Ume eta gazte literaturearen inguruko liburua argitaratu dabe zazpi ikerlarik
2015-04-28 14:49 KultureaErroa argitaletxearen eskutik dator Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan lana. EHUren Irakasle Eskolako zazpi ikerlari gaztek eginiko azterlana dan ezkero, literaturan gizarteko jokamolde eta estereotipoak zelan agiri diran azaltzen da eta umeei arteari buruzko jakingarriak azaltzeko literatureak emoten dituan baliabideak be jorratzen dira.
Erroa argitaletxearen eskutik dator Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan lana. EHUren Irakasle Eskolako zazpi ikerlari gaztek eginiko azterlana dan ezkero, literaturan gizarteko jokamolde eta estereotipoak zelan agiri diran azaltzen da eta umeei arteari buruzko jakingarriak azaltzeko literatureak emoten dituan baliabideak be jorratzen dira. Ikerlariek beka bana euki dabe lana egiteko eta Jon Kortazar irakaslea izan da proiektuaren zuzendaria.
Erroa argitaletxeko arduradun Xabier Monasteriok azaldu dauenez, gehienbat didaktika lanak argitaratzen doguz guk eta liburu honek be loturea dauka irakaskuntzeagaz. Unibersidade publikoagaz alkarlanari ekin deutsie Erroa argitaletxekoek eta hartu-emon horren lehenengo fruitua izan da Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan liburua. Odol eta begirada barriak behar doguz eta gazteek hori dakarre, azpimarratu dau Monasteriok. Izan be, EHUren Irakasle Eskolako gradua amaitu barri dagoz zazpi ikerlariak.
Ume eta gazte literaturea ikuspegi bitatik aztertu dabe, artearen eta gizartearen ikuspegitik. Literaturea eta gizartea lotzen dituan zatian, hiru atal dagoz. Amaia Oleagak emakumearen irudia eta gizarte ereduak jorratu ditu lehenengo kapituluan. Bigarrenean, Helena Jauregik Mariasun Landaren personaia femeninoak aztertu ditu. Amaitzeko, Sandra Martinez, familia ereduak literaturan zelan agiri diran begiratzeaz arduratu da, errealidadeagaz bat datozan jakiteko. Literaturearen eta artearen arteko harremana lantzen dauen zatian, barriz, lau atal dagoz, beste horrenbeste ikertzailek eginak. Lehenik eta behin, Mercedes Mendibek komikiak aztertu ditu, umeen hezkuntzan euki leikien balioa topetako asmoz. Nerea Larruzeak, barriz, Kirmen Uriberen Garmendia bildumea aztertu dau. Aitziber Hermosok Peter Panen liburuetako eta filmetako bersinoak konparau ditu. Azkenengo atalean, literaturearen eta artearen arteko erlazinoan sakondu dau Arrate Santiagok, Jon Arretxeren Zazpi Kolore liburuan oinarrituta.
Egileetako bat izan dan Aitziber Hermosok azaldu dauenez, prozesu latza izan da liburua egitea. Ahalegin handia eskatu deusku zazpiroi eta pozgarria da gure esfortzuaren fruitua argitaratuta ikustea, ganeratu dau. Graduko hirugarren mailan egozala, Jon Kortazar hurreratu jaken, bekearen bidez azterlanean sartzeko proposamenagaz eta, hasiera baten, zalantza egin eben. Ez dakit zergaitik aukeratu gintuan gu, gogoeta handia egin genduan baiezkoa emon arte, dino Hermosok. Halandabe, egitasmoari heldu izanaz ez dira damutu: Geure burua irakaskuntzan ikusten dogu baina literaturearen ate hori zabalik eukitea ona izan leiteke, nork daki zertan ibiliko garen hamar urte barru?.
Ume Hezkuntzako irakasle izateko ikasi dabe zazpi ikerlariek eta, liburuan be, ikasgeletan erabilgarri izateko moduko ikuspegia erabili dabe. Gurutze Ezkurdia EHUren Irakasle Eskolako zuzendaria pozik agertu da liburuagaz. Gero eta prestakuntza hobea daukie etorkizuneko maisu-maistrek, liburu honek erakusten dauenez, azpimarratu dau Ezkurdiak, euskal irakaskuntzeak dakarren ardurea ondo barruratuta daukie egileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!