Ines Osinaga: 'Geure-geurea sentiduten dogu Gosariak baina ez da geurea bakarrik'
2015-02-23 10:13 BarriketanInes Osinaga, Goseko abeslaria eta trikitilaria
Hiru zutabeko lana osotzeko, alkarlana oinarri izan dauen lana osotzeko Joseba Sarrionandia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek, indarrak batu ditue Gosariak izenburuko disko-liburuan.
Urtarrilaren 22an abiatu eben Gosariak aurkezteko birea; Korrika Kulturalaren barruan egin eben lehen emonaldi hori Bilboko Guggenheim Museoan eta hortik aurrera Eskoriatza (Zaldibar antzokia), Donostia (Intxaurrondo Kultur Etxea), Gasteiz (Kubic aretoa), dagoeneko pasauta eta hemendik aurrera Igorre (Lasarte aretoa), Leioa (Kultur Maratila) eta Iruñean (Zentral aretoa) egongo dira. Bizkaian emongo dituen kontzertuen aurretik egin dogu barriketaldia Ines Osinagagaz.
1.- Gosariak lanaren aurkezpen biran burubelarri sartuta zagoze. Kontzertu batzuk emon dozuez dagoeneko. Orain arte zelako harrerea izan dau disko-liburuak?
Diskoak oso harrera ona izan dau, inoiz baino ale gehiago banatu doguz eta diskoa aurkeztu eta zuzenekoakaz hasi arteko inoizkorik tarte luzeena itxi arren, jenteak oso ondo erantzun dau. Kantu batzuk ikasita datoz eta kontzertuetan oso gustora gabilz. Birako lehenengoa, Guggenheim Museoan, Korrika Kulturalaren estreinaldian izan zan, lagun asko konbidau genduzan eta emonaldi berezia izan zan. Birako kontzertuak antzokietan egiten gagoz, gehienetan jesarrita egongo dira ikus-entzuleak, Goseren kontzertuetan ohituta gagozan energia horretatik diferente mobiduten da energia oraingo kontzertuetan eta gustetan jaku hori. Eszenografia be aldatu dogu, argiakaz be jolasten dogu, antzerkiaren elementuak be erabilten doguz...
2.- Hilaren 27an eta 28an, Bizkaian dozuez kontzertuak. Nongo zaleak dira beroenak, hotzenak, lasaienak?
Gatazka horretan ez gara sartuko, Gosekoak bizkaitarrez egiten dogun gipuzkoarrak gara eta ez gara hasiko batzuen alde eta besteen kontra egiten. Galdera gatxa da baina egia da leku batetik bestera gorabeherak igarten dozuzala. Kontzertuei jagokenez, bai, 27an, Igorren joko dogu, Lasarte aretoan eta 28an, barriz, Leioan, Kultur Maratilaren barruan.
3.- Lan potoloa da Gosariak, 11 kantu, danak Sarrionaindiarenak, Goseren musikea eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artisten lana buztartzen dituana. Zelan sortu zan lan hau egiteko idea?
Josebari luzatu geuntsan eskaerea Goseren aurreko diskorako Laranja, izeneko horretarako, kantu bat eskatu geuntsan; kanturako berbak ez jakuzan heltzen, diskoa grabau genduan, fabrikara bialdu, aurkeztu be bai eta Durangon, Ahotsenean aurkezten genduan egunean, lagun bat hurreratu jakun Josebaren partez enkargu bategaz eta hor esaten euskun Goserentzat kantu isolatu bat ez ebala ikusten, Goseren diskursoa eta esateko modua gogoan hartuta eta alkarregaz lan oso bat egiteko proposamena luzatu euskun, berak egingo zituala diskorako berba guztiak eta Gosek, barriz, musikea. Holan hasi zan hau guztia eta gauza bategaitik edo besteagaitik oso hurreko idazlea danez guretzako, oso pozik ekin geuntsan lanari.
4.- Joseba Sarrionaindiaren berbak musikari askok erabili ditue baina zuon kasua, akaso, berezia eta bakarra da, izan be, diskoko 11 kantuak dira iurretarrarenak...
Bueno, bat edo beste badago, bere izenagaz sinatzen dauena bai behintzat. Gosariak, barriz, alkarlanean egindako proiektua da eta Gose parte bat baino ez gara.
5.- Gosariak, diskoaren izenburua ez da kasualidadea, Gose eta Sarriren arteko buztarketa horretatik ei dator…
Bai. Berba joko horregaz olgau gura izan dogu: Gose + sarri= gosariak, zu izateari itxi baina zu izateari guztiz itxi barik, bateren bategaz batzen zarenean, beste zeozer zarelako. Hasiera-hasieratik argi geunkan hau ez zala Goseren disko bat izango, Goseren ibilbidearen jarraipena izan behar horretatik askatzea zan asmoa. Ganera, hasieratik gura izan dogu hirugarren elementu bat sartu, bikoteagaz apurtu gura genduan, Goseri beti gustau jakoz hirukoak, holakoetan beti eztabaidatu behar dozuzalako gauzak, askoz demokratikoagoak eta edegiagoak begitandu jakuz hirukoak bikoteak baino eta horrezaz aparte, Gosariak lanari beste dimensino bat emon gura geuntsan eta beste belaunali batekoak diran artistakaz lan egiteko gogoa geunkan, Juan Luis Goikoleagaz eta Iñigo Arregigaz kasu honetan. Ez genduan gura Goseren estetikearen esklabu izan, ez genduan gura azalerako kolore zehatz bat, gure ibilbidean geu arduratu gara diseinuaz eta oraingoan gura izan dogu hasieratik amaierara alkarlana izatea.
6.- Trikiaren eta elektronikearen buztarketea da Goseren oinarria eta arrakastearen giltza baina elektro-swinga, punk-rocka, habanera, jazz, tangoa, arabiar usaina eta bestelako erritmoak be badagoz Gosariak diskoan...
Bai. Goseren esentziagaz zintzo izaten jarraitu dogu. Goseren oinarria da trikia eta musika elektronikoa buztartzea baina horrek beste erritmo batzuetara be eroaten gaitu ezinbestean. Eta Gosariak lanean be elektroknikea eta trikiaz aparte, aitatu dozuzan erritmo horreek guztiak dagoz. Esan leike zuztarretara bueltau garela lan honetan, alkarlanean egindako lana izanik, akaso, bakarrik jorratuko ez zeunkezan arlo batzuk jorratzen dozuz eta hori izan da oraingo kasua; Sarriren Txalupa kantarako bai baina bestela Gosek sekula ez leuke habanera bat egingo bere seigarren diskoan; edo Alegrantziaren aldeko konjura kantuan, zuztarretara doan triki doinuagaz; edo Belengo albistiek kanturako ez bazan sekula ez genduan egingo Gernikako Marijesietan oinarrituta dagoan kantu bat. Lan hau Goserena bada izan, geure-geurea sentiduten dogu baina ez da geurea bakarrik.
7.- Gose hirukotea zarie, zu zeu ahotsa eta trikia, Iñaki bengoa eta Ion Zubiaga Osoron. Baina disko honetan makinatxu bat kolaborazino izan dozuez, bai musikan eta bai ahotsetan. Zeintzuk?
Lagunen kolaborazinoak eta beti gustau izan jakuz eta Goseren disko guztietan izan doguz. Ganera, kolaboratzaileak libre ixtea gustetan jaku, bakotxak bere sorkuntza eta arte gaitasun guztiagaz, ekarpentxua egin daian. Orain be holan izan da.
Izenak nabarmentzearren, Anger taldeko Arkaitz Biainen ahotsa entzuten da diskoan, gure korista ofiziala da honezkero, Mikel Arkauzen tronboia, Marlin Gonzalesen biboliña, Daniellis Moyaren ahotsa Katuen kantua abestian, Garazi Zabaletak soka konponketak egin ditu Txalupa kantuan edota Ander Lipusen ahotsak Katuen kantuan. Ander Lipus gauza bategaitik eta besteagaitik proiektua oso barrutik ezagutu dauen laguna izan da eta ahotsetan ez eze, Zoroetxeko harresia bideoan aktore lanak be egin ditu.
Horrezaz gan, David Herranzek bideoetarako argazkiak egiten deuskuz azken urteotan eta Alphax be ez dot ahaztuko, posprodukzinoan eta efektuetan eta lna handia egiten dauelako.
8.- Zoroetxeko harresia kantuaren bideoklipa be egin dozue Mikel Clementeren zuzendaritzapean. Aktore nagusia Ander Lipus da. Zergaitik aukeratu dozue kantu hau bideoklipa egiteko eta ez beste bat?
Mikel Clementegaz lehen be egin izan dogu lan eta orain be oso gustora geratu gara. Gose ez zan agertu behar tartean eta Sarri be erbestean dagoanez, ezin genduan bideoan jantzan jarri eta holan egin dogu, Ander Lipus da aktore nagusia; asko estimetan dogun lagun eta artistea da, asko maite dogu.
8.- Produkzinoa zeuok egin dozue eta diskoa Arrasateko Shot! estudioan grabau arren, nahasketak New Yorken egin dozuez eta masterizazinoa, barriz, Mamia estudioan. Zelako esperientzia izan da?
Ederra. Aurreko diskoa Madrilen grabau genduan eta honetarako, barriz, produkzinoa berreskuratu gura izan dogu. Nahasketea, ostera, ez genduan guk egin gura, kanpoko ikuspuntu bat gura genduan. Jonan Ordorikaren (Mamia estudioa) bitartez ezagutu genduan haren lana eta aspalditik geunkan Tim Lathamegaz (Invictus Sound - New York) lan egiteko gogoa eta oso gustora gagoz egin dauen beharragaz. Masterizazinorako etxera bueltau eta Jonan Ordorikaren esku itxi dogu; Goseren lehenengo diskoa izan ezik, ganerako guztiak berak masterizau ditu eta beste inork baino hobeto daki zein dan Goseren sonoridadea.
9.- Disko-liburuaren formatoa be berezia da, kutxa bat da izan, barruan liburua dakarrena eta azaletan marrazkiak dituana. Ze tirada egin dozue? Zenbat balio dau diskoak?
Formato berezia da, bai. Kartoizko kutxa bat da, ohikoak baino handiagoa eta zabaltzeko be alde bietara daukaz tapak. Barruan diskoa eta liburua datoz. Iñigo Arregi eskultoreak eta Juan Luis Goikolea marrazkilariak hasieratik planteau eben kutxearen kontzeptua, kutxa-eskultura baten antzekoa.
Ganerakoan, 14 euro inguruan dago salgai eta tiradearen barri ezin deutsut emon. Edozelan be, oraindino badagoz ale batzuk, ez dira agortu.
10.- Nahikoa lan izango dozue orain Gosariak lana aurkezten baina hurrengo diskoa buruan daukazue dagoeneko?
Ez. Gure energia guztia Gosariak lanera bideratzen dogu orain, biran sartuta gagoz eta amaitzen dogunean erabagiko dogu zer bazkaldu eta zer afalduko dogun. Biran bagilera arte edo jarraitzea da gure asmoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!