Elena Lopez Aguirre: 'Liburuko emakumeek errekonozimendua behar eta merezidu dabe'

Koldo Isusi Zuazo 2015-05-18 11:01   Barriketan

Kazetaria eta idazlea

Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar liburua idatzi dau Elena Lopez Aguirrek Aianai alkarte kulturalaren eta Baga Biga diskoetxearen eskutik. Euskal Herriko musikeagaz loturea izan daben 25 emakumeri egindako alkarrizketa biografikoek osotzen dabe Neskatxa maite. Liburuan, besteak beste, abeslariak, musikariak, musika irakasleak, managerrak, programatzaileak, argazkilariak, dj-ak, kazetariak, musikagileak, fanzine egileak, abesbatza kideak, diskoetxetako arduradunak, produktoreak zein jarraitzaileak agiri dira.

Gasteizko kazetari honek orain arte Euskal Herriko rockaren ganeko lanik osotuena argitaratu eban 2011n, Historia del rock vasco. Musikazalea izan da beti Lopez Aguirre eta 80ko hamarkadan Potato taldeko gitarra-jolea izan zan. Egin egunkariko Bat, Bi, Hiru musika gehigarrian, El Tubo aldizkarian eta beste hainbat hedabidetan idatzi izan dau. Horrezaz gan, Hertzainak, la confesión radical; Del txistu a la telecaster, crónica del rock vasco eta Potato reggae banda, la utopía de una Euskadi Tropical liburuak be argitaratu ditu.


1.-  Liburuan gure musikan eragin arren autorpen eskasa jaso daben 25 emakumeren testigantzak jaso dozuz. Hori izan da motibazino nagusia?

25 horreen artean badira autorpen handia edo beste batzuk baino handiagoa jaso daben emakumeak, gitxiago jaso dabenak eta anonimatuan geratu diranak be bai. Baina horrek ez dau esan gura ekintzaileak edo protagonista izan ez diranik. Horreek danek errekonozimendua behar eta merezidu dabe eta hori izan da liburua idazteko motibazino nagusia. Ordena kronologikoan, lehenengoa Arantxa Gurmendi da (Ez Dok Amairu, Biurriak), donostiarra, Goenkale telesailean aktore lanak egindakoa eta arlo horretan autorpen handia jasotakoa baina niri gehien interesetan jatana da aktore lanari ekin aurretik Ez Dok Amairuko neska rockerea izan zala; ahizteagaz batera, Biurriak taldeko kide moduan, 60. hamarkadan, Zergaitik ez dogu rocka euskeraz egingo aldarrikatu eban eta bazterrak harrotu zituan. Ahaztu ez daitezan, era horretako detaileak edo pasadizoak dira niri interesetan jatazanak.

Elene Sustatxa eta Elena Bezanillaren (Sebastopoleko Titiriteroak, Triki Punk) kasua be deigarria da, izan be, Antxon Etxebarriagaz batera Sebastopoleko Titiriteroak taldea sortu eben eta hori nahikoa meritu izanda, aurrerago trikitiaren mundua hankaz gora jarri eta aitzindariak izan ziran tradizinoa gaur arora ekarri eta moldatzen, hor dago Triki Punkaren abiaburua. Detailetxu hori zan nik ezagutzera emon gura nebana.


2.- Liburua ez da sasoi zehatz baten kronikea, izan be, 25 emakumeen artean, 30 urtetik gorako aldeak dagoz. Zeintzuk izan dira aukeraketarako erispideak? Kanpoan geratu al da alkarrizketarik? Zergaitik?

Kronika liburua egitea ez da izan nire asmoa. Dinozun lez, ordena kronologikoan lehenengoa Arantxa Gurmendi da, 1944an jaiotakoa eta Ana Isabel Bravo (EMM Dulantzi, Txiki Txiki Big Band) zerrendan, azkena, 1978koa da, hortxe dozu 34 urteko aldea. Ganerakoan, hautagaien aukeraketea da nik egin dodana, ikertzen eta aztertzen denpora asko emon ostean, argi neukan nortzuk sartu gura nituan. Aukeratzeko erispidea izan daiteke, burrukalariak, behargin porrokatuak izan arren, errekonozimendu eskasa izatea edo ahaztuta, anonimatuan egotea nik nabarmendu gure nituan arloetan.

