Koldo Tellitu: 'Betiko osasuntsu dago, bost hamarkadatan 11 umetik 600ra egin dogu'
2015-05-11 11:54 BarriketanBetiko ikastolako presidentea
Beteranoa da Koldo Tellitu Betiko ikastolan, izan be 1998an hartu eban ikastetxearen ardurea. Hamazazpi urteotan Betikok aldaketa asko bizi izan ditu, 93-94 urteetako zatiketearen osteko egoereari bueltea emon deutso, eta gaur egun osasuntsu dago. Hurrengo ikasturtean 600 ikasle izango ditu, inoizko gehien. Urte hasieran hasi ziran Betikoren 50. urteurrena ospatzen, baina barikuan, maiatzaren 15ean, egingo dabe ospakizun handia. Hasiera-hasierako ikasle, irakasle eta sortzaileak gaur egungo kideekaz batuko dira.
1.- Erromoko eleizan emon zituan lehenengo pausuak Betiko ikastoleak orain 50 urte...
Bai, Erromoko eleizearen beheko aldean egoan gelea. Hamaika ikasle eta irakasle bat egozan orduan. Handik gitxira txalet batera joan ginan. Sasoi hareetan ohikoa zan lez, hasierea oso xumea izan zan. Eskerrak emon behar deutsoguz, ganera, Algortako San Nikolas ikastoleari. Orduan gure ikasleek OHOko laugarren mailan San Nikolas ikastolara joaten ziran. Asko lagundu euskuen, euren laguntzea ezinbestekoa izan zan.
2.- Ordutik nabarmen aldatu da Betiko, zeintzuk izan dira mugarririk edo jazoeraraik garrantzitsuenak?
Nik hiru mugarriu aitatuko neukez. Lehenengo mugarria 1978an izan zan, Artazako lurrak erosi genduzanean. Hortxe dago kokatuta gaur egun ikastolea. 80rako eraikina martxan egoan. Horregaz salto ikaragarria emon eban ikastoleak, OHO osoa emoteko kapaz zan eta. Sasoi haretan 500 ikasle izatera heldu ginan. Salto kualitatibo positiboa izan zan.
Handik urte batzutara, 1993an, salto kualitatibo negatiboa euki genduan. 93an publifikazinoa heldu zan. Gurean sortu zan gatazkea beste leku batzuetan be egon zan: ikastetxe publiko bihurtu edo ikastolea izaten segidu. Ikastolea zatitu egin zan, publikoaren alde egin ebenek Gobela izena gorde eben, eta ikastolearen aldekoak, barriz, eraikinagaz geratu ginan. Orduan sortu zan Betiko izena. Ikastolea 150 ikasle ingurugaz bakarrik geratu zan. Sekulako jipoia izan zan. Aurrera egitea erabagi eben, baldintzak oso oso gogorrak baziran be.
Hirugarren mugarria Betikok antolatutako Ibilaldia jai biak dira, bata 1997an, eta bestea, 2004an. Ikastoleak izena eta izana berreskuratu zituan, eta barrriro gora egin eban. Datorren urtean 600 ikasle eukiko doguz, inoizko ikasle gehien. 97an bakarrik egin genduan Ibilaldia, baldintza oso gogorretan. Familia gitxi egozan, herriaren laguntzea eta lan asko eginda lortu genduan. Oso ondo urten zan. 2004an, Sopelako Ander Deuna Ikastoleagaz batera antolatu genduan, nahiz eta ospatu Leioan bertan egin zan. Hau beste baldintza batzuetan egin zan. Oso garrantzitsua izan zan Betikoren izena zabaltzeko. Orduan lortutako etekinekaz ikastolearen eraikina handitu egin genduan, pisu bat gehiago egin ahal izan zan, eta frontoi estalia bere bai. Azpiegituren aldetik, posible izan zan salto kualitatiboa egitea.
3.- Ikastolearen zatiketea momentu benetan gogorra izan zan, gatazkatsua be bai?
Bai, oso gatazkatsua. Jenteak, beste leku askotan jazo zan moduan, bere aukerea oso argi eukan. Tensinoa eta momentu gogorrak bizi izan genduzan. Orokorrean, beste ikastetxe batzuetan be antzeko hausnarketea egin zan, guk ez genduan berezitasun nabarmenik izan. 93ko Eskola Publikoaren Legeagaz, ikastola batzuk sare publikoan sartu ziran, handik hezkuntzea eta euskerea bultzatzeko.
Ikastola izaten segidu genduanok oraindino ikastolearen ereduak baeukala bidea egiteko hezkuntzearen eta euskerearen alde pentsau genduan. Pentsatan genduan autogestioa eta gurasoen kudeaketea ezinbestekoak zirala holango proiektu batek aurrera egiteko. Sasoi haretako eskola publikoaren inguruan egiten ziran planteamenduek ez euskuen holango konfiantzarik emoten pausu hori emoteko. Bistan da jarrera oso kontrajarriak zirala, ez egoan erdiko biderik jorratzeko aukerarik. Azkenean, batzuk alde batetik joan ziran, eta beste batzuk, beste batetik.
4.- Betiko izena be orduan sortu zan. Zergaitik Betiko?
Beti Betiko euskerea bizi izan zan ikastolearen jarraitzearen alde sortu zan leloa. Azpimarratu nahi genduan betiko ikastola lez geratzen ginala. Hor dago izenaren azalpena. Garai bateko ames bat izan zan, gitxika-gitxika errealidade bihurtzen joan dana. Momentu honetan oso osasuntsu dagoan proiektua da. Betiko osoasuntsu dago, bost hamarkadatan 11 umetik 600ra egin dogu. Azkenengo urteotan, eten barik hasten gabilz; ez kuantitatiboki bakarrik, kualitatiboki bere bai. Gero eta proiektu gehiago daukaguz, gero eta biziagoa dago ikastolea, gure ustez.
5.- Eta aurrera begira, ze erronka ditu Betiko ikastoleak?
Beste ikastola batzuk lez, gure hezkuntza proiektua aurrera eroatea, euskal curriculumaren bitartez jorratzen gabilzana. Hori momentu honetan gure lehentasuna, gure ikastolan eta hainbat ikastolatan. Gure erronka propioak be badaukaguz, proiektu zehatzak; esaterako, Literatur Gauak ekimena arrakastatsua izan da, Inauteriak beti jorratu doguz modu berezian, eskolaz kanpoko gero eta jarduera gehiago eskaini nahi doguz eta abar.
Asko dago egiteko oraindino, dana dala. Azkenaldian Madriletik eraso handi bat jatorku, LOMCE izeneko lege horregaz. Guk pentsaten dogu gure curriculuma landu eta jorratu behar dogula, benetako hezkuntza sistema propio bat eratzeko. Eta oraindino, zoritxarrez, badagoz gauzak egiteko.
6.- Ezin lorik hartu, beti burrukan ibili behar, ezta?
Hezkuntzea edozein gizartetako atal oso garrantzitsua da, eta agintean dagozanek beti nahi dabe kontrolau edo bideratu. Kasu honetan, bistan da, Madrilen oso argi daukie arlo hori kontrolau nahi dabela, eten barik dabilz trabak ipinten, gure benetako hezkuntzearen kontra egiten. Erne ibili behar dogu beti.
7.- Zezeilean hasi zinien, baina barikuan, hilaren 15ean, egingo dozue 50. urteurrenaren ospakizun handia. Zeozer aurreratu zeinke?
Maiatzaren 15ean, aratsaldeko zazpiretan egingo dogu ekitaldia, Kultur Leioan. Bertso-saioa egingo dogu, ikasleek jantzan egin eta kantau egingo dabe, gaur egungo eta lehengoek berba egingo dabe, bideo bat be ipiniko dogu... Hainbat gauzatxu atondu doguz. Eta, jakina, Betikoren sortzaileak omenduko doguz. Irakasle ibili ziranak eta ikasleak batu nahi doguz. Hasierako hamaika famili horreek topetan ibili gara. Betikoren historian garrantzi handia izan dauen jentea etorriko da, gurasoak, irakasleak eta ikasleak. Horreei guztiei egingo deutsiegu omenaldia.
8.- Lumak astindu kantea eguneratu-edo egin dozue. Kanteak badino ezinak eginak bihurtzen ditugu, hori da Betikoren leloa?
Aspaldiko abestia da, ni 98an etorri nintzenean baegoan. Bai, eguneratu egin dogu, Izenik Ez rock taldeak beste erritmo batzuk emon deutsoz. Betidanik izan da gure abestia: Inauterietan, jaiaren amaieran abesten dogu; eta momentu berezietan be ipinten dogu. Abesti berezia da guretzat. Eskualde hau zoritxarrez ez da oso euskalduna, baina hor gagoz. Guk beti sinistu dogu gure gizartea euskaldundu behar dala. 93an pentsau genduan erronka horri ikastola lez modu egokiagoan erantzungo geuntsola. Gure helburu nagusienetako ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da.
9.- Ikastolen Elkarteko presidente lez, aurreko astean Elkarrekilan Euskal Herria hitzarmena sinatu zenduan. Zein da ekimenaren helburua?
Lankidetza hitzarmen bat da, Iparraldeko eta Hegoaldeko ikastolen arteko alkartrukea bultzatzeko. Umeek gure herriaren errealidade desbardinak ezagutzea nahi dogu. Gure kultureak ezaugarri desbardinak ditu han eta hemen, euskereak berak bere bai. Truke hori bultzatzea da gure asmoa. Ahal dan neurrian ikastola guztiek parte hartzea nahi dogu. Betiko ikastolan be bagabilz parte hartzeko aukerak aztertzen. Oso interesgarria da mendebalde eta ekialdearen arteko trukaketea egitea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!