Ane Zabala: 'Euskerazko antzerkiaren arazoetako bat da ikuslegoa, ikusleen faltea'

Koldo Isusi Zuazo 2015-04-07 10:54   Barriketan

Antzerkilaria eta kazetaria

Ane Zabala, Aiora Sedano eta Galder Perez aspalditik dira bizitzan eta antzerkian bidelagun. Hirurek alkarregaz sortutako lehen lana Bibote gorriak izan zan: 2013ko Aste Nagusian estreinau eben jaien gaineko satira kabareteroa. Orain, barriz, antzerki laburra sortzeko batu dira, komedia baltza eta absurdoagaz olgetako gogoz, Off the record izeneko lanagaz datoz eta estreinaldia Bilboko Udaleko Kultura sailak, Café Bilbao Tartean Teatroak eta Pabilioi 6 aretoko Antzerki Laborategiak antolatutako III. Antzerki Arina Jardunaldiak-Alex Angulo Sariaren barruan izango da. Hitzordua: apirilaren 17an.


1.- Galder Perezen gidoiagaz eta zuzendaritzeagaz, komedia baltza, absurdoa eta egun pil-pilean dagozan gaiak jorratzen dozuez Off the record lanean. Antzezlan laburra da, 20 bat minutukoa baina zelako obrea da?

Satira bat da izan. Antzerki laburraren berezitasuna da 20 minututan oso konzentrauta dagoala dana; ordubete edo hortik gorako antzezlanetan daukazun tartea nahikoa zabala izarten da istorio bat garatzeko baina laburretan, barriz, oinarri-oinarrizkoa baino ezin dozu erakutsi eta ikusleak berehala sartzen dira saltsan eta disfrutetea, akaso, errazagoa izan daiteke.

Off the record lanari jagokonez, bekadun 7 urte daroazan kazetari bat agiri da, enpresari garrantzitsu bati alkarrizketea egitera doana; azkenean, alkarrizketa hori, hor jazoten dana da antzezlanaren ardatza; ikutu absurdoz betetako komedia baltza edo da.


2.- Aiora Sedanogaz lehenago be lanean ibilitakoa zara, berbarako, Bibote gorriak obran. Oraingoan zelakoa izan da bion arteko buztarketea, kimikea?

Ona, hiruron arteko kimikea oso ona da. Umeentzako antzerkia egiten urteak daroaguz eta hiruzpalau ikuskizun egin doguz alkarregaz honezkero aktore gehiago be tartean zirala. Galder, Aiora eta hirurok aspaldi ezagutzen gara, maitemendu egin ginan eta beti aukera txikiena aprobetxetan dogu alkarregaz zeozer egiteko. Esan deutsudan lez, lehen be ibilitakoak gara, berbarako orain bi urte Txomin Barullo konparsearen urteurrenerako Bibote gorriak kabareta eskatu euskuen. Bilboko Aste Nagusian eskaini genduan baina hortik aurrera harremanetan jarraitu dogu eta giro horretan sortu da Off the record.


3.- Gehienez 20 minutu eta gitxienez 10 minutuko lanak, egundo taularatu bakoak eskatu ditue III. Antzerki Arina Jardunaldietarako. Lanak euskeraz edo gaztelaniaz izan daitekez eta bakarrizketarik ezin da aurkeztu. Leku txikietan eszenaratzeko moduko lanak izan behar dira, ganera. Gaia eta estiloa libreak dira. Muga larregi?

Mikroteatroa izena erregistrauta dago Madrilen eta ez dago erabilterik, beraz, antzerki arina izena jarri deutsie. Dinozun lez, horrexek dira baldintzak, laburra izatea, horrek dakarren intensidadeagaz eta indarragaz, bakarrizketarik ezin izan da aurkeztu, hori beste estilo bat dalako eta gaztelaniaz eta euskeraz lanak aurkezteko modua egon da, aurten lehenengoz euskeraz. Gaztelaniaz 10 pieza hautatu ditue eta euskeraz, barriz, hiru: Ausardiaren bidaia, Txispun taldeak aurkeztuko dauena; Beltxarga beltza, Goitibehera antzerki taldearena; eta geurea, Off the record. Horrezaz gan, pieza elebidun bat be badago.

Muga larregi ete diran, ez dago esaterik. Antzerkiaren munduan beste formato bat da, zineman film laburrak eta literaturan ipuinak edota kontakizun laburrak dagozan moduan, antzerkian be badagoz; istorioak idazteko eta kontetako beste era bat da. Antzerki arina oso hurreko teatroa da, ikusleak oso hur egoten dira eta bai ikusleek zein aktoreek gozetako aukera ederra izaten da. Gure kasuan, Off the record laneko istorioa bulego baten garatzen da eta publikoa be hortxe izango da.


4.- Antzerki Arina Jardunaldiotan ikusleak 1, 2 edo 3 pieza ikusi leikez segiduan. Interesgarria ete da hori ikuslearentzat? Eta aktorearentzat?

Aktore moduan, autortu behar deutsut lehenengo aldiz egingo dodala antzerki laburra eta ez dakit zelan sentiduko dodan hori; egia da Zortzi begi lanean, publikoagazko laugarren pareta izenekoa apurtu genduala eta eten barik gengozala publikoagaz hartu-emonetan; orain, barriz, laugarren pareta ez dogu hausiko, istorioa Aiora eta nire artean gertatuko da eta ikusleak oso hur izango doguz.

Ikusle moduan, barriz, zoragarria da, teatroaren jaia dala esango neuke; antzerkilariaz gan, antzerkizale amorratua naz eta pieza txikiak, espazio txikian eta publikoa bertan dagoala ikusteak sano erakarten nau. Ganera, egunero hiru pase egingo doguz bakotxak eta, beraz, aukerea dozu lehenengoa ikusi eta jarraian beste bat ikusi barik, deskantsau eta hirugarren bat ikusteko lasaiago. Azkenean, ordubete eta erdi irauten daben ohiko antzezlanen tartean, bi edo hiru pieza ikusi zeinkez. Antzezlearentzat eta zuzendariarentzat kontetako beste modu bat dan neurrian, ikuslearentzat be ikusteko beste era bat da.


5.- Aurten 50 pieza aurkeztu eta 16 hautatu ditue; horreetatik 10 gaztelaniaz, 4 euskeraz eta antzezlan konbidadu bi. Gaztelaniazko saioetan jentea polito ibili da baina aurten lehenengoz euskeraz be izango dira antzezlanak apirilaren 17, 18 eta 19a. Ze erantzun espero dozu?

Baikorra naz izatez, baina bildurtxua daukat; Pabilioi 6 aretoan sekulako lana egiten dagoz antzerkizaletasunaren alde, ez orain, hasi ziranetik baino eta astegoien guztietan ibilten da jente piloa han. Edozelan be, euskerazko antzerkiaren kontsumitzailea nazen aldetik, badakit besaulkiak zelan egoten diran antzezlan handietan, teatro handietan eta orduan, holako proposamen baten aurrean, jenteak zelan erantzungo dauen jakiterik ez dago. Euskerazko antzerkiaren arazoetako bat da ikuslegoa, ikusleen faltea, hain zuzen be. Antzerkiak oro har, ikuslego fidela dauka eta oraintsu emon dituen datuen arabera, ikuslegoak gora egin dau; halan da be, 1835 antzezlan programau dira EAEko antzokietan eta horreetatik % 27 bakarrik izan dira euskeraz. Umeentzako antzezlan ia danak, barriz, euskeraz izaten dira.


6.- Lau sari banatuko dira jardunaldiotan: Alex Angulo Antzerki Arin Saria, Cafe Bar Bilbao Produkzinorako Saria, Interpretazino Onena Saria eta Publikoaren Saria. Autortzak eta sariak beti hartzen dira ondo baina bizimodua antzerkigintzan ateratea ez da erraza gaur egun. Zelan ikusten dozu euskal antzerkigintzea?

Sariei begira baino gehiago, III. Antzerki Arina Jardunaldiotan lan bat aurkeztu gura izan dogu, besteak beste, aurreko edizinoetan ez dalako euskerazko lanik egon. Edozelan be, esan dozun lez, sariak eta holakoak gustora hartzen dira beti.

Euskal antzerkigintzearen egoereari jagokonez, sormenerako gogo handia dago, gero eta proposamen interesgarriagoak dagoz, euskeraz sortu, pentsau eta egiten dira antzezlanak eta bizimodua antzerkigintzan jardunez ateratzea sano gatxa dan arren, badira batzuk horretan dabilzanak baina gauza gehiago behar da aurrera egiteko aktote lanaz aparte, gidoiak idatzi, antzezlanak sortu, zuzendu... Baina uste dot hausnarketea behar dala zenbat ikusle edo hartzaile dagozan zehazteko ze nire ustez falta edo bakotasun handia dago hor.


7.- Gizatalde bat dagoan leku guztietan dago antzerkia eta egian eta azaldu ezinezkoan oinarritutako antzerkiaren aldarrikapena dira igazko eta aurtengo Antzerkiaren Nazinoarteko eguneko mezuen ardatz. Zein da zure eretxia?

Egia borobilak dira aitatu dozuzan idea horreek, antzerkia edozeinek dauka egunero, sormen txikia edozeinek dauka. Konturatu barik jenteak presenteago dauka antzerkia, sormenari eta buruari eragiteko beste era bat da, ez bakarrik eginez, baita ikusiz be.


8.- Saltsa-maltsa askotan zabilz, kazetaritzan lan egiten dozu baina antzerkia be ez dozu baztertzen. Aktore moduan profesionalizetako aukerarik ikusten dozu?

Pare bat urtean edo ibili izan naz antzerkian profesional eran eta gustora egingo neuke hautua. Gogoa da behar dana, lanik dagoan ala ez dagoan, sektorearen krisia eta bestelako gogoetak baztertuta. Baina kazetaritza lanak be asko gustetan jataz eta oraingoz bien buztarketa horretan gustora nabil. Baina autortu behar deutsut bateren baten pentsau izan dodala kazetaritza lanak itxi eta antzerkigintzan jardutea buru-belarri.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu