Rafael Chocolat artistearen omenezko arte erakusketea ipini dabe Bilboko Kalao galerian
2015-01-14 14:04 KultureaKuban esklabo jaio, Bilboko meatzatan beharrean ibili eta Pariseko eszenako lehenengo artista baltza izan zan Chocolat, XIX. mendearen amaieran. Haren ibilerak gogoan hartuta, omenaldia egin nahi izan deutsie Kalao arte galeriakoek eta Cheikhou Ba artista senegaldarrak egindako piezak ikusgai egongo dira apirilera arte.
Kuban esklabo jaio, Bilboko meatzatan beharrean ibili eta Pariseko eszenako lehenengo artista baltza izan zan Chocolat, XIX. mendearen amaieran. Haren ibilerak gogoan hartuta, omenaldia egin nahi izan deutsie Kalao arte galeriakoek eta Cheikhou Ba artista senegaldarrak egindako piezak ikusgai egongo dira apirilera arte. Ganera, Martzana kalean, Chocolat gomutatzeko plakea ipiniko dabe.
Bizimodu gorabeheratsua euki eban Rafael Chocolatek eta, aitzindari lana egin eban arren, haren figurea ahaztuta egon da. Rafael 1868an jaio zan Kuban eta, esklabotzatik igesi, Bilbora heldu zan umetan. Meatzatan lan gogorra egin behar izan eban baina, era berean, bere klown ibilbidea be hasi eban. Tony Grice ingelesak Londresera eroan eban eta ibilbide arrakastatsuari ekin eutsan. Parisen, Footit pailazoagaz batera, sasoi haretako ikuskizunik entzutetsuenetako baten parte hartu eban, 1910era arte. Dirua be irabazi eban, baina Kalao galeriako zuzendari Jesus Ahedoren esanetan, askorik ez eban aurreztu: Oso eskuzabala zan Rafael eta ospitaleko umeei bisitak egiten lehenengoetakoa izan zan. Holan, arrakastearen urteak amaitu ziranean, pobre geratu zan Rafael eta 1917an hil zan. Bilbon El Rubio ezizena ipini eutsien eta, Parisen, Chocolat. Abizenik ezagutzen ez jakonez, Rafael Chocolat esaten eutsen.
Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultura zuzendariak azpimarratu dauenez, erakusketeagaz, personaia ahaztu baten memoria berreskuratu nahi dogu. Izan be, Pariseko eszenako lehenengo artista baltza izan arren, historiak ahaztu egin eban. Bere gorpua hobi komun baten lurperatu eben. Rafael Chocolaten omenezko erakusketarako, Senegaleko Cheikhou Ba ekarri dabe Bilbora. Jesus Ahedoren esanetan, haren obrea ederra eta bildurgarria da aldi berean, Rafaelen bizitzearen modukoa, horregaitik, erakusketea egiteko artista aproposena da. Cheikhou Bak koadroak, eskulturak, instalazinoak eta abar egiten ditu, artista osoa da, ohorea da bertora ekarri ahal izatea, dino Ahedok. Rafaelen omenezko koadroak Kalao galerian ikusi leitekez, Bilboko Albia lorategien alboko Arbolantxa kalean. Ofizialki, barikuan zabalduko dabe erakusketea eta apirilera arte egongo da.
Kalao galeriakoek Rafael Chocolaten barri euki ebenean, berehala pentsau eben haren omenezko zeozer egitea. Bilbon egin eban debuta eta holako personaia batek Bilbogaz horren lotura estua eukitea aitagarria da, dino Ahedok. Haren bizitzearen zertzeladak batzen ibili dira, baina Bilboko historialariei dei egin deutsie, Rafaelen ganeko datu zehatzagoak topau eta haren ibilerak hobeto ezagutzeko. Lumiere anaien film batzuek, historiako lehenengoetakoak, Chocolat eta Footit klownen ikuskizunak batzen ditue, 1900. urtea baino lehen egindakoak. Kalaokoak lanean dabilz, Institutu Frantsesaren bidez, pelikulen kopiak lortu ahal izateko, baina oraingoz ez dabe arrakastarik izan.
Rafael Chocolaten omenezko plakea be ipiniko dabe Martzana kalean, lantoki izan zituan meategietatik hur. Bihar, eguena, kalejirea egingo dabe Kalao galeriatik Martzanara, Sapali talde senegaldarrak girotuta. Han, oroigarria ipiniko dabe, bilbotarrek jakin daien nor izan zan. Ganera, Mbaye Sene antzezleak parte hartuko dau, Rafael Chocolaten moduan jantzita eta haren imitazinoa eginaz. Bilboko Udalak be parte hartuko dau omenaldian, izan be, Iñaki Lopez Agiletak azpimarratu dauenez, Rafaelena historia harrigarria da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!