Belen Gopegui eta Harkaitz Cano aurrez aurre 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean
2015-02-13 13:26 KultureaEztabaidak literatureagaz, jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Belén Gopegui eta Harkaitz Cano idazleek, idazketearen eta konpromisoaren ganean berba egingo dabe datorren martitzenean, zezeilaren 17an.
Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Belén Gopegui eta Harkaitz Cano idazleek, idazketearen eta konpromisoaren ganean berba egingo dabe datorren martitzenean, zezeilaren 17an.
Eztabaidak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lanak egiten ditu. Oraingo honetan Goizalde Landabaso idazlea izango da ekitaldiaren moderatzailea.
Eztabaidak literatureagaz ekimenak, literatur produkzino handiko bi idazle batzen ditu, biak be sari garrantzitsuak irabazitakoak, eta irakurleen zein kritikearen aintzatespenak jasotakoak, idazketeari eta konpromisoari buruz berba egiteko. Literatur sorkuntzeak eta protagonismoak, idazleen jarraitzaile diran irakurle ugarien aurreko konpromisoa erakutsi behar dabe.
Belén Ruiz de Gopegui eleberrigile eta gidoilariak, Literatur munduan Belén Gopegui izenez ezagunak (Madril, 1963), hainbat prentsa komunikabideren literatur ataletan hasi eban bere ibilbide profesionala, horreen artean El Sol. 1993an, Anagrama argitaletxeak arrakasta handiz argitaratu eban bere lehenengo eleberria, La escala de los mapas, idazle barrientzako Tigre Juan eta Iberoamericano Santiago del Nuevo Extremo izeneko sariak lortu zituana. Lehenengo lan horren ondoren bigarren eleberria etorri zan, Tocarnos la cara, 1995ean, eta bigarren horrek be harrera beroa jaso eban irakurleen zein kritikearen aldetik. Ondoren, 1998an, La conquista del aire etorri zan, eta Gerardo Herrerok zinemarako moldatu eban 2000. urtean, Las razones de mis amigos izenburuagaz.
Eleberri horren moldaketeagaz hasi eban ibilbidea gidoilari legez. 2005ean, orain arte antzerkirako idatzi dauen lan bakarra gehitu eutson, Coloquio, eta ondoren arrakastaz betetako literatur ibilbide zabalagaz jarraitu eban: El lado frío de la almohada, El padre de Blancanieves, Deseo de ser punk, Acceso no autorizado, bere azken eleberrira, El comité de la noche, heldu arte.
2012ko Euskadi Literatur Saria irabazi eban Harkaitz Canori (Lasarte, 1975) jagokonez, zuzenbidean lizentziau zan, baina berehala hartu eban idazketarako bidea. Idatzi dituan lanen artean ondokoak dagoz: Twist (2011n euskeraz, 2013an, gaztelaniaz); Beluna jazz (1996, Jazz y Alaska en la misma frase, 2004); Belarraren ahoa ukronia (2005, El filo de la hierba, 2007); edo Neguko zirkua kontakizun bildumea (2005, Circo de invierno, 2013); edo Piano gainean gosaltzen (2000, El puente desafinado, 2003), New York uriagaz dauen loturearen ondorioz sortutako kronika liburua. Hortik sortu zan, baita be Norbait dabil sute-eskaileran poema liburua (2001, Alguien anda en la escalera de incendios, 2008). Egilea bera arduratu da bere lanaren parte handia gaztelaniara itzultzeaz.
Birritan irabazi dau Euskadi Literatur Saria, eta beste birritan Kritikearena. Horrezaz gan, Twist lanagaz, irakurleek emoten daben Beterriko Liburua aitamena lortu eban. Bere eleberriak errusierara, grezierara, alemanera, italierara, nederlanderara, gailegora eta ingelesera itzuli dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!