Bertsolariak eta glosadoreak alkartuko dira zapatu honetan Bartzelonan
2014-12-12 13:15 BertsolaritzeaKultur trukeko jardunaldiaren hitzordu nagusia arratsaldeko 20:00etan izango da. Aurkezlea Ainhoa Aranburu izango da, eta bertan, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Miren Artetxe bertsolariek eta Carles Belda, Mireia Mena eta Ferriol Macip glosadoreek hartuko dabe parte, Pau Vinyolesen eta Marcel Marimonen musikeak lagunduta.
Bertsolarien eta glosadoreen arteko topaketa bat izango da zapatu honetan, abenduaren 13an, Bartzelonako Gracia auzoko La Violeta herri kultura zentroan, Bilboko eta Bartzelonako udalen arteko Bilbo-Bartzelona kulturak alkartuta programearen barruan.
Programa horretan lau kontzertu antolatu zituen, bi urietako musika tradizinoei balioa emoteko, eta ekimena Bilborock aretoan amaitu zan, bertsolarien eta glosadoreen arteko topaketeagaz. Orain, barriz, topaketa horren bigarren zatia zapatu honetan izango da Bartzelonan, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazo dabenez. Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Miren Artetxe bertsolariak Bartzelonara joango dira, protagonista glosa eta bertsoa izango dituan kultur ekitaldian parte hartzeko.
Jarduerak egun osoan izango dira, aurkezpenakaz eta Karlos Aizpuruak eta Ander Elortegik diziplina horri buruz emongo dituen prestakuntza saioakaz. Arratsaldean, Jaume Fargasek eta Roser Texidók egindako Glosadors dokumentala eskainiko dabe; lan horrek, nerabe talde batek glosa ikasteko bizi dauen prozesua hurreratu nahi dau.
Kultur trukeko jardunaldiaren hitzordu nagusia arratsaldeko 20:00etan izango da, bat batekotasun saioagaz. Aurkezlea Ainhoa Aranburu izango da, eta bertan, aitatutako bertsolariek eta Carles Belda, Mireia Mena eta Ferriol Macip glosadoreek hartuko dabe parte, Pau Vinyolesen eta Marcel Marimonen musikeak lagunduta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!