Kanpoan inor itxi ete dodan, baietz esan beharko neuke, Amaia Montero, Aurora Beltran eta izen gehiago ez deutsut botako baina horreek ez dagoz inondik inora ahaztuta, musika arloan ibilbide luze eta emonkorra dabe eta oraindino be aktibo dagoz.


3.- Orain 4 urte 656 orrialdeko liburua argitaratu zenduan: Historia del rock vasco: edozein herriko jaixetan eta hor kapitulu oso bat dago emakumeek egindako rockari eskainitakoa. Oraingo Neskatxa maite haren jarraipena da?

Ez. Ez daukie bape zerikusirik. Historia del rock vasco lan potoloa izan zan, data, titulu, izen eta detaile guztiakaz, euskal musikearen vademecum modukoa izan zan. Orain, barriz, gauza personalagoa egin gura izan dot eta orain arte argitaratu dodazan liburuen artean, personalena dala uste dot. Hogeita bost emakume sakon alkarrizketatu eta horreen biografiatako atalik izkutuenak, ahaztuenak, errekonozimendu txikiena izan dabenak nabarmendu dodaz, neure egin eta lehen personan idatzi dot.

Liburua idazteko indarra emon eustana, Tori Amosek alkarrizketea batean esandakoa izan zan: emakumeek euren burua gitxiesteko daben gaitasuna da gehien harritzen nauena. Horrek ziztadea emon eustan eta liburua egiteko indarra be bai.


4.- Emakume musikariez gan, managerrak, programatzaileak, argazkilariak, kazetariak, fanzine egileak, diskoetxetako arduradunak eta abar be protagonista dira liburuan eta arlo horreetan Internetek ekarri dauen iraultzeak eta krisiak goitik behera aldatu dabe egungo panoramea. Nora goaz? Etorkizunak zer ekarriko dau?

Nork jakin. Liburuko emakumeei ez deutset galdera gatxik egin ze kazetaria naz eta badakit holako galdera potoloak eta ohikoak izaten dirala baina kasu honetan erantzuna ez da erraza. Orain arte gauza batzuk ikusi doguz, gaur egun askoz informazino gehiago dago eta berbarako, 80. hamarkadan, Muskaria aldizkariaren sasoian, nork pentsauko eban gaur egun pilo bat blog, Badok zein Emarock moduko atariak eta izango genduzala. Sasoiko egunkari-zatiak ebagi eta ondo gordeta euki doguz oraintsura arte eta gaur egun, barriz, holakorik ez da behar Interneten dana dagoalako eta digitalean gordetako moduak be ugari diralako.


5.- Oso oker ez banago Catherine Marchand Plum (La Xeta Pasote, Toxikas) liburuko atzerritar bakarra da. Bere ibilbide edo jardunaz zer nabarmenduko zeunke?

Bai. Frantsesa da, frantsez gazteiztartua, abenturazale amorratua, 16 urtegaz joan zan etxetik eta Gasteizera heldu zanean, 10 bat urte eroiazan Europa osoan zehar bueltaka, egunean-egunean biziten, kalean biziten, Pariseko metroan saxoa joten, komunatan be egon zan, beti punkaren espirituari jarraituz eta zirkuan hasi bazan be, danetarik egin dau gero, antzerkia eta musikea gehienbat. Latirili antzerki taldea sortu eban Gasteizen eta oso emonkorra izan zan taldearen ibilbidea; musika arloan be bete-betean sartu eta La Xeta Pasote eta Toxikas taldeak sortu zituan, lehen talde hori Vulpeseko Mamen Rodrigogaz, Hertzainak taldeko saxofoi-jole izandakoaren alaba Marta Aldama, Pleyade taldeko bateria izandakoagaz eta Belen Nevadogaz batera. Sano probokatzaileak ziran, punkaren eta cabaretaren buztarketea egiten eben eta bazterrak harrotu zituen. Nire ustez, Gasteizek eta euskal kultureak errekonozimendua zor eutsen Catherine Marchandi eta hori izan da nire asmoa alkarrizketea eginez.


6.- Hogeita bost alkarrizketa horreetatik bateren bat nabarmenduko zeunke?

Danakaz ikasi dot pilo bat, liburu hau egin ostean, persona lez hazi egin nazela esango neuke. Film on bat ikusi edo liburu on bat irakurri ostean luzaroan geratzen jatzun sentsazino hori euki dot liburu honegaz. Liburuko danak ez nituan ezagutzen baina nire intuizinoak balio izan dauela uste dot. Hau esanda, asko gustau jatan emakume bat Irantzu Silva (Laket, M-ak) izan da, 80. hamarkadearen hasieran Laket taldean parte hartu eban, Kaki Arkarazogaz eta Fernan Irazokigaz batera, berbena taldea zan baina nahikoa rockerua. Irantzuren ahotsa sano deigarria zan. Aurrerago Xabier Montoiaren M-ak taldean be ibili zan eta Fermin Muguruzarentzat eta beste batzuentzat be ahotsak grabau izan ditu. Alkarrizketea egiten Pasaiako haren etxera joan nintzanean, lehenengo erreakzinoa izan zan, nik ez badot ezer egin; oro har, oso umilak dira danak eta ez dabe euren lana edo ekarpena aintzakotzat hartzen.


7.- Emakumeak musikan beti egon dira eta egongo dira. Nork ez ditu ezagutzen gaur egun Tania de Sousa, Zuriñe Hidalgo (Hesian), Sorkun (Kashbad...) edo Aiora Renteria (Zea Mays). Liburu asko egiteko materiala dago...

Liburu perfektua da oraindino idatzi ez dana. Beraz, 25 alkarrizketa gitxi izan daitekez baina bolumena nahikoa handia zan, ikertzen, aztertzen, datuak batzen hasten zara eta sekula ez dozu nahikoa izaten. Erantzunkizuna gero eta handiagoa da baina nire erabagia izan zan alkarrizketak berbaz berba transkribidu edo kopiau eta protagonistei bialtzea. Ez neban arazorik gura. Eta grabazinoetan esan arren, gauza asko kendu egin deustiez; berbarako, Blanca Sanz alkarrizketatu neban, musikaria izan ez arren, Gasteizko Jazz Festibalaren antolakuntza taldean 80. hamarkadatik dabilena, irratian be ibilitakoa, Gregorio Galvezegaz kolaborau ebana eta abar. Musikazale amorratua zan eta makinatxu bat anekdota interesgarri kontau eustazan alkarrizketan baina testua bialdu neutsonean, horreetako asko kendu egin eustazan eta hasieran hasarratu egin nintzan. Egia esan, danak kendu deustiez datu interesgarriak baina azkenean pozik nago ze ez da sortu tirabirarik eta danak geratu gara gustora emoitzeagaz.

 
9.- Liburuaren banaketea Baga Bigak egingo dau baina zegan dago salgai liburua?

Bai. Liburua erraz topatea espero dot liburudendatan, 18 euroan dago salgai eta esan dozun legez, banaketea Baga Biga Musika Ideiak etxeak egingo dau.

Ganerakoan, Neskatxa maite liburua Aianai argitaletxeak argitaratu dau; 93an, Pedro Espinosak eta nik lehenengo liburua argitaratu genduan, Hertzainak, la confesion radical eta ordutik musikeagaz lotutako beste liburu batzuk etorri dira. Biok gara kazetariak eta musikazaleak eta gure inguruko erreferentziak interesetan jakuz; dakizunez, Pedrok Potato sortu eban 1984an eta hortik dator Aianai izena, rastek asko erabilten daben izena, Aianai, ni eta ni, ni eta nire arimea edo espiritua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu