Artiumek hainbat ekintza antolatu ditu Liburuen Nazinoarteko Eguna ospatzeko
2015-04-13 18:06 KultureaArtiumek Liburuen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau apirilaren 17an, bere Liburutegiak antolatu dauen jardueren programa zabal bategaz. Liburuen erakusketa batek arte plastikoen eta literaturaren artean dagozan loturak ekarriko ditu gogora, eta ondoan kultura garaikideagaz zerikusia daben testuen jentaurreko irakurraldi bat egingo da. Eguna amaitzeko, Esan Ohi Da seikoteak jazz kontzertu bat emongo dau, oraintsu hildako Claudio Cifuentes Cifuren omenez.
Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak Liburuen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau datorren barikuan, apirilaren 17an, bere Liburutegiak antolatu dauen jardueren programa zabal bategaz, museoko arduradunek jakinarazo dabenez. Liburuen erakusketa batek arte plastikoen eta literaturaren artean dagozan loturak ekarriko ditu gogora, eta ondoan kultura garaikideagaz zerikusia daben testuen jentaurreko irakurraldi bat egingo da. Eguna amaitzeko, Esan Ohi Da seikoteak jazz kontzertu bat emongo dau, orsintsu hildako Claudio Cifuentes Cifuren omenez.
Era berean, apirilaren 23an, Liburuen Nazinoarteko Egunean, Artiumek 50 liburu inguru askatuko ditu aurreko urteetan lez. Aurten Espainiako Estadu osoko 50 hamar kultura zentro baino gehiagok bat egin dau bookcrossing kanpaina horregaz. Kontuak kontu, Liburuen Nazinoarteko Egunaren inguruko ospakizuna bariku goizeko 11:45ean hasiko da Artiumen, bere Liburutegiak antolatutako Artea literaturan eta literatura artean izeneko erakusketearen inaugurazinoagaz. Erakusketea urrira arte egongo da zabalik eta sarrerea dobakoa da.
Erakusketea zabaldu ondoren, eguerdiko 12:00etan, arte eta kultura garaikideko testuen irakurketa maratoia hasiko da, Artium orain hamar urte antolatzen hasi zan jarduerea, hain zuzen. Parte hartu nahi daben guztiak hurreratu daitekez Liburutegira euren irakurteko eta arteagazko pasinoa konpartidutera, nahiz norberak aukeratutako testu bat, nahiz Museoak eskainiko dauen bat irakurriz, azaldu dabe.
Irakurraldia arratsaldeko 19:00etan amaituko da, eta komenidu da parte hartu nahi dauenak biblioteca@artium.org posta elektronikora idatzi eta txandea eskatzea. Horretarako telefono zenbaki bat emon beharko dau eta gitxi gorabehera zein ordutan irakurri nahi dauen adierazo.
Eguna amaitzeko, arratsaldeko 21:00etan jazz kontzertu bat emongo dau Esan Ohi Da seikoteak. Jesus Guridi Musika Konserbatorioko ikasleak diran Aitor Bravok (bateria), Markel de Reparazek (baxua), David Juárezek (giltzadiak), Nico Andinok (tronpeta), David Antónek (tronboia) eta Eolo Andinok (saxoa) jazzeko maisuen bersinoakaz osotutako kantaldia eskainiko dabe, besteak beste, Miles Davis, John Coltrane, Thelonius Monk, Wayne Shorter edo Duke Ellingtonen bersinoakaz.
Bookcrossing
Liburuen Nazinoarteko Egunaren programea osotzeko, ospakizunaren egunean bertan, apirilaren 23an, bookcrossing edo liburuak askatzeko kanpaina barri bat abiarazoko da, dagoeneko bederatzigarrena. Aurten be Estaduko 50 museo eta arte zentrok parte hartuko dabe esperientzia horretan, liburutegietan bikoiztuta dagozan aleak urietan zabaltzeko.
Parte-hartzaileek milaka liburu askatuko ditue, topetan dituenek irakurri ondoren munduko beste toki batzuetan aska deiezan. Ekimenaren helburua irakurteko ohiturea sustatzea da, eta museoetako liburutegietan gordeta dagoan kultura adar batzuetako eta besteetako jakintzea zabaltzea.
Aurtengo kanpainan, Artiumek 50 bat arte, argazki eta arkitektura liburu askatuko ditu, behar bezela identifikau eta erregistrautakoak, Arabako hainbat lekutan: unibersidadeko campusean, tranbiaren geltokietan edo lurralde osoko kirol eta ostalaritza guneetan. Liburu horreek beste zentro batzuekazko alkartrukerako programearen ondorioz pilatutako liburu bikoiztuen funtsekoak dira.
Esperientzia honetan parte hartzeko nahikoa da liburuen azalean eta barruan dagozan pegatinetako erabilbideei jarraitzea. Hiru 'r'-en araua -ingelesezko read (irakurri), register (erregistrau) eta release (askatu)- errespetau ezkero, liburu bakotxaren nondik norakoa ikusi ahal izango da www.bookcrossing-spain.com webgunean. Aurreko urteetan, Artiumek askatutako liburuak Parisen, Erroman, New Yorken eta Kairon topau dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!