Ze Mays taldeak 'Harro ibili' Ibilaldiko kantea aurkeztu dau

Bizkaie! 2015-02-20 14:13   Euskerea berbagai

Maiatzaren 31n, Bilbo Zaharra auzoko Harrobia ikastoleak harro hartuko dau Ibilaldia jaiaren 37. edizinoa, eta holan adierazo dabe gaur Harro ibili abestiaren aurkezpenean. Zea Maysek sortu dau kantea, baina kolaboratzaile ugari izan ditu, tartean, Doctor Deseoko Francis, Rafa Aceves pianistea eta Jose Antonio Nielfa La Otxoa. Gaur arrastian, 19:30ean, aurkezpen-jaia egingo dabe ikastolan bertan.

Maiatzaren 31n, Bilbo Zaharra auzoko Harrobia ikastoleak harro hartuko dau Ibilaldia jaiaren 37. edizinoa, eta holan adierazo dabe gaur Harro ibili abestiaren aurkezpenean. Zea Maysek sortu dau kantea, baina kolaboratzaile ugari izan ditu, tartean, Doctor Deseoko Francis, Rafa Aceves pianistea eta Jose Antonio Nielfa La Otxoa. Gaur arrastian, 19:30ean, aurkezpen-jaia egingo dabe ikastolan bertan.

Garagarrilean hasi ziran kanteari bueltak emoten. Zea Maysi egin eutsien proposamena, eta taldeak lehenengoan emon eutsien baietza. Kantea nork egingo pentsetan genbilzala eurak izan ziran burura lehenengo etorri jakuzanak, ekarri dau gogora Fernando Garrigos Harrobia ikastolako zuzendariak. Ibilaldia egun bateko jaia izan arren, urtebeteko lana dala ganeratu dau Garrigosek. Harro ibili dino kanteak, izan be, harro dagoz lanbide heziketea euskeraz eskaintzeagaitik.

Ibilaldiko kantea sortzea emozionantea izan dala autortu dau Zea Mayzeko Aiora Renteriak. Arin emon genduan baiezkoa. Ibilaldi askotan jo dogu, baina orain Ibilaldiaren kantea egingo dogu. Emozionantea izan da, adierazo dau.

Harrobia Bilbo Zaharra auzoan dago, San Frantziskon, eta hori kontuan hartu gura izan dau banda bilbotarrak. Horregaitik, auzoan bizi diran musikariekana jo eben. Ahotsetan, esaterako, Coni eta Martin (Capsula), Francis (Doctor Deseo) eta Jose Antonio Nielfa La Otxoa-ren kolaborazinoak izan ditue. Francisek hartu-emon estua dauka auzuneagaz eta La Otxoa bertan jaio eta hazitakoa da. Audienceko Hannot gernikarra da izatez, baina San Frantziskon bizi da, eta berak be hartu dau parte. Ganera Zea Maysen %50 auzoan bizi da.

Kale Dor Kayiko ijito kultur alkarteko Yarey Jimenezek be kantau dau. Ahots berezia dauka, eta entzun nebanean, bera be egon behar zala pentsau neban, gogoratu dau Renteriak. La Otxoak euskeraz kantetea be erronka handia izan da. Musikariak pozarren dagoz emoitzeagaz. Jai giroko abestia izan arren Zea Maysek ikutu berezia emon deutsa.

Abel Isasi ikastolako irakaslea arduratu da bideokliparen grabazinoaz. Bideoa etxean egin dogu, esan dau, eta etxekoekaz, ganera. Bideoaren zati bat abenduan grabau eben, musikariak kantea Tio Pete estudioan grabetan egozala, eta bestea Bilboko kaleetan. Bideoa Harrobia plazan bertan amaitzen da. Bilboko Abusu ikastolako ume eta irakasleak agiri dira kanpoko irudietan, eta nagusitxuagoak be bai, Harrobiako lanbide heziketako ikasleak.

Daborduko, Harrobiako arduradunek badakie Ibilaldian jasoko dan dirua zertarako erabili, hain zuzen be, lanbide heziketearen proiektuetarako ekipemenduak erosi eta prestakuntza-espazioak hobetzeko.

Harrobiak hiru urte daroaz Bilbon Lanbide Heziketako ikasketak euskeraz eskaintzen. Dana dala, euskerazko lanbide heziketako ¡kastetxea sortzeko asmoa lehenagotik dator. 2001ean, Portugaleten, Ibar Ezkerra eskolea sortu zan eta, 2004an, Ikastolen Alkartea eta hainbat ikastetxe, Bilbon lanbide heziketea eskaintzeko proiektua garatzen hasi ziran. Egitasmo hori 2011n abiatu zan, eta Portugaleteko Ibar Ezkerra zentroa Bilbora aldatu ebenez, urte haretan bertan bat egin eben. Harrobia 2011ko zemendian sortu zan. Lanbide heziketearen mundua euskaldundu eta lanbideren bat euskeraz ikasi nahi dabenei horretarako aukerea emotea da ikastetxearen helburua.

Harro ibili kantea eta bideoklipa gaur, barikua, aurkeztuko ditue jentaurrean, Harrobia plazan, 19:30ean. Bertan izango dira kantan parte hartu daben Aiora eta Piti Zea Maysekoak, Francis Doctor Deseokoa, Yarey Jimenez, Audienceko Hannot eta Rafa Rueda.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu