Katixa Agirre: 'Biolentzia edonon dago. Ez gaituela ikutuko pentsetea inozoa da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2015-04-27 11:54   Barriketan

Idazlea

Katixa Agirre idazle gasteiztarren Atertu arte itxaron (Elkar) lehenengo nobelea road movie antzeko bat da, Euskal Herrian zehar. Uliak jaioterriko bazterrik ederrenak erakutsi gura deutsoz Gustavo madrildarrari. Baina, gauza bat da agirikoa, txoko politak, janari ederra eta ardao gozoa, eta beste bat, ostenduta dagoana, edo behintzat ostentzen ahalegintzen dirana.

Orain dala bost bat urte hasi zan eleberria idazten, doktore-tesiak eta amatasunak atzeratu eben proiketua. Maratoi baten antzekoa izan ei da. Hiru hari ditu istorioak, eta danak daukie modu edo bateko besteko gatazkea ardatz.


1.-Personai nagusi biek, Uliak eta Gustavok, kotxez hasi dabe bidaia, baina modu berean ezkutuko beste bidaia bat be badago tartean, barrukoa. Beste hari bi be baditu istorioak, ezta?

Hiru hari nagusi ditu nobeleak. Irakurle batzuek esan deustie gatxa egin jakiela hasieran, pieza bakotxa bere aldetik doala. Baina nik uste dot, liburuak aurrera egin ahala, hiru hariak gero eta hurrago dagozala, eta tensinoa gorantz doala kontakizunean. Hiru hariak leku batean batzen dira, uri batean, Alderburghen. Ingalaterrako herri horretan lotzen da dana, eta han argitzen da guztia.

Originalki izenburua hori zan, Alderburgh, baina azkenengo momentuan aldatu neban. Niretzat beti egon da buruan istorioa Alderburghen amaitzea, han topauko zirala hari guztiak.


2.- Gatazken inguruko gogoetea egin dozu, eta gatazka mueta bat baino gehiago agiri dira nobelan.

Gatazkea modu oso zabalean ulertuta da nonoren aurrean altxatu behar garanean, edo zeozer gatazkatsua egiten dogunean, edo gatazkea geuregana datorrenean zer egiten dogun. Egoera horreen aurrean burua ezkutau geinke, eta pasetan itxi, atertu arte itxaron, edo aurre egin. Nobelan hainbat kasu ikusten dira. Bikote barruko gatazkea, esaterako: gai bat dago hitz egin behar doguna, mahaiganeratu behar doguna, eta ez gara ausartzen. Perfektuak garala uste dogulako egiten dogu, edo gatazkearen ondorioez bildur garalako, atzeratu egiten dogu momentua.

Beste kasu bat da egoera politiko gatx bat, diktadura osteko testuinguru gatxean. Eta hirugarrena Benjamin Brittenena izan daiteke, bere printzipio bakezaleak beste guztiaren ganetik ipini zituana. Oso argi eukan bakezalea zala, biolentziaren kontrakoa zala. Muturrera eroan eban, egunerokoan be ez zan kapaz aurrez aurreko eztabaida bat izateko. Muturreko kasuak dira, galderea izango litzateke zein dan mutur egokiena. Izan be, ba ete dago erantzun egokirik gatazkearen aurrean? Ala, beste barik, gatazkea sartzen danean gure bizitzetan galduta gagoz, zeozelan esateko? Gogoeta bat da, ez dago erantzunik, baina bai galderak.


3.- Ulia protagonistearen gurasoen bizitzea gatazka politikoak baldintzatu dau, hasiera-hasieratik. Horri zelan egin aurre?

Bizi izan ziran sasoi historikoagaitik hori da egokitu jakiena, gatazkea heredau egin dabe, eta alabearengana heltzen da. Alabeak ez dauka errurik, ez ardurarik, ez idearik, baina gatazka horren azkenengo astinaldiek eragiten deutsie. Heredautako erru bati buruzko istorioa be bada.


4.- Horren kontra Uliak burrukan egiten dau, ekin eta ekin.

Alde batetik, berak ez dauka inongo ardurarik baina sentiduten dau gurasoen bidetik heldu jakola errua. Hori belaunaldi lez be ulertu geinke, nire adinekoak garanok gitxi gorabehera, gu jaio ginan gatazkea pil-pilean egoanean, eta gure buruari galdetzen deutsagu ia zelako errua daukagun, zer ardura, zer egin geinkean gu jaiota hau baegoala bere horretan kontuan izanda.


5.- Kontrastea dago, Euskal Herriko txokorik politenak bisitetan dabilz, han eta hemen ederto jaten, baina barruan, azpian, bestelakoa da narrazinoa.

Bai, apropos eginda dago. Bikotea bera dabil aurrera iges egin nahian, euren artean arazoak, traizinoak, sekretuak dagoz, baina
oporraldi lasai bat antzezten dabe, oporraldi baketsua eta maitasunez betea. Eta gauza bera Euskal Herriko gatazkeari buruz esan daitekena, paisaje oso politak; Kontxako badia ederra, hemen oso ondo jaten dala eta hori guzti hori. Baina badaukaguz zikinkeriak, eta garbitu beharreko kontu asko oraindino.


6.- Protagonisteak amagaz be gatazkea dauka, ezin ulertu nabarmena.

Ama-alaben arteko hartu-emona hotza izan da beti, ez dabe alkar ulertu. Ama eta alaben arteko harreman nahiko tipikoa dala uste dot, alkar ez ulertzea. Ama behar dau, baina askatu nahi dau, modu personalean be badago gatazka hori.


7.- Eta bat-batean Sarah kazetari britainiarra agertzen da, ezustean, baina momentu horreratik aurrera behin eta barriz topauko dabe, eta Euskal Herriaren bere ikuspuntua azalduko dau. Gatazkearen beste alde bat?

Hor ezin neike asko kontau... Ez da asko agertzen, agerpen txiki batzuk daukaz. Bikotearen arteko kontuak berbizteko balio dau, euren gatazkakaz aurrez aurre ipinteko. Agerpen txikiak baina garrantzitsuak daukaz istorioak aurre egin daian. Kanpoko begiradea izan daiteke berea, eta Uliarena be nahiko kanpokoa da. Aspalditik bizi da kanpoan, Madrilen, eta ez dauka Euskal Herriagaz lotura berezirik. Begirada gehienak, orduan, kanpokoak dira, distantzia hartzeko aukerea emoten deust. Ez dira nire ideak, personaienak dora, distantziaren iragazkitik pasauta.


8.- Ezuste gehiago be badagoz... Uliak nerabea zala Asier abesbatzeko zuzendariagaz izandako harremana. Lolitaren mitoa dago hor?

Pasarte latz bat dago, Uliak sekretuan daukana. Pasarte horren bitartez erakusten jaku zelangoa dan personaia hau, alde batetik, sekretuak gordetera ohituta dago, ez da oso komunikatiboa, bere kontuak berarentzat gordetzen ditu, eta beste alde batetik, errua sentiduten dau inongo errurik ez daukanean. Abesbatzeko zuzendariak dauka jazoera horren erru guztia, baina berak, emakume eta gizonen gauzak zelan dagozan araututa, uste dau erruaren zati bat daukala. Erru horregaz bizitera ohitu da. Pasarte horrek balio izan deust personaiari buruz berba egiteko, eta azaltzeko zergaitik dabilen holan orainaldian.


9.- Lolitaren mitoari buruzko doktore-tesia egin zenduan, badauka horrek zerikusirik?

Akaso bai. Egoera nahiko ohikoa da, badago holakorik gurean. Harreman baten heldu bat eta neska gaztetxu bat badagoz, biak bardintasun egoera baten dagozala pentsetea gure burua engainetea da, ez da holan. Gure gizarteak daukan mitoetako bat da.


10.- Eta nahiko lehenago jazotako beste gatazka bateko personaiaren gorabeherak be batu dozuz, Benjamin Britten  konposatzaile bakezalearenak. Zelan ba?

Personaia hori aspalditik interesetan jat. Oso interesgarria begitantzen jat bere sasoi historikoa, eta zelan erantzun eutson bakezaletasunaren bidez II. Mundu Gudeari. XX. mendean Europan jaso eban mehatxurik gogorreran Hitlerrena izan zan, halanda be, burrukan egiteari uko egin eutsan. Gatazkearen aurrean izan geinkezan jarrerak azaltzeko interesgarria dala pentsau neban. Eta ganera euskal lotura bat topau neban. Ume bizkaitar errefuxiatu bat euki eban etxean. Istorio modu apur bat latzean amaitzen da. Bere egunerokotasunean be ez da kapaz gatazkeari aurre egiteko. Uste dot ondorioak holan okerragoak dirala.


11.- Hainbat gatazka politiko agiri dira, protagonisten bizitzekaz lotuta, 1973ko martiaren 3ko jazoerak, ETAren gatazkea eta Madrileko 2004ko martiaren 11koak.

Hainbat gatazka politiko agiri dira. Askotan agiri da biolentzia euren bizitzetan. Martiaren 11n alkar ezagutzen dira protagonistak, eta gurasoak, 76an. Biolentzia bizitzak zelan marketan dituan ikusten dogu, guk nahi ez badogu be zelan ikutuko deuskun biolentziak. Biolentzia edonon dago, gure bizitzetan sartu daiteke. Ez gaituela ikutuko pentsetea inozoa da. Uliak iges egitea aukeratzen dau, baina harrapatu egiten dau.


12.- Nobela hau idaztea maratoi bat egitea lez izan ei da, besterik idazteko gogorik badaukazu?

Ez dot inoz maratoirik egin, baina antzeko zeozer izan da, bai. Orain ez nintzateke nobela bategaz hasiko, baina badaukadaz idea batzuk. Momentuz ipuinak idazteko asmoa daukat, udatik bueltan igual beste nobela bati ekingo deutsat. Gogoa daukat.
 

Erantzunak

Iñaki 2015-04-27 16:38 Erantzuna | #1

Aspaldixe nekatu nintzen \"idazle\" izatea oso cool eta fularroidea delako idazten dutelako itxura ematen duten erasmus belaunaldikoez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu