Paxkalin Aire: 'Duda barik, disko honegaz Hegoaldean jente gehiagok ezagutuko gaitu'

Nagore Ferreira Zamalloa 2015-01-02 15:20   Barriketan

Kantaria

Hogei urtean plazaz plaza ibili ostean, Aire ahiztek, Amaiak, Mirenek eta Paxkalinek, Bidexka diskoa kaleratu barri dabe Erroa etxearen eskutik. Urteotan kantautako abestiak batu ditue beharrean, tartean, Xabier Lete, Joxean Artze eta Mixel Labegerierenak, baina Xalbador aititaren bi bere bai. Hilaren 31n kantu-bazkaria eskainiko dabe Bilboko Kafe Antzokian. Paxkalin Airek emon deusku diskoaren barri.


1.- Orain hogeita bi urte kantau zenduen lehenengoz plazan, eta orain kaleratu dozue zeuon lehenengo diskoa, zelan ba?


Orain hamabost bat urte diskoa egiteko aukerea izan genduala uste dot, baina ez geunkan burua horretan, bapez. Nahiago genduan plazaz plaza ibiltea, diskoa ateratea baino. Orain, ezagutza batetik, hartu-emon batetik, sortu da diskoa. Mikel Markez, Josu Zabala eta Zenbat Gara alkarteko kideak ezagutzeak ekarri dau lana.


2.- Kanpotik etorri da proposamena, orduan?

Mikel Markezen bitartez ezagutu genduan Josu Zabala. Zabalak ez eukan gure barririk, eta berak nahi izan dau guk diskoa egitea. Hogeita bi urte abesten egonda diskoa behar genduan, ezinezkoa zan diskorik ez izatea, bere ustez. Proiektuaren bultzatzailea izan da. Konbenzidu ginduan, konfiantzea emon. Guk gogoan geunkana eta eurek eukena antzekoa zan, holan egin dogu lan.


3.- Zuek konbenzidu beharra izan dabe...

Bai, konbenzidu beharra, proiektua zelakoa izango zan jakiteko. Argi euken kantak ahal zan besteko naturalak izan behar zirala, berbei lehentasuna emonez, sentimenduak ahal danik eta gehien adierazoz. Geuk be holan sentiduten dogu. Ikuspuntu bera geunkan, eta hemen dago diskoa.


4.- Hamahiru kanta ditu diskoak, zelan aukeratu dozuez?

Gure lehenengo diskoa izanez, nahi genduan plazetan ibilitako hogeita bi urteak erakutsi. Aukeratutako kanta batzuk aspalditik abesten doguz, lehenengoa, berbarako, Eia, eia. Hori ia betidanik kantau dogu. Gero, asko dira, umezaroan entzun doguzanak. Txiki-txikitatik entzun doguz etxean Lete, Laboa... Lehen hunkintzen ginduen eta orain hunkitzen gaitue, kanta horreek maite doguz. Ez Dok Amairu sasoiko kantak dira asko.


5.- Geratu da kanpoan gogoko dozuen baten bat?

Bai, batzuk bai. Badaukagu kanta bat, kantaldietan abesten doguna, Violeta Parraren Gracias a la vida. Ezin izan dogu diskoan sartu, eskubideen aldetik-eta nahiko gatxa zan, hileetako prozesua, eta horregaitik kanpoan geratu behar izan da.


6.- Kantetan ahotsari emon deutsazue garrantzi handiena. Moldaketarik egin dozue?

Grabazinoan, hiru ahiztak batera kantau dogu, ez da lehenengo baten ahotsa eta gero bestearena ganetik gehitu. Horretan danok konforme egon gara. Beste espiritu bat dakar, ahal danik eta naturalen emotea. Sentimenduak adierazoteko hirurok batera kantetetea aproposena da. Sei kantatan musikari bat dogu lagun, Sebastien Desgrans akordeoi-jolea. Lehentasuna beti izan dau berbeak, eta hiruron ahotsak.


7.- Bizkaian grabau dozue, Otxandioko Mekoleta auzoan. Zelakoa izan da esperientzia?

Estudioko lanean esperientzia gitxi geunkan, hainbat kolaborazino egin izan doguz beste talde batzuekaz, baina besterik ez. Estudioan gustura egon gara, konfiantzan. Josuren (Zabala) laguntza geunkan, eta talde guztiarena. Asko lagundu eta entzun gaitue. Esperientzia ona izan da, duda barik.


8.- Beste hogeita bi urte itxaron beharko ete doguz hurrengo diskoarako?

Kar, kar, ez dakit ba! Akaso bai, baina ez dakigu. Egia da behin diskoa egina dala... Diskoa kaleratu barri daukagu, eta orain diskoaz gozau nahi dogu.


9.- Eta zergatik ipini deutsazue Bidexka?


Izena pentsetan gengozala, guk hogeita bi urtean egindako bidea adierazo nahi genduan. Bidexka baten pentsetan, gogoan daukagu gure aurrekoek be bidexka bat egin ebela. Gure etxekoek eta gurasoek transmitidu deuskuen guztia erakutsi nahi izan dogu, gu bidexka beretik gabilzala, eta beste batzuk be ibiliko diralakoan.


10.- Txiki-txikitatik kantetan dozue, etxean sano kantuzaleak zarie, ezta?

Etxean biziki kantuzale eta musikazaleak dira aita eta ama, eta aitaren aldetik, aitatxi bertsolaria izan zan... Betidanik egon gara giro horretan sartunda hiru ahiztak, bertsoa, musikea, kantua. Etxean beti kantuz genbilzala jakin, eta auzoko herriko jaietan hasi ginan kantetean. Holan hasi ginan. Etxekoak aitatu dodaz, baina Iparraldeko kantari guztiak be hor dagoz. Etxean danak erakutsi nahi izan deuskuez, horreek danak oso garrantzitsuak izan dira.


11.- Bilboko Erroa argitaletxeagaz kaleratu dozue diskoa, akaso Hegoaldean sarriago ikusiko zaituegu horri esker?

Iparraldean ezagutzen gaitue, baina Hegoaldean ez hainbeste, eta Bizkaian, ganera, oso oso gitxi. Bai, uste dot, holan izango dala modua jenteak gu ezagutzeko. Duda barik, disko honegaz Hegoaldean jente gehiagok ezagutuko gaitu.


12.- Bilbon, urtarrilaren 31n egongo zarie, ezta?

Bai, Bilboko Kake Antzokian. Lehenengo barriketaldi musikatua egingo dogu, eta gero kantu-bazkaria. Hori baino lehen, kantaldia daukagu Iparraldean, Itsasun, Mikel Markez eta Erramun Martikorenagaz batera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu