Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldietan ekingo deutso ibilbideari
2015-02-12 10:38 MusikeaBagilaren amaieran eta garagarrilaren hasieran, Barriako aterpetxean (Araban) bost eguneko egonaldia egingo dabe musikari gazteek, eta ondoren, orkestrearen estrenaldia helduko da, Euskadiko nazinoarteko hiru jazz jaialdietan: garagarrilaren 5ean, Getxoko Jazzaldian, garagarrilaren 15ean, Gasteizkoan eta garagarrilaren 22an, Donostiakoan.
Eusko Jaurlaritzeak Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrearen (EIJO) sorrerea bultzatu dau, eta bere kideak hautatzeko probak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) konserbatorioetako eta musika eskoletako ikasleen artean egin dira.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu dau Gasteizen Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko musika konserbatorien eta musika eskolen arteko lankidetzatik sortutako proiektuak ikasleen artean musika modernoa sustatzea eta lantzea dau helburu, jazz bersinoan.
Uriartegaz batera, Angel Ugarteburu EIJOren koordinatzailea eta Euskadiko nazinoarteko hiru jazzaldien zuzendariak izan dira: Iñaki Saitua (Getxo), Miguel Martín (Donostia) eta Alberto Ibarrondo (Gasteiz). Izan be, jazz orkestra gazteak Getxo, Gasteiz eta Donostiako jaialdietan eskainiko ditu bere lehen kontzertuak uda honetan.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jazz eta musika modernoa ikasi ahal izateko bidea edegi dau profesional mailako musika ikasketen curriculumaren barruan, bai konserbatorioetan eta bai musika eskoletan be. Modu honetan, jazz musikea eta musika modernoa ikasi nahi daben ikasleen interesei erantzuna emoteaz gan, goi mailan sartu nahi daben ikasleei oinarrizko hezkuntza bat eskaintzen jake.
EIJOren aurkezpenean, Uriartek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak konpetentzia artistikoak bultzatzen egiten dauen lana azpimarratu dau. Era berean, gogorarazo dau, ikasleei jagokenez, Austriaren ondoren, Euskadikoa dala Europan ohiko ikasketakaz batera musika gehien lantzen dauen gizartea, bai konserbatorioetako ikasketa arautuetan, zein musika eskoletako ikasketa ez arautuetan.
EIJO proiektua aurrez Euskadiko Ikasleen Orkestreak (EIO) edegitako esperientziaren ondoren dator. EIO be Euskadiko konserbatorio eta musika eskoletako ikasleek osoturiko orkestra sinfonikoa da, 80 musikari gazte batzen dituana.
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea jazzeko big band batean oinarritzen da, talde honi jagokozan haize egur, haize metal eta perkusino instrumentuakaz: egurrezkoen atalean, sei saxofoi (saxofoi altuak, tenoreak, baritonoak); metalezkoenean, bost tronpeta eta bost tanbor (tronboi baxua barne); eta erritmikoenean, piano akustikoa, teklatu espezialistea, gitarra elektrikoa, kontrabaxua eta baxu elektriko bana eta bi perkusino jotzaile (bateria eta perkusino latinoa).
23 ikasle
Danetara, 23 ikaslek osotzen dabe Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea, danak be Euskadiko konserbatorioetako eta musika eskoletako ikasleak. Orkestran parte hartzeko aukeraketa probak zezeilaren 7an egin ziran, Gasteizko Jesus Guridi Musika Konserbatorioan, eta 55 musikari gazte aurkeztu ziran probetara.
Hautaketa proben ondoren, eta orkestrea kide guztiakaz osotua danean, entsegu eta topaketen egutegia hasiko da, udako kontzertuei heldu aurretik. Martitik maiatzera bitartean, EIJO hiru alditan alkartuko da, egun osoko saiotan (zapatuz), eskola teoriko eta praktikoak hartu eta entseguak egiteko.
Bagilaren amaieran eta garagarrilaren hasieran, Barriako aterpetxean (Araban) bost eguneko egonaldia egingo dabe musikari gazteek, eta ondoren, orkestrearen estrenaldia helduko da, Euskadiko nazinoarteko hiru jazz jaialdietan: garagarrilaren 5ean, Getxoko Jazzaldian, garagarrilaren 15ean, Gasteizkoan eta garagarrilaren 22an, Donostiakoan.
Proiektuaren oinarri pedagogiko eta musikalak
Alde batetik, topagune bat antolatuko da EAEko edozein musika zentrotan matrikulauta dagozan 14 eta 18 urte bitarteko ikasleakaz, eta bestetik, jazz musikan egon diran garai desbardinetako gai klasikoen eta, batez be, XX. mendeko korronte desbardinetako musiken ezagupena eta interpretazinoa egingo da.
Hirugarrenik, berezko errepertorio bat landuko da, konpositore euskaldun eta nazinoarteko persona ospetsuen hainbat enkargugaz osotuta. Konpositore egoiliar baten aukerea ikusi daiteke etorkizunari begira.
Laugarren proiektua euskal folklorearen zabalkundea eta barrikusketa garaikidea izango da, musika obra desbardinen moldaketak erabiliz, eta bosgarrena, egiten diran prozesu musikal guztien dokumentazino grafikoa sortzea (argazkiak/bideoak/CDak/bloga). Azkenik, kontzertu publikoetan aurkeztuko da eta EAEko jazzaldietan parte hartuko dau.
Sei oinarri horreek Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreari nortasun propioa emotea dabe helburu. Horretan laguntzeko, norberaren lana, klase teoriko eta praktikoak, analisi saioak, jazzaren historiaren azalpenak eta topaketearen bidez egingo diran entseguak erabiliko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!