Kristina Mardarasek jantziko deutso txapela 2014ko Bizkaiko Txapeldunari
2014-12-16 14:54 BertsolaritzeaBizkaiko Bertsozale Alkarteak Mardarasek egindako isileko eta plazako beharra eskertu gura izan dau, eta horregaitik, berak jantziko deutso txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Talde Antolatzailearen erabagiz, Kristina Mardaras Sedrun Iurretako bertsolariak jantziko deutso txapela 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Zapatu iluntzean izango da hori, Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen finalean. Finala 17:30ean hasiko da Bilbao Arenan, Bilbon (Finalistak: Arkaitz Estiballes + Etxahun Lekue + Fredi Paia + Iratxe Ibarra + Jone Uria + Oihana Bartra + Onintza Enbeita + Xabart Galletebeitia).
Alkarteak Mardarasek egindako isileko eta plazako beharra eskertu gura izan dau, eta horregaitik, berak jantziko deutso txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari.
Oromiño auzoan jaio zan Kristina 1948an, eta bere auzoan egin eban lehenengo plazea 1982an, San Marko jaietan. Emakumeen ahotsa plazara eroan eban Kristinak, eta beste batzuei bidea zabaldu eutsen. Emakumeak etxean josten ibiltetik plazan jostera atera zituan, horretan aitzindari izanda.
Plazan bai, baina isileko beharrean be lan handia egin dau Kristinak: bertso eskolako irakaslea izan da, antolakuntzan ibilitakoa, epaile lanetan, gai-jartzaile be bai… eta bertsozale fideletan fidelena da.
Zapatuan Bilbao Arenako (Miribilla) oholtza gainera igoko da Kristina, eta berak izango dau 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari txapela jazteko ohorea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!