'Juan Larrea (El hombre al que perseguían las palomas)', Fernandez de de la Sotaren azken liburua aurkeztuko dabe
2015-03-09 14:11 KultureaBidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu dauen José Fernández de la Sotaren azken liburuaren Juan Larrea (El hombre al que perseguían las palomas) aurkezpen ekitaldia jasoko dau martiaren 10ean. Lan hori, Juan Larrea poeta bilbotarrari buruz idatzi dan lehenengo biografia eta bakarra da. Martiaren 13an 120 urte beteko dira jaio zanetik.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu dauen José Fernández de la Sotaren azken liburuaren Juan Larrea (El hombre al que perseguían las palomas) aurkezpen ekitaldia jasoko dau martiaren 10ean. Lan hori, Juan Larrea poeta bilbotarrari buruz idatzi dan lehenengo biografia eta bakarra da. Martiaren 13an 120 urte beteko dira jaio zanetik.
Topaketea Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean –sarrerea librea–, eta egilea eta Beñat Arginzoniz editorea bertan egongo dira. Horrezaz gan, Bilboko Noches Poéticas taldeko kide Julian Borao eta Javier Arnaizek Larrearen zenbait poema irakurriko ditue.
Juan Larrea (Bilbo, 1895 - Argentina, 1980), XX. mendeak emon dauen egile katalogaezin eta enigmatikoenetakoa da. 27ko belaunaldiko bitxi nagusia da eta, frantsesez idatzi arren, Rafael Albertirengan, García Lorcarengan, Gerardo Diegorengan eta Vicente Aleixandrerengan ezkutuko eragina izan eban poetea da. Poeta lez dauen berezitasuna nahikoa izango litzateke bere aurrean interesa erakusteko. Baina, horrezaz gan, Larrea beste gauza asko be bada: arkeologoa eta Colonen aurreko artean aditua, literatura eta arte kritikaria, Pablo Picassoren Guernica lanaren interprete eta lekukoa, lan asko idatzitako saiakeragile profetikoa, aldizkari sortzailea, Ameriketara joan behar izan eban erbeste errepublikarraren personaia azpimarragarria, Buñuelen gidoilaria, César Vallejoren anai espiritual eta apoderatua…
Liburu honetan, José Fernández de la Sotak Larrearen aztarnak jarraitzen ditu, sei herrialdetatik eta bi kontinentetatik, eta irakurlea, bere burua espiritu abenturazale lez definidu eban personearen abentura intelektualera eta gizatiarrera hurreratzen dau. Literaturan egin eban lana ia guztiz baztertuta egon zan Espainian, baina Gerardo Diegok bere hainbat poema itzuli eta Carmen aldizkarian eta 27ko belaunaldiari eskainitako Antología lanean sartu zituan (1932an eta 1934an). Halan da be, egile bilbotarraren lirika osoa ez zan 1970era arte argitaratu gaztelaniaz, Versión celeste izenburuagaz.
José Fernández de la Sotari (Bilbo, 1960) jagokonez, esan behar da hogei liburu inguru argitaratu dituala, poesia, narrazino eta saiakera lanen artean. Birritan irabazi dau Literaturako Euskadi Saria, 1997an eta 2010ean. 2011n, Poesia Sari Nazionaleko finalistea izan zan, Travesía de Bilbao lanagaz. Bere lanen artean Te tomo la palabra (Alonso de Ercilla Saria eta Kritikaren Sari Nazionaleko finalistea), Todos los santos (Antonio Machado Nazinoarteko Saria), Cumbre del mar (Alfons el Magánim Saria), Vacilación, Aprender a irse (Ciudad de Córdoba Saria) eta Elefantes blancos, Negrita con diamantes eta Suerte de perro (Cortes de Cádiz Sari Iberoamerikarra) kontakizun-liburukiak azpimarra daitekez.
2009an, Juan Larrea, versión terrestre saiakera biografikoa argitaratu eban. Pido la paz y la palabra film luze dokumentalaren zuzendarietako bat izan da, eta bere lanen parte bat frantsesera, portugesera, errusierara eta arabierara itzuli da.
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian dagoan gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literaturea sustatzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!