'Futatsume no mado' (Aguas tranquilas)

Karolina Almagia 2015-04-16 11:03   Zinema kritikak

Futatsume no mado ez da ikusle guztientzako egokia. Hasteko, geldoa da, oso geldoa. Eszenatokia ugarte japoniar bat da. Haizea, olatuak, noizean behin ekatxen bat. Berba gitxigaz eta begirada luze askogaz, gazteen arteko hartu-emona eta euren garapen personala ikusiko doguz. Film personala eta bitxia da, momentu eder batzuk dituana, baina aspergarria be izan daitekeena


- Zuzendaria eta gidoilaria:  Naomi Kawase.
- Interpreteak:  Nijiro Murakami, Jun Yoshinaga, Makiko Watanabe, Hideo Sakaki, Tetta Sugimoto, Miyuki Matsuda, Jun Murakami, Fujio Tokita.
- Produktorea: Kumie.
- Herrialdea: Japonia.
- Iraupena: 110 min.
- Generoa: dramea.

Naomi Kawasek liluratu egin ditu kritikari asko lan honegaz, traszendentala eta espirituala izan nahi dauen lan honegaz. Baina Futatsume no mado ez da ikusle guztientzako egokia. Hasteko, geldoa da, oso geldoa. Erritmo motel horrek ez dau trabarik egiten itsasoaren irudiak eta soinuak agiri diranean; baina kantsau egiten dau, esaterako, heriotzearen aurrean personaiak abesten dabenean, edo bata besteari begira geratzen diranean.

Eszenatokia ugarte japoniar bat da. Haizea, olatuak, noizean behin ekatxen bat. Lasaitasunez betetako mundu horretan, gorpu bat agertzen da, itxuraz itota. Ez dakigu nor dan ezta zer jazo jakon be. Pelikuleak ez dau misterio hori erabilten intrigea sortzeko edo erritmo biziagoa emoteko istorioari. Albo batera ixten dau jazoerea, eta arretea nerabe bietan ipinten dau. Berba gitxigaz eta begirada luze askogaz, gazteen arteko hartu-emona eta euren garapen personala ikusiko doguz. Baina amaieran, ikutu melodramatiko bat hartzen dau pelikuleak, eta horrek puntu asko kentzen deutsoz.

Laburbilduz, film personala eta bitxia da, momentu eder batzuk dituana, baina aspergarria be izan daitekeena.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu