Inoizko parte-hartzerik handiena izango dau aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketeak
2015-02-03 14:49 BertsolaritzeaNafarroako Bertsolari Txapelketea Nafarroako euskal kulturearen erreferentzia nagusietakoa bihurtu da. Aurten, 42. edizinoa beteko dau. Hilaren 7an Iruñean hasi eta martiaren 28an amaituko da. Nabarmentzekoa da aurten inoiz baino bertsolari gehiagok emon dabela izena txapelketan, 33 izan dira.
Urteak joan urteak etorri, Nafarroako Bertsolari Txapelketea Nafarroako euskal kulturearen erreferentzia nagusietakoa bihurtu da. Aurten, 42. edizinoa beteko dau. Hilaren 7an Iruñean hasi eta martiaren 28an amaituko da.
Nabarmentzekoa da aurten inoiz baino bertsolari gehiagok emon dabela izena txapelketan, 33 izan dira. Horreetatik seik lehen aldiz parte hartuko dabe txapelketan eta horreekaz kanporaketa saio bat egin zan abenduan Iruñean. Kanporaketa horretan hiru bertsolarik -Iruritako Kotte Plaza eta Barañaingo Mikel Lasarte eta Sarai Roblesek- irabazi eben zapatuan hasiko diran final-laurenetan kantetako txartela.
Kontuak kontu, 10 saio izango ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketeak, abenduan egin zan kanporaketea, eta zapatutik aurrera jokatuko diran bost final-laurenak, hiru finalaurrekoak eta finala.
Astegoienean, lehenengo bi saioak
Bi saiogaz abiatuko da astegoienean Nafarroako Bertsolari Txapelketearen edizino barria. Iruñean hasiko da aurtengo txapelketea, zapatuan. Katakraken jokatuko da lehen final-laurena, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Iruñekoa ez da astegoieneko saio bakarra izango, domekan Txapelketako bigarren final-laurena jokatuko baita Irurtzunen.
Nafarroako Bertsolari Txapelketea urtean zehar egiten dan lan isilaren fruitua da. Parte-hartzaile kopuru handiak erakusten dauen sasoi ona estu-estu lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Alkarteak transmisino arloan egin dauen lanagaz. Horren bitartez, gazte eta helduek bertsolaritzea ezagutzea lortzen da eta horretan jarduteko aukerea izan deiela. Gero eta gehiago dira Nafarroako herrietan sortzen diran gaztetxu zein helduentzako bertso eskolak. Dana dala, lan horren alderdirik garrantzitsuena Nafarroako ikastetxeetan egiten dan ekimena da, Bertsolaritza irakaskuntzan programea, hain zuzen. Jakina danez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak finantzazinoa kendu eutson egitasmoari orain ikasturte bi. Udal eta mankomunidade askok erakutsi daben konpromisoari esker, programeari eustea lortu da, oso murriztuta bada be. Horregaitik, beste behin be Nafarroako Bertsolari Txapelketearen etorkizuna bermatzeko horren garrantzitsua dan Bertsolaritza irakaskuntzan programea barriro be finantzau daiala dei egin nahi deutsagu Hezkuntza Departamenduari.
Helburuak
Txapelketea Nafarroan bertako bertsolaritzea sustatzeko modu ezin hobea da. Lau dira Txapelketearen bitartez lortu nahi diran helburu nagusiak:
- Zaletasuna dagoan lekuetan bertsolaritzea sustatzea eta horren zaletasun handia ez dagoan inguruetan ezagutarazotea.
- Nafarroako bertsolariak motibau eta ezagutzera emotea. Txapelketeak eurentzat erakusleiho izan behar dau. Urtero 200 bertso saio inguru egiten dira Nafarroan.
- Han eta hemen bertsolaritzearen alde lanean dabilzan guztiak alkartzea. Txapelketan bakotxak ahal dauena emoten dau eta parte hartzen daben 80 bat lagunen arteko alkarlana ezinbestekoa da urtean zehar ganerako ekimenak aurrera eroateko.
- Bertsolaritzeak Nafarroan dauen prestigioa handitzea, jarduera kultural hau gizarte osoari ezagutarazotea, euskaldunei zein erdaldunei.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!