Ander Aldekoa Imaz: 'Etorkizuna hemen dago, etorkizuna gaur da'
2015-03-30 12:17 BarriketanNabari etxearen sortzailea
Gura ez dala hasi zan Ander Aldekoa Imaz getxotarra modearen munduan, herriko Antzerki Eskolako ikastaro bat egin ostean. Autortu deuskunez, amesik zoroenetan be ez leuke pentsauko Madrileko Mercedes-Benz Fashion Week dalakoan Ion Fiz diseinatzaileagaz batera aurkeztuko zituala berak sortutako Nabari kamisetak. Barrikuntzea, etikea, jasangarritasuna eta bioteknologia ditu ardatz Aldekoaren erropa markeak, eta laster aurkeztuko dabe jentaurrean.
1.- Kasualidadez hasi zinan modearen munduan, behar ez zan ikastaro baten izena emonda hasi zan dana...
Ez nekien zer egin nire bizitzeagaz, leku askotan egon nintzan beharrean, eta halako baten figurinista ikastaro bat ikusi neban, Getxon. Izena emon, eta handik egun batzutara alkarrizketa bat egiteko deitu eustien, jente larregi euken eta batzuk kalean geratu behar ziralako. Matrikulearen informazinoa bialdu eustien, eta han ikusten dot jantzien teknikaria ipinten dauela. Oker ebilzala pentsau neban, nik figurante ikastaroa egin gura neban eta. Getxoko Antzerki Eskolan zan ikastaroa, seguru nengoen figurante tailerra zala. Ba, ez, neu nenbilen txarto. Googlen begiratu neban, figuinistea da jantziez arduratzen dan hori.
Alkarrizketa egiten joan nintzan, dana dala, eta egia esan neutsien; ustez beste ikastaro baten izena emon nebalakoan nengoela. Eta hartu egin ninduen... Antza alkarrizketatzaileetako bat be kasualidadez hasi zan modearen munduan, eta zeozer ikusi eustan...
2.- Ba, asmau eban, ezta?
Bai, hiru urteren ostean Nabari erropa etxea sortu dot. Ez neukan modearen ganeko idearik be ez, bapez. Bilaketa sasoi batean nengoan, bila nenbilen. Ikastaroa amaitu ostean idea batzuk izan nituan, lagun batek kamisetak egiten hastea proponidu eustan. Astebete egon nintzan idea horri bueltak emoten, baina kamisetak diseineteaz gan, apurtxu bat gehiago garatu neban idea: erropa marka bat egingo dot, pentsau neban. Momentu horretan bizi neban prozesuan, zeozeren bila nenbilen, zoriontsu egingo ninduan zeozeren bila. Eta zoriontsu izateko modu bat da norberak sentiduten dauen etikeagaz bat egitea. Beharrean hasi nintzan, diseinatzaile bila.
3.- Eta Ion Fizegaz egin zenduan bat...
Bai, hareri proponiduteko gomendatu eustien. Idea oso ona begitandu jakon, eta aurrera egin genduan. Proiektua garatzen hasi nintzan, bazkide bila, marketing ikastaro bat egin neban. Batez be, talde bila hasi nintzan, inbersoreak, ikerketea egingo eban laborategia eta abar. Dirua behar eban proiektuak, nik neuk euro bakarra be ez neukan eta.
4.- Bene-benetan zerotik hasi zinan, orduan.
Bai, euro bat be ez neukan, ezebez. Nire egoera ekonomikoa ez zan lar ona. Ikasketak itxi behar izan nituan lan egiteko, gauzak ez egozan ondo, egia esan. Hartzen nituan lanak aurrera egiteko besterik ezin ziran, biziteko, ez neukan aurrezteko aukerarik. Jakina, gauza barriak egiteko gogoa neukan, jakin-min handia, baina dirurik ez. Martxan hazteko taldea osotu beharra neukan, batek bik baino gitxiago pentsetan dabe. Eta dirua lortzeko be talde bat behar neban, nik ez neukan euro bat bera bez, baina beste batzuekaz batu ezkero...
5.- Hiru urte emon dozuz Nabari eregiten, lan handia izan da?
Lan handia eta gogorra izan da. Getxoko ikastaroa zezeilean amaitu zan, eta aste biren ostean beharrean hasi nintzan. Diru kontuak gogorrak izan dira, diru barik ezin daiteke ezer egin. Laguntza gitxi dagoz, eta dagozanak behin dirua daukazunean emoten ditue. Gatxa da. Huts asko egin doguz, eta ahalegindu gara danak konpontzen. Baina garrantzitsuena da azkenean lortu dogula. Zailtasuna ez da eragozpena, ikasketearen barruan sartzen da. Zure helburuak lortzen dozuzanean saria handiagoa da ganera.
6.- Nabari, nabarmendua, berezia esan gura dau, holangoak dira zuk egiten dozuzan kamisetak?
Euskerazko berbea aukeratu neban, Nabari. Nik gaztelaniazko ereduan ikasi neban, eta euskera irakasgaia geunkan. Amorrua emon deust orain euskerarik ez jakiteak, edo oso gitxi jakiteak. Egiteko daukadan gauza bat da. Euskereagaz konpromisoa daukat. Izena horregaitik dauka euskeraz, eta etiketak be euskeraz eukiko ditu. Leku bakotxean etiketak bertako hizkuntzan ipinteko aukerea eskaintzen dogu, euskeraz, katalanez, eskozieraz...
Eta izena bera, Nabari, nabarmendua, ganarekoakandik nabarmentzen dan erropa muetea egin gura izan dogu; kalidadea, baloreetan eta barrikuntzan nabarmentzen dan erropea, hain zuzen be.
7.- Erropa etikoa eta jasangarria dala dinozu, kontzeptu horreek ez dira normalean erropeagaz lotzen ba.
Erropea eta beste hainbat produktugaz. Erosten doguzen produktuek egindako bidea guztiz ezezaguna da guretzat, ez dakigu giza eskubideak bete diran, lehengaiak nondik datozan eta abar. Indian izan nintzan, algodoia zelan egiten dan ikusten, honitzaile bila. 300 lantegi ikusi nituan, eta lau besterik ez ziran salbau, eta eurak be hortxe-hortxe. Ganerakoetan danetarik ikusi neban: umeak beharrean, egoera sano txarretan dagozan langileak, sua amatetako bako lekuak... Ikaratuta geratu nintzan, eta horreetako askok multinazional ezagunetarako behar egiten dabe.
Jakina, enpresetako arduradunek lora eta guzti hartzen ninduen, niri koipea emon eta emon. Hornitzaile etikoak nahi nituan nik, eta handik benetan bildurtuta egin neban ospa.
8.- Kontsumitzaile gehienok ez deutsagu garrantzirik emoten horri, prezioa besterik ez dogu begituten.
Jakingo begendu gauza asko zelan egiten diran, ze baldintzatan, ez geunkez erosiko. Seguruenik, etikeagaitik diru apur bat gehiago pagauko geunke; beharginak baldintza duinetan lan egiteagaitik, eta prozesu jasangarria erabilteagaitik, apur bat gehiago pagauko geunkela uste dot.
Erabilten dogun erropa gehienak prozesu kutsatzaileak darabilez. Kutsatzea da errazena, edo huskeria bat ordaintzea beharginei, hori be erraza da. Baina hori ezin da onartu. Ezjakintasuna zoragarria da jente askorentzat, hobe ezer ez jakin eta merke erosi.
9.- Eta zelan izan daiteke adimenduna kamiseta bat?
Kamisetek txip bat daukie, eskuko telefonoagaz alkarreragilea dana. Kamisetearen erabilpenaren barri emoten deusku txipak, noiz erabili genduan azkenengoz, gagozan lekuaren araberako garbitzeko aholkuak, eta ze beste erropagaz jantzi geinken be. Esaterako, orain ipinten badogu kamisetea esango deusku jerse bat hartzeko, ze gerotxuago hotzitu egingo dau. Kolorearen arabera, ze beste erropagaz jantzi geinken dinosku; hori itsuentzako itzela da. Gitxitan daukaguz kontuan itsuak, eta akaso laguntzea behar dabe holango gauzetarako.
10.- Esaten dozuzanak entzunda etorkizunaz berbetan zagozala begitantzen jat...
Baina, etorkizuna hemen dago, etorkizuna gaur da. Eten barik gabilz barrikuntzak egiten, edozein persona edo enpresak daukaz idea barriak. Dana da posible. Imajinau zeinken dana egin daiteke, bai edo bai. Dan-dana da posible. Etorkizuna orain da.
11.- Nabari-k ganera bioteknologia erabilten dau. Zelan?
Txiparen patenteez aparte, b-endorfina molekulea daroan lehenengo erropea patentau dot. Zoriontasunaren molekulea esaten deutsie. Kamisetea janzten daben personei ondoizatea emotea da helburua. Kontua sa oso gatxa dala hori probetea. Botika-industriak berak be ezin dau multibitamnikoen eragina probau, atara kontuak. Ezin geinke esan ziurtasun osoz molekula horrek eraginik daukanik, nahiz eta makina bat proba egin doguzan. Esan geinken bakarra da molekulea erropetan egon badagoala.
12.- Non eroski geinkez kamisetak? Laster online egongo dira salgai, ezta?
Apirilean Ion Fizek bere erropen aurkezpenea egingo dau, eta tartean egongo da Nabari. Eta bagiletik aurrera online salduko dogu, www.nabari.eus gunean. Ion Fizegaz sinatutako akordioari esker, 2018ra arte, Madrileko Mercedes-Benz Fashion Week hitzorduan egongo da Nabari, urtean birritan, bai udabarri-udeari bai udagoien-neguari jagokonetan. Eta beste Mercedes-Benz ekitaldi batzuetan be izateko aukerea dago, irailean Madrilen eta Kroazian, berbarako; eta, datorren urtean Madrilen eta Mexikon...
13.- Ze kontsumitzaile muetarentzat dira kamiseta honeek?
Etikea eta jasangarritasunaz arduratuta dagoan kontsumitzailearentzat dira, eta aldi berean, balio dabena ordaintzeko prest dagozanentzat. Barrikuntzea, lehengai organikoak eta beste ezaugarri guztiak ez dira merkeak. Itsuentzako prestatuak egoteak, hizkuntza eskubideak errespeteteak, erabilitako teknologiak... hori dana pagau behar da. Gure kamisetek, batez beste, 120 euro balioko ditue. Momentuz kamisetak besterik ez daukaguz, baina beste gauza batzuk be egiteko asmoa daukagu, prakak, jerseak... ikusiko dogu.
14.- Orain dala hiru urte...
Ez neuke amesetan be pentsauko honetan ibiliko nintzenik. Gaur egun, ez dot epe luzerako planik egiten, egunean egunean gauzak ahal danik eta ondoen egiten ahalegintzen naz, eta emoitzea etorri daitela esfortsuagaz bat. Madrileko Mercedes-Benz Fashion Week horretan egotea bera... amesetan be ez! Idearen bat euki ezkero, eta gogoa, igual norberak bakarrik ezin leike egin, baina beste batzuekaz batu ezkero, bai. Itxaropena eta esfortzua batzea da kontua, eta taldeko lana, hori oinarri-oinarrizkoa da.
Daukazun idea horretan sinistu behar da. Zintzoa izatea be oso garrantzitsua da, zintzoa norberagaz, taldeko kideakaz, erosleakaz, danakaz. Borondate ona badaukazu hobeto sentiduten da personea, eta holan gauzak askoz hobeto egin daitekez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!