'Leviathan'
2015-01-07 13:37 Zinema kritikakDrama basati eta ikaragarri honetan, baina, ez dira umore izpiak faltetan. Plano finko eta indartsuen bidez, eszenaratze bikainak eskaintzen deuskuz Zvyagintsevek. Film gomendagarria da eta, ganera, Bilbon, jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukerea daukagu
- Zuzendaria: Andrei Zvyagintsev
- Gidoia: Oleg Negin, Andrey Zvyagintsev
- Interpreteak: Vladimir Vdovichenkov, Elena Lyadova, Aleksey Serebryakov, Anna Ukolova, Roman Madyanov, Lesya Kudryashova
- Herrialdea: Errusia
- Generoa: Drama
- Iraupena: 141 min.
The return (hemen, El regreso) eta Elena film gogorren egile Andrei Zvyagintsevek Canneseko kritikea liluratu egin eban igaz, Leviathan drameagaz. Gidoia Onenari saria jaso eban, hain zuzen be.
Gaur egungo Errusiaren parabolea izan nahi ei dau film honek, eta ikuspuntua ezin ezkorragoa da. Bortizkeria, ustelkeria, mendekua, alkoholismoa eta Eleizearen poderea nagusi dira istorioan. Biziteko benetan gatxa dan lurraldea, Putin ezagunak zuzentzen dauena.
Pelikuleak kontetan dauena ez da barria: etxe barik ez geratzeko, gizajo batek sistemearen kontra hasitako burrukea. Baina gure heroia ez da hain heroi, egia esan. Vodka botila artean itoten dan bitartean, bere mundua desegiten ikusten dau. Emaztea, semea, lagunak, lurra eta askatasuna… maitatzen dauen guztia galtzear dago, erremedio barik.
Drama basati eta ikaragarri honetan, baina, ez dira umore izpiak faltetan. Plano finko eta indartsuen bidez, eszenaratze bikainak eskaintzen deuskuz Zvyagintsevek. Film gomendagarria da eta, ganera, Bilbon, jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukerea daukagu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!