Kepa Junkera: 'Zuzenekoak gustetan jataz, jentea sentidu, artega ipini, emozionau eta aurrera egin beti'

Nagore Ferreira Zamalloa 2014-12-08 10:30   Barriketan

Musikaria

Ez dau gustuko urteurrenak ospatzea, baina oraingoan, hogeita hamabosgarrenean, eretxia aldatu dau, eta behar berezi bategaz jatorku, Trikitixearen historia txiki bat disko-liburuagaz. Kepa Junkerak hamazazpi kanta jaso ditu, gehienak tradizionalak, baina bere sonoridadea gehitu deutsie. Sorginak talde gaztea dauka alboan, Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Maria Lasa eta Alaitz Eskudero.

Abenduaren 13an Galdakaoko Torrezabal aretoan daukie urteurren birako hurrengo hitzordua, eta hilaren 8an, Durangoko Szenatokian, Txapeldun lana estreinauko dabe, Organik jantza konpainiagaz batera.


1.- Hogeita hamabost urte trikitixearen munduan beharrean, eta Trikitixaren historia txiki bat lana kaleratuz ospatu dozu. Zelan ba?


Ez dot egundo nire efemeriderik ospatu. Badira urte batzuk gustetan jatana egin ahal izatea, berez, ospakizun lez hartzen dodana. Baina ez deutsat efemerideei garrantzirik emon izan. Beste musikari batzuenetan izan naz, baina nirean... Baina, hainbeste bizipenen ostean, lehengo soinura bueltetako gogoa neukan, baina neure ekarpena eginez. 50 urte beteten nituala aprobetxauta, euretako 35 trikitixeagaz, polita begitandu jatan jenteari urteotako bidaiaren barri emotea. Holan hasi nintzan proiektu hau antolatzen. Disko-liburu honek ez dau atzerantz bakarrik begiratzen, aurrera, etorkizunera be, begiratzen dau. Urte askotako lanaren emoitzea erakutsi gura izan deutsat jenteari.


2.- Hamazazpi kanta aukeratu dozuz. Aukeraketea gatxa izan da?

Hamazpi pieza dira, baina horreetako askotan kanta bat baino gehiago nahastau dodaz. Trikitixaren munduan gustau jatazan kanten berrikuspen antzeko bat be bada. Nik argi neukan, nahiko erraza izan da. Apurka-apurka pentsautako gauzea da, urterik urte kantak gordeten joan naz. Hau ez da orain arte egin dodan ganerako lanetatik independentea, metatzen joan dan proiektua da. Hasierako kantak, hasierako jentea, niretzat trikitixearen munduan garrantzitsua dan jentea kontuan hartu dot. Nire ekarpena tonalidadeen arloan izan da, panderoa joteko modu desbardina. Nire hasiera-hasierako diskoen modukoa ez da, proposamen hau desbardina da. Espiritua bai, trikitixearen espiritua bera da orduan eta orain.


3.- Bidaia barri honetan Sorginak taldea dozu lagun. Kontrastea handia da, Kepa Junkera eta Sorginak.

Bide asko dagoz, baina hau aukeratu neban. Jente gaztea gura neban, ni trikitixearen munduan hasi nintzanean neukan adinekoak ia-ia. Sorginak taldeko emakumeek txapelketetan parte hartzen dabe, erromeria eta ospakizunetan joten dabe batez be. Proiektu desbardina egin gura neban eurekaz, taldea moldatu. Holan sortu neban Sorginak taldea. Ez da talde itxia, proposamen bat da, eta posible da hazten joatea, edo gizonak sartzea. Sorginak izena ipini neutsan, ironia puntu bategaz; trikitixearei infernuko hauspoa esan izan jako, eta Sorginak izen aproposa begitandu jatan.

Bai, kontraste handia da, alde batetik gaztetasuna, nobedadea, trikitixea eszenatokira eroteko modua ezagutzea, disko bat grabetea, argazkiak, bideoak... eta beste alde batetik, nire esperientzia. Emonaldiak be gauza barria dira eurentzat, daborduko Euskal Herriaz aparte, kanpoan be saioak daukaguz, mundu osoan.

Nahiko neuke, ganera, gazte honeei nik urteetan batutako ezagutzea zeozelan transmitidu. Ereiten joatea garrantzitsua da, harrobia izateko.


4.- Zu Bilboko Errekalde auzokoa zara, Goya kalekoa, eta hantxe, etxe-aurrean egin zenduan aurkezpena. Zure jatorriaz harro zagozan seinale, ezta?

Subertea izan neban, Errekaldekoa izanik, aititek panderoa jotea, eta haren arrebeak bere bai. Roman Urraza zan nire aitite, eta Modesta Urraza, arrebea. Nire amak, Kontxa Urrazak, Beti Jai Alai taldean egiten eban jantzan, Silvestre Elezkano Txilibrin-en jantza-bikotea zan. Sasoi haretako Errekalden panderoaren eta trikitixearen soinuak jaso nituan txikitatik, jantzak, amaren energia... Neu be Beti Jai Alai taldean sartu nintzan, eta han ikasi neban akordeoia, trikitixea, txistua eta albokea joten. Eta orduan hasi neban bidaia hau. Lagun batek itxi eustan trikitixa bat, eta holan hasi nintzan bere sekretuak ezagutzen.

Aurkezpen-prentsaurrekoa betiko lez areto baten egin barik, kalean egin nahi izan neban, kalera bueltau gura izan dot trikitixeagaz. Nik oso argi daukat nongoa nazen, nondik natorren eta zein dan nire jatorria. Autodidaktea naz, asko daukat eskertzeko lagunei, Zabaleta eta Motrikuri, hasieran neugaz egon ziranei, jantza taldeei. Bizkaia eta Gipuzkoako trikitilariak ezagutzeko aukerea izan neban. Ondo dago atzerantz begiratzea be, eurekaitik nago ni hemen orain, eta eurekaitik da posible proiektu hau bere.


5.- Kontxa Urraza amari egindako alkarrizketea argitaratu dozu disko-liburuan. Omenaldi baten antzekoa da?

Beti daukadaz gogoan etxekoak, baina oraingoan agiriago itxi gura izan dot. Lan honek badauka alde dibulgatiboa bere. Ni joaten nazen leku askotan ez daukie trikitixearen munduaren barri, guk hemen daukagun lez. Gu ohituta gagoz, ezagutzen doguz Maurizia, Fasio, Laja edo Leon Bulbao, baina Madrilen, Bartzelonan, Parisen edo New Yorken, ez. Jente horrek trikitixea zer dan eta nik estimetan dodazan personaiak ikustea nahi dot.


6.- Erantzuna nozonoz entzun izan dodan arren, nogaz gura zeunke zuk jo?

Aititegaz, jakina! Jente askogaz jo dot, nire eskolea estimetan dodan jeanteagaz jotea izan da, talentu askoko jentea. Aititek ez ninduan sekula joten ikusi, lehenago hil zan. Orain, teknologiari esker, collage baten, biok alkarregaz agiri gara joten. Disko-liburuan sartu dot irudia, hasiera-hasieran. Horrelako aukerak emoten ditue disko-liburuen formatuek. Suberte handia izan dot, Joxean Agirrek idatzi ditu-eta testuak, Igor Ziarretaren erretratuak dagoz, Unai Bergararen doseinua eta abar.


7.- Zure aspaldiko argazkiak gehitu deutsazuz liburuari, txapelketakoak, erromeriak... Lan handia izan da?

Beti gordeten dodaz argazkiak, kartelak eta horrelakoak. Gauzarik gatxena irudiak topetea baino, aukeratzea izan da. Jenteak ikusiko dau ze etapa izan dodazen, nogaz jo dodan, eta non, bidaia interesgarri honetan jazo jatazanak. Egiten dodana gustau egiten jat, suberte handia da hori. Sortzeko aukerea izatea, motibazinoa izatea, gozetea, hori gauza handia da.


8.- Badira 35 urteotan barru-barruan gordeten dozuzan momentuak?

Esperientzia guztiekaz nago pozik, abentura guztiagaz, osotasunean. Gauza on eta ez hain onak, danak gogoratzen dodaz. Ez daukat ezeren damurik, ez neuke ezer kenduko, ez gehituko. Gustura nago 12-13 urtegaz erabagia hartu nebalako, intuizinoa izan neban, eta aurrera egiteko indarra. Ez deutsiet ez kritikei ez alabantzei kasurik egiten, ze norberak garatu behar dau norberarentzat zer dan musikea, norbere bidea segidu behar da. Batzuetan erabagi egokiak dira, eta beste batzuetan, akaso, ez hain onak. Nik erabagiteko aukerea izan dot, erabagiak hartzea ez da gauza erraza.


9.- Umetatik gaur egunera, asko aldatu da trikitixearen mundua?

Trikitixearen urrezko sasoian joteko subertea izan neban, maisu handiak izan ziran. Jente oso berezia zan, nortasun handikoak. Fasio, Leon Bilbao,  Maurizia, Sakabi, Epelde, Laja, Auntxa... ezagutu nituan, eurekaz berba egin neban. Euretako asko hilda dagoz, galera handia da. Nortasun handiko jentea zan, euren kontu ikasten eben, horregaitik euren estilo berezia garatu eben. Gaur egun, ostera, dana dago bateratuago edo. Galdu egi da, alde batetik, eta bestetik, irabazi. Panderoa, trikitixea, albokea eta txakalapartea eskuragarriak dira gaur egun, jenteak ikasteko aukerea dauka. Guretzat gatxagoa izan zan, gehiago egin behar izan dogu. Ekimena izateko gaitasuna garatu dogu, proiektuekaz aurrera egiteko gaitasuna daukagu, inork esan barik zer egin behar dogun.

Gazteentzako ez da erraