‘Mañukorta Bertsonajea’ liburuaren 2. edizinoa prest

Bizkaie! 2015-05-11 15:08   Bertsolaritzea

Mañukorta bertsonajea liburua 2014ko zemendiaren azkenetan aurkeztu eben, eta Gabonetarako agortu ziran ale guztiak. Liburuak izandako arrakastearen ondorioz, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak bigarren edizinoa argitaratu dau orain. 

Mañukorta bertsonajea liburua 2014ko zemendiaren azkenetan aurkeztu eben, eta Gabonetarako agortu ziran ale guztiak. Liburuak izandako arrakastearen ondorioz, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak bigarren edizinoa argitaratu dau orain.

Bizkaiko Bertsozale Alkateak Gregorio Larrañaga Mañukortari buruzko ikerketa lantxu bat egiteko asmoagaz, Xabier Amurizarengana jo eban ikerketa lana egin, eta ostean, behar hori argitaratzeko proposamenagaz.

Datu batzea egin ostean, dotore josi eban Amurizak lerroz lerro Mañukorta bertsonajearen bizitzea, sei ataleko liburuan. Liburuaren ardatza alkarrizketak dira eta hor protagonistearen pentsetako era bitxia eta eretxiak agertzen dira, bertsolaritzearen zein bestelako gai batzuen ganean.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak konpromisoa dauka Bizkaiko bertsogintzan dabilzanen biografiak jaso eta jendartean zabaltzeko. Horregaitik, Bizkaian berezia izan dan Gregorio Larrañaga Mañukorta aukeratu dau bere bizitza plazara ateratzeko, Bizkaiko bertsogintzeari eskainitako beharrarengaitik eta Euskal Herri osoko plazetan emondakoagaitik. Behar horren arduradun, Bizkaiko bertsogintzearen bizkarrazurra dan Xabier Amuriza izan da. Garai beretsukoak biak ala biak, eta plaza asko alkarregaz egindakoak.


Gregorio Larrañaga Mandiola Mañukorta

Markina-Xemeingo Larruskain auzoan jaio zan 1943an, Mañukorta baserrian. Nekazari eta fabrikako langile egin izan dau behar. Soldaduskea amaitu orduko, 1967an, Ameriketara joan zan osabagaz, artzain. Sei urte egon zan han. Amaren familiatik jaso eban bertsozaletasuna, eta bere kabuz ikasi zituan bertso zaharrak. 60ko hamarkadan hasi zan jentaurrean kantetan, baina 80ko hamarkadatik aurrera lortu eban izena. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zan. Bertsolaritza munduan nahikoa ezaguna bada be, esan daiteke, bertsolaritzatik harago, Euskal Herri osoan dala personaia ezaguna.


Xabier Amuriza Sarrionandia

Etxanon jaio zan 1941ean. Bertsolari, idazle, kazetari eta irakasle beharretan ibili izan da eta dabil. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna, 1980an eta 1982an. 1980ko txapelketan barritasun handia ekarri eutson bertsogintzeari. Haren berbakerea, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziran, ordura artekoak ez bezelakoak. Neurri eta doinuetan be barrikuntza handiak ekarri zituan. Hainbat liburu eta disko argitaratu ditu, horreetatik asko, bertsolaritzaz: Hiztegi errimatua, Hitzaren kirol nazionala, Zu ere bertsolari, Bizkaieraz bertsotan, Bizkaiko bertsogintza bildumako lau liburukiak, eta abar. Arlo literarioan, itzulpenez gan (Lukrezio, Tazito, Huxley...), honakoak ditu, saiakera, bertso eta prosa: Euskara batuaren bigarren jaiotza, Laurehun herri, mila bertso berri, Agur sagar beltzeran, Menditik mundura, Enaz banaz, Herri eta irri, Hil ala bizi, Emea, Oromenderrieta, eta Joan ziren zikloko lehen hirurak: Dinosauroak horizontean, Orain ezin naiz hil eta Olatu bat kuartelen gainetik, 4x4 operazioa. Diskoak: Menditik mundura, Herriko plazan, Anje Duhalde Amurizaren kantari, Bizkaiko kopla zaharrak, Betibizi, Xalbador bat-bateko mirakulua, Lazkao Txiki bat-bateko sorgina.


Mañukorta bertsonajea liburua

- Disenua: Lanku S.L.
- Prezioa: 15€ (Bertsozale Alkarteko bazkideek: 12€).
- Salgai: Bizkaiko Bertsozale Alkartearen egoitzan (Zabale kalea, 9 atzea. Durango) eta www.lanku.com webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu