Asier Amondo: 'Korrika amaituta, martiaren 30ean, euskahalduntzen segidu nahi dogu'
2015-03-16 10:54 BarriketanKorrika 19ko koordinatzailea
Egun gitxi-gitxi falta dira 19. Korrika Urepeletik abiatu daiten. Eguenean, hilaren 19an, hasiko dau bidea lekukoak, Euskahaldun! lemapean, eta domekan, 29an, Bilbora helduko da. Aurten koordinatzaile barria dauka Korrikak, Edurne Brouardek lekukoa emon deutso-eta Asier Amondo laudioarrari. Lanez ganezka topau dogu, azkenengo egunetako azkenengo zehaztasunak atontzen.
1.- Hauxe dozu lehenengo Korrika, zelan zabilz koordinatzaile lanetan?
Momentu honetan, ganezka, baina txikitxeriak besterik ez dira falta lotzeko. Lan hau oso polita da, esker oneko jente asko ezagutzen dozu. Korrikako irudia naz orain, baina lantalde itzela dago atzean. Korrikaren balore handienetakoa lantaldea da. Hasieran, koordinatzailea lana hasi nebanean bertigoa sentidu neban, eta bildur apur bat bere bai. Erantzukizun handia da. Orain gustura nago, lan polita da.
2.- Dana dala, ez zara barria behar honetan, ezta?
Laudion, nire herrian, hasi nintzan lehenengo Korrika barruan parte hartzen. Eta 14.etik aurrera nazino batzordean egon naz. Lana ez da barria, kontua da Korrikaren arpegia nazala orain. Taldea koordinetea aldaketa handia izan da.
3.- Eta zeintzuk dira, ba, koordinatzailearen buruko minik handienak?
Ba, buruko minak aldatzen joan dira, epez epe desbardinak izan dira. Hasieran, mezuagaz ibili ginan, omenduagaz, proposamena egitea, ibilbidea zehaztea... Eta gero zemenditik hona, aurkezpenearen ostean, Korrika Kulturala eta beste ekintza guztiak izan doguz buruko min. Orain, azkenengo egunetan, koordinatzailearen ardurea da ia dana egon behar dan lekuan dagoan ikustea, ia dan-dana lotuta dagoan. Daborduko, hasiera egunari begira gagoz, eta gero azkenengo egunari begira hasiko gara.
4.- Euskahaldun! dino aurtengo lemeak, harridura marka eta guzti.
Hitz-joko bat egin dogu. Euskaldun zer dan danok dakigu, euskerea daukana; eta, gero ahal sartu dogu, ahalduntzen prozesua gogoratzeko. Ahalduntzea kontzeptua ez dogu guk asmatu; baltzek erabili eben Ameriketan 60.eko hamarkadan euren aldarriak egiteko, ostean feministek erabili eben, eta guk geurera ekarri dogu. Euskahaldun, ahalduntze prozesua bideratu daigun euskalgintzatik euskaldunekaz. Indar metaketea egin nahi dogu euskerearen inguruan. Horretarako erabili doguz alkarlan eta auzolan kontzeptuak; erakunde eta gizarte eragileekaz alkarlana bultzatu behar dogu. Auzolanean, danen artean euskereak bere bidea egitea lortu behar dogu, eta danon artean bide onean ipini.
5.- Urepele eta Bilbo batuko ditu Korrikak, zergaitik herri bi horreek?
Ba, alde batetik kasualidadea be izan da. Bilbon amaitzea toketan zan, uriburuetan txandaka amaitzen dogu eta. Aurrekoa amaitu dan lekuan hasten da hurrengoa, idatzi bako arau bat edo da. Baionan amaitu zan azkenengoa, beraz honi Iparraldean amaitzea jagokon, eta Urepele aukeratu genduan. Nekazal gune euskaldun baten hasiko da Korrika eguenean, eta kopuruari jagokonez euskaldun gehien dituan uriburuan amaituko da. Xalbador eta Aresti lotu doguz, nahi barik be sinbolismoz bete doguz hasierea eta amaierea. Istorio polita urten dala begitantzen jat, eta aprobetxau egin dogu.
6.- Aurtengo omendua Durangoko Azokea da, zergaitik?
Berrogeita hamar urte beteko ditu aurten Durangoko Azokeak, Euskal Herrian gauza gitxik beteten ditue hainbeste urte. Gure leloagaz bat eginez, ahalduntze itzela egin dau Azokeak urteotan. Hasieran, liburu azokea izan zan, eta handik gitxira liburu eta disko azokea bihurtu zan, eta gaur egun kultur azokea dogu. Euskal sortzaileen erakusleihorik handiena da, diziplina asko batzen ditu Durangoko Azokeak. Ganera, alkarlana eta auzolanaren adibide da, eta pentsau genduan omenaldia merezidu dauela.
7.- Korrikak be 19. edizinoa dau hau, hori be ez da marka txarra.
35 urte, 19 edizino. Ez da makala, ez. Korrika be auzolanaren adibide da, Durangoko Azokea lez. Azken baten, pentsau behar dogu nik edo lantalde batek ezin dauela lekukoa eroan Urepeletik Bilbora, laguntasun barik. Herrietan dagozan batzordeak beharrezkoak dira, alkarlana itzela da. Urteten segidu behar dogu gure herriaren ikur bihurtu dalako zeozelan.
8.- Korrika kulturalak herri guztietako areto, plaza eta bazterrak bete ditu. Lehiaketa barriak antolatu dozuez, ganera, euskalkiena, berbarako.
Bai, gauza barria. Korrika Kulturalaren barruan dago euskalkien lehiaketea. Bideoak jasoten gabilz orain, eta laster jakinarazoko dogu nor dan irabazlea. Beti ahalegintzen gara barritasunen bat sartzen Korrika Kulturalaren barruan. Hainbat egitasmo batzen ditu Korrika Kulturalak, esaterako, Fausto herritar eredugarri antzezlana, Gosariak musika proiektua, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Txo, Mikmak txikia umeentzako ikuskizuna, Bertsolaritzaren sekretuak emonaldia, eta abar. Gauza erakargarriak ditu egitarauak, jenteak parte hartu daian. Aberasgarria da guretzat.
9.- Korrika ekimena benetan da arrakastatsua, jente ugari, danetarikoa, batu eta mobilizetan da. Zein ete da sekretua?
Herri oso bat astintzen dau Korrikak. 2.500 kilometrotik gora egingo ditu Korrikak, eta beste hainbeste emozinoi desbardin eragingo ditu, kilometroz kilometro emozinoak aldatzen joango diralako, barre, negar... Hainbeste herritatik pasaten da, azkenean danek parte hartzen dabela. Eta danek dabe Korrika bere, euskal jentearengan sustraituta dago, horregaitik dauka hainbesteko arrakastea. Jentea irrikaz dago, gauzak antolatzeko, kilometroak hartzeko. Korrikan 2.500 emozino emoten dira gitxienez, eta herri batzutan jentetsua izaten da, beste batzutan ez, urian izna daiteke, mendian gora bere bai.
10.- Urteotan, Korrikak kumeak izan ditu, Bretainian, Irlandan eta Galesen antzeko ekimenak dagoz, eta badira egunotan Korrikak be Munich, Lima, Shanghai, Paris, Valentzia, La Habana, Sydneyn...
Diasporako Korrikak 50etik gora izango dira, eta aurten, ganera, Afrikara ailegau gara, beraz kontinente guztietan gagoz. Sahara eta Johanesburgon egingo da aurten. Mundu osora hedatzen da ekimena. Korrikaren data hurreratzen danean, euskal herritarrak dagozan lekuetatik deitzen hasten jakuz.
Bretainian, Irlandan eta Galesen gure Korrikaren antzekoak egiten ditue. Breatainiakoak gauez geratu egiten dita, baina beste biek, gure antzera, gau eta egun egiten dabe korrika. Gure lehengusinak, edo ahiztak dirala esaten dogu. Hizkuntzearen aldarria egiteko erabilten dabe ekimena eurek be.
11.- Edozelan be, aste honeek behin pasauta, igarten da indar hori guzti hori ikasgeletan, euskalduntzean?
Hori da gure helburuetako bat. Aurreko Korrikaren amaieran egindako hausnarketea kontuan izan dogu aurtengo leloa aukeratzeko. Jentea lotzeko, indar metaketea egiteko, ahalmena ikaragarria da, baina behin amaituta indarra galdu egiten da. Korrika amaituta, martiaren 30ean, euskahalduntzen eta euskalduntzen segidutea nahi dogu, euskaltegiak jentez beteta, jentea euskerara hurreratzea, jenteak euskerea ikastea, eta dakienak egin daiala. Ia lortzen dogun Korrikaren inguruan batzen dira indarrak gero be segidutea.
12.- Egunen baten akaso ez da Korrikarik beharko...
Gaur egungo Korrikak helburu ekonomikoa dauka. Euskaltegien egoerea ez dago normalduta, finanzazino lerroak gehiago findu behar dira. Iparraldean laguntza txikia daukagu, eta Nafarroan ez dogu laguntzinorik jasoten 2012tik. Korrikaren helburua ekonomikoa da, sustapenegaz batera. Nire eretxia da, behin egoerea normalduta dagoanean, Korrika egiten segidutea. Euskalgintzarentzat sari baten antzekoa, urte bitik behin gauzak ondo egin doguzalako, gure aldarriak aurrera doazelako. Sustapenak segidu beharko leukela uste dot, alde ekonomikoa albo batera itxita. Korrika bera ikur bat dala uste dot.
Jai bat be bada, ospakizuna. Ondo egindako lanak merezidu dauen ospakizuna da. Herri bat astintzen dauen ekimena da. Korrika berez da anitza, generoa, adina, ideologia eta abar kontuan hartuta, eta anitza izan gura dau. Jente guztiak bat egitea dau helburu, eta danek parte hartzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!