'Non bis in idem', UPV/EHUko talentudun gazte bik pintura figuratibora egiten daben itzulbidea
2015-05-14 14:41 KultureaUnibersidadeko ikasleen talentua bultzatzearren Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeak daben lankidetzearen esparruan sortu da erakusketa barriau, hain zuzen be Ander Gómezen eta Nekane Manriqueren 18 artelan batzen dituana.
Ander Gómez eta Nekane Manrique artistek batera egiten daben proiektu honetan gizakiaren figurea ardatz daben 18 artelan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 15ean hasi eta hilebetean, astelehenetik barikura 8:00etatik 20:00etara eta 14:00ak arte zapatuetan. Erakusketea Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – behe solairua–). Sarrerea doban izango da.
Unibersidadeko ikasleen talentua bultzatzearren Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeak daben lankidetzearen esparruan sortu da erakusketa barriau, hain zuzen be Ander Gómezen eta Nekane Manriqueren 18 artelan batzen dituana. Non bis in idem izenburuko erakusketa honetan artista biek jarrera artistiko eta kontzeptual desbardinetatik abiatuta, eta gizakiaren figurea ardatz hartuta, Bilbo erdira ekarri dabe arte figuratiboa, gaur egun indarrean diran erakusketa moldeakaz zeozelako apurketea eginik.
Bai Ander Gómezek bai Nekane Manriquek personen arpegiak eta gorputz-zatiak pintetan ditue, ezagutzeko moduan egiten dabe eta, itxura baten, era atseginean. Hor amaitzen da komunean daukien guztia. Iñaki Bilbao irakaslearen ustez —bera da erakusketearen komisarioa— desbardintasunak asko dira, agirikoak eta, aldiberean, ez horren nabariak.
Nekanerentzat mass media eta publizidadearen lengoaiatik dator irudia, modeak eskainitako, ia kanon legez inponidutako, eme-edertasunaren estereotipoetatik; Anderrentzat, barriz, barrokotik erromantizismora bitarteko erretratu-tradizinotik dator, Caravaggio, Reynolds edo Ingres ikusmiran dituala.
Iñaki Bilbao irakasle eta komisario jaunak desbardintasunak ikusten ditu artista bakotxak irudikatzen dituan figurakazko inplikazino modu eta mailetan. Nekanek begirunez, laztantasunez esango geunke, tratetan ditu bere andra-figurak, eta Anderrek, barriz, arpegiak desitxurau egiten ditu, esperpentoraino heldu barik, baina kirurgia plastikoa egiten deutse, krudeltasun puntu bategaz, figurei gorentasun eta gelditasun klasikoa kendu eta inozo itxura holakoa emoteraino.
Giza-figureari buruzko hausnarketa eta errepresentazio moduan, gaur egungo ikuspegi subjektiboaren bitartez aurkezten dala dino Ander Gómezek berak. Aurretik egon dagozan koadruez jaubetzen da, eta goitik behera bestelakotzen ditu; esangura barria emoten deutse, irudikari kolektibotik kanpoko irudiak sortu arte, nahiz eta oraindino, era sinplean bada be, irudikari hori gogora ekarri.
Nekane Manriquek, bere lanaz ondokoa adierazo dau: Nire margoak subjektuaren eta norberaren nortasunaren erlazinoa miatzen saiatzen dira. Eme-erretratuak espazio neutroetan, zirrara anbiguoak sorrarazoten saiatuz, lanaren irakurketa edegia bilatuz, proiektuari drama erromantikoak, psikologikoak eta abarrekoak erantsita.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!