Zortzi finalista eta Kristina Mardaras, zapatuko bertso jaiko protagonistak

Bizkaie! 2014-12-17 14:38   Bertsolaritzea

Zapatuan, Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenan, zortzi bertsolari lehiatuko dira: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Gaur egindako agerraldian, gogotsu agertu dira finalista guztiak. Irabazleari, Kristina Mardarasek jantziko deutso txapela. Izan be, Mardaras, emakumeen artean aintzindari izan zan 80ko hamarkadan plazara urteten.

2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea finalera heldu da. Zapatuan, Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenan, zortzi bertsolari lehiatuko dira: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Gaur egindako agerraldian, gogotsu agertu dira finalista guztiak. Irabazleari, Kristina Mardarasek jantziko deutso txapela. Izan be, Mardaras, emakumeen artean aintzindari izan zan 80ko hamarkadan plazara urteten.

Iurretan, Oromiño auzoan jaio zan Kristina Mardaras Sedrun 1948an eta bere auzoan kantau eban lehenengoz, 1982an. Bertsolaritza jaialdi eta lehiaketetan sarri parte hartu eban hamarkada haretan eta, beraz, emakume bertsolarien aintzindari izan zan, bidea urratu eban. Lan hori eskertu nahi izan deutsie Mardarasi, zapatuko finalean txapeldunari txapela janzteko ardurea emonaz. Bizkaiko Bertsolari Alkarteko Asier Ibaibarriagak esan dauenez, urteotan behar isila egin dau, behar hori plazara atara eban eta emakumeei ahotsa emon eutsen. Mardarasek berak azaldu dau ohorea dala finalean zeregin hori jaso izana, bertsoen munduan badago jente asko beharrean, badago non aukeratu eta sorpresaz, baina pozik, hartu dot izendapena. Berarentzat, ohorea da jostun sentidutea, txapelketako leloari (Josi) erreferentzia eginaz. Aintzindari lanaz egin dau berba Mardarasek, gure sasoian, emakumeen ahotsaren faltea igarten zan, horregaitik beti ibili naz aniztasunaren bila, emakume eta gizonak agertu daitezala bertsotan eta bakotxak bere ideiak eroan daizala, beharrezkoa da aniztasuna ideietan, ikuspegian.

Kristina Mardarasen bultzadeak emon dau bere fruitua, izan be, zapatukoa, final parekidea izango da, orain dala urte bikoa legez. Lau gizon eta lau emakume jardungo dira Miribillako agertokian. Partaide bi lehenengoz egongo dira Bizkaiko finalean, Oihana Bartra bilbotarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra. Arkaitz Estiballes, aurreko edizinoko txapelduna, barriro egongo da Bilbon, hirugarren txapela eskuratzeko asmoz. Kristina Mardarasek dino, zortzi finalistetako edozeini pozarren jantziko deutsala txapela, baina aukeran, nahiago leukeela emakume batek irabaziko baleu: Txapelketa Nagusian eta beste herrialdekoetan egon dira emakume txapeldunak, orain Bizkaian faltau jaku emakume batek irabaztea.

Zortzi finalistak gogotsu heldu dira zapatuko hitzordura. Esate baterako, Onintza Enbeitak argi eta garbi adierazo dau aurreko edizinoan baino ilusino handiagoa daukala aurten, akaso bizitzako gauzek orain ilusino handiagoz hartzera eroan nabe, esan dau muxikarrak, hankak lurrean ondo asentauta joango naz finalera. Mardarasek txapela janztea lujoa litzatekeela dino Enbeitak. Iratxe Ibarra markinarrak finalaurrean egindako lan txukuna dauka gogoan, oraingoan gehiago sufriduko dot, baina ilusinoa badaukat. Etxahun Lekue larrabetzuarrarentzat be ez da lehenengo finala izango, baina gogoz dagoala autortu dau. Gorputzaldi nahiko onean nago, finalaurre ona eginda, barriro maila hori emoten badot, gustura geratuko naz.

Josi da aurtengo txapelketearen leloa eta, kanta ezagunari erreferentzia eginaz, Fredi Paiak esan dau, txapelketara eta finalera asmo bategaz heldu dala: Kolpe, kolpe, kolpeka, josi nahi dot. Paiaren moduan, Jone Uria be getxoztarra da eta, adierazo dauenez, finaletan beti kanporaketan baino lasaiago egoten naz, ia oraingoan be holan dan. Oihana Bartrarentzat, lehenengo finala izango da eta, dinoanez, beti ateetan geratu izan naz eta, aurten, azkenean lortu dot finalean egotea, gogoz eta pozarren nago. Xabat Galletebeitiak be lehenengoz probauko dau Bizkaiko finalaren sentsazinoa, saria da finalean egotea. Kanporaketetan ondo pasau dauela dino eta hori transmitiduten ahalegindu dala, finalean gatxa izango da momentu guztietan holan disfrutetea, baina tarteka bada be, ondo pasetan noa. Amaitzeko, Arkaitz Estiballesek barriro irabazi nahi dau txapela. Bizkaiko hirugarrena izango leuke: Nire helburua da buruz burukora heltzea eta hortik aurrera ahal dan ondoen lehiatzea; baina etxe barria daukat eta horma zabal bat dauka, txapela bi ez dira nahikoa hormea beteteko, esan dau, umoretsu.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, zapatu arratsaldeko 17:30ean hasiko da, baina Miribillako atea 16:00retan zabalduko dabe. Bertsozale Alkarteak garraio publikoan joateko aholkua emon dau. Era berean, barikura arte sarrerak salgai dagozala ohartarazo dabe, www.bertsosarrerak.eu webgunean. Asier Ibaibarriagak esan dauenez, salmentak polito doaz, zapatuan giro ederra izango dogu. Kristina Mardarasen ustez, saio biribila izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu