Egile italiarrak nagusi, OLBEren datorren denporaldiko opera programazinoan

Dabi Piedra Robledo 2015-03-17 09:47   Musikea

Oraingoan, sekula baino lehenago aurkeztu dabe hurrengo denporaldiko egitaraua Bilboko ABAO-OLBE alkarteko arduradunek. Holan, 2015-16 denporaldian bost opera eta Verdiren Requiema izango dira ardatza. Egile italiarren obrak izango dira guztiak, publikoak gehien eskatzen dituanak diralako. Ganera, Abaotxiki programearen barruan, euskerazko emonaldia estreinauko dabe, Txanozuritxu.

Oraingoan, sekula baino lehenago aurkeztu dabe hurrengo denporaldiko egitaraua Bilboko ABAO-OLBE alkarteko arduradunek. Holan, 2015-16 denporaldian bost opera eta Verdiren Requiema izango dira ardatza. Egile italiarren obrak izango dira guztiak, publikoak gehien eskatzen dituanak diralako. Ganera, Abaotxiki programearen barruan, euskerazko emonaldia estreinauko dabe, Txanozuritxu.

Juan Carlos Matellanes ABAOko presidentearen esanetan, Bilboko opera denporaldiak gero eta oihartzun handiagoa dauka nazinoartean, eta ez da arraroa atzerritik etorritako bisitariak izatea Euskalduna Jauregiko emonaldietan: Bilbo operearen nazinoarteko zirkuituan dago eta operadoreek gero eta lehenago nahi izaten dabe euki hurrengo denporaldietako programazinoa, bidaiak preparau ahal izateko. Hartara, Matellanesek azaldu dauenez, aurten sekula baino lehenago aurkeztu dabe hurrengo sasoiko egitaraua, martian.

Aurreko urteotako joereari jarraituta, 2015-16an be bost opera eskainiko dira programazino nagusian. Lehen zazpi izaten ziran, baina Matellanesen esanetan, baliabide ekonomikoek ez dabe gehiagorako emoten. Bilbok merezidu ditu zazpi opera urtean, eskema horretara bueltau nahi dogu, baina oraingoz ezin da. Hori bai, Tutto Verdi zikloaren barruan, Giuseppe Verdiren Messa da Requiem gehituko deutsie bost operei. Aurten emon nahi izan dogu Verdiren requiema baina ezin izan dogu eta, datorren denporaldian bai, zor hori kitatuko dogu, dino Matellanesek. Datorren denporaldian, ABAOk hiru zutabe izango dituala dino alkarteko presidenteak: kalidadea mantentzea, proiektu kulturalak bultzatzea eta ekonomikoki jasangarri izatea. Goren mailako artisten eta produkzinoen alde egiten dogu beti.

Bost operak egile italiarrenak dira. Cesidio Niño OLBEko zuzendari artistikoak azaldu dauenez, publikoak gehien eskatzen dauen estiloa da italiarrena, kritikeak be gustura hartzen ditu. Giacomo Pucciniren Manon Lescaut eta Donizettiren Roberto Devereux obra ezohiko bi dira, sarritan ikusteko aukerarik ez da egoten. Bien bitartean, Rossiniren Il Barbiere di Siviglia eta Belliniren Sonnambula, klasiko bi dira. Halanda be, 2015-16 denporaldiko harribitxia, Verdiren Don Carlos izango da. 1867an idatzi eban Verdik opera hori, frantsesez, Pariseko urte haretako Erakusketa Unibersalerako. Bilbon lehenengo aldiz Verdik idatzitako moduan ikusi ahal izango da obrea, orain arte bersino italiarrean edo eszena batzuk kenduta edo moldatuta baino ez da erakutsi. Don Carlos operearen ezaugarri nagusia 3. eszenan daukan balleta da. Miarritzeko Balleteko jantzariek interpretauko dabe zati hori. Verdik 1867an idatzitako moduan, frantsesezko bersinoa entzungo da Bilbon, 2015eko urrian eta zemendian.

Programazino nagusiagaz batera, urterik urte finkatzen doazan hitzorduak ez dira faltauko 2015-16an OLBEn. Esate baterako, umeei zuzendutako Abaotxiki programan bost titulu dakarz hamaikagarren denporaldiak. Nabarmenena, OLBEk berak produzidutako Txanozuritxu obrea da. Txanogorritxuren istorioa, gaur eguneko sasoietara egokituta, hori da Txanozuritxu-ren oinarria. Euskeraz izango da opera hori. Beste alde batetik, Tutto Verdi zikloak hamarkadea beteko dau. Holako ziklo bat mantentzea ezinezkoa zala esaten eben batzuek hasieran, 'bilbotarkeria' zala, baina ikusi da egingarria dala, adierazo dau Matellanesek.

Operearen zaleek badaukie, beraz, datorren urteko egitarauan gustuko obrak topetako aukerea. Aurtengo denporaldia be aurrera doa eta, egitarauaren erdialdera helduta, OLBEk balorazino positiboa egin dau. Okupazinoa ia %90ekoa izan da orain arte, 12.000 ikusle baino gehiago izan doguz, nabarmendu dau Matellanesek. Werther lanaren emonaldiak historikoak izan dirala dino, artista eta eszenaratze bikainak euki ditu 'Werther'-ek, publikoa oso gustura geratu da. OLBEko presidentearen ustez, Bilbon zaletasun handia dago eta, ganera, publiko barriak erakarten hasi gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu