gertatzen denean.

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu, eta erabakitzear dagoan leku batean eta udalaren webgunean jarriko ditu ikusgai; ondoren, herritarrek parte hartzeko aldia edegiko da eta ondoko aukerak egongo dira botoa emoteko: Behar dan tokira joanda; Udalaren webgunean; eta lehiaketan laguntzaileak diran hedabideen bidez.

Herritarrek aitatutako moduetako batean botoa emonda, puntuazinoaren % 75 aterako da; hain zuzen, bide horreetako bakotxean % 25 lortuko da. Ganerako % 25 epaimahaiak emongo dau botazinoa eginda. Esangura horretan, herritarrek parte hartzeko aldia zein botazinoaren prozedurea behar dan momentuan eta moduan iragarriko dira.

Aurkezten diran lan guztiek behar bezela kudeatuta euki behar ditue kartelean agiri diran argazki, marrazki edo baliabide grafikoen erabilera-eskubideak, horreek irudien bankuetatik hartu diranean edo egilearenak ez diranean. Bilboko Udalak ez dau beregan hartuko hirugarren batzuk aitatuta aurkezten diran lanen edukiaren ondoriozko erreklamazinoen erantzukizunik.

Bilboko Udalak kartel irabazlearen jaubetza ez eze, jentaurreko komunikazinorako, kopietako eta banatzeko eskubideak be eskuratuko ditu; eskubide horreek Udalarenak baino ez dira izango.

Lanak ikusgai jarri ahal izango dira Barrainkuako Kultur Etxean –Barrainkua kalea, 5 (abuztuaren 3tik 28ra). Espazio kontua dala-eta, epaimahaiak erabagiko dau zeintzuk erakutsiko diran, kartelen kalidade artistikoa kontuan hartuta. Sei kartel finalistak aukeratu eta 2015eko irailaren 30era arte ikusgai jarteko eta eurei zabalkundea emoteko eskubidea izango dau Udalak. Epe horretan eskubideak doban eta berari bakarrik laga jakozala ulertuko da obren erakusketea amaitu arte.

Jaietako Sailean jaso ahal izango dira saria irabazi ez daben lanak, 2015ko irailaren 1etik irailaren 30era bitartean, 09:00etatik 13:30era. Hortik aurrera, Udalak erabagiko dau bere kabuz zer egin jaso ez direnakaz. Udalak ez dau beregan hartuko aurkeztutako lanek garraiatzean, manipulaukeran, ikusgai jartean, biltegian gordekeran edota antzekoetan izan leikiezan kalteen erantzukizunik.

Lehiaketan parte hartzeak baldintza guzti-guztiak onartu dirala esan nahi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu