Bilbon dana prest dago 37. Ibilaldia jaia ospatzeko

Nagore Ferreira Zamalloa 2015-05-14 15:47   Euskerea berbagai

Maiatzaren 31n Bilbo ganezka egotea espero dabe Ibilaldiako antolatzaileek, hain zuzen be, 150.000 lagun inguru batu daitekez. Harrobia Lanbide Heziketako ikastolea da aurtengo antolatzailea. Bost gune eukiko ditu Ibilaldiak, lehenengoa ikastolan bertan, San Frantzisko auzoko Harrobia plazan.

Maiatzaren 31n Bilbo ganezka egotea espero dabe Ibilaldiako antolatzaileek, hain zuzen be, 150.000 lagun inguru batu daitekez. Harrobia Lanbide Heziketako ikastolea da aurtengo antolatzailea. Bost gune eukiko ditu Ibilaldiak, lehenengoa ikastolan bertan, San Frantzisko auzoko Harrobia plazan.

Bilboko Udaleko prentsa-aretoan egin dabe aurkezpena Sabin Anuzita Euskera zinegotziak, Fernando Garrigos Harrobia ikastolako zuzendariak, Juan Carlos Gomez Ibilaldia alkarteko presidenteak eta Garikoitz Meabe Ibilaldiko koordinatzaileak.

Guretzat ohorea da, esanez hasi dau prentsaurrekoa Sabin Anuzitak, Udaleko alderdi guztien izenean berba egiten dot. Aurtengo Ibilaldiaren leloagaz bat eginez, Harro ibili, zinegotziak berak be nabarmendu dau, harro egoteko modukoa da Ibilaldia Bilbon egitea.  Astegoien jentetsua izango dala gogoratu dau, izan be, alde batetik, zapatuan Bilboko Triatloia izango da, eta beste alde batetik, Athleticek Espainiako Errege Kopa finala jokatuko dauenez, hainbat pantaila ipiniko ditue urian.

Lan handi-handia izan da Harrobia ikastolearentzat Ibilaldia antolatzea, ikastetxe txikia izanda. Bizkaiko osoko ikastolen laguntzinoa izan dabela nabarmendu dau Fernando Garrigosek. Gogor egin dogu lan. Hamasei langile besterik ez gara. Ganerako ikastoletatik jaso dogun laguntzinoa eskertu nahi dot, adierazo dau.

Hiru urte besterik ez daroaz Bilbon Harrobia Lanbide Heziketako ikastoleak, baina sortu, 2001ean sortu zan. Datorren urtean bost ziklo eskaintzeko asmoa daukie. Gure txikitasuna euskerazko Lanbide Heziketearen neurriagaz bat dator. Horregaitik, Ibilaldia aukera handia da guretzat, ikastolea ezagutzera emoteko, ganeratu dau.

Garikoitz Meabek maiatzaren 31ko zehaztasunak azaldu ditu. Ibilbideak zazpi kilometro ditu, eta Bilboko alde zaharra eta modernoa lotuko ditu. Lehenengo guneak zati bi ditu, ikastolan bertan eta Mariaren Bihotza plazan. Jenteak ikastolea bera ezagutzea gura dogu, non dagon eta zelangoa dan jakitea, adierazo dau Meabek. Urtz eta Itziarren semeak bandek joko dabe Ikastolako gunean, besteak beste. Mariaren Bihotzean auzuneko taldeak izango dira protagonista, esaterako, Anaika Ara musika taldea. Bigarren gunea Miribillan dago, eta hantxe joko dau aurtengo Ibilaldiko kantea Zea Mays talde bilbotarrak.

Arenalean ipiniko dabe hirugarren gunea. Egitarau betea eukiko dau: Bilboko Udal Musika Bandea, Korrontzi taldea, Trikizio, Eusko Labeldun jatekoak dastatzeko lekua, rokodromoa, umeentzako puzgarriak eta abar. Gune potentea izatea espero dabe. Guggenheimen kokatuko dabe laugarren gunean. Umeak izango dira han jaun eta jaube. Irrien Lagunak klubak hainbat jarduera atondu ditu, eta umeentzako erromeria bat be egongo da arrastian. Azkenengo gunea Erripa izango da, eta han joko dau Espaloian taldeak, eta jantzan egingo dabe Gaztedi eta Beti Jai Alai taldeek.

Bizkaiko Ikastolen arteko Erronka probea jokatuko da Ibilaldiaren egunean. Zortzi laguneko, lau neska eta lau mutilek, hamabi taldek hartuko dabe parte. Gazte Musika Taldeen Emonaldia izango da aurtengo nobedadeetakoa. Ikastoletako musika taldeek BilboRock aretoan joteko aukerea izango dabe egun horretan. Ez da lehiaketa, erakustaldia da, azpimarratu dau Meabek.

Durangok antolatuko dau 2016ko Ibilaldia, eta maiatzaren 31n bertan jasoko dabe lekukoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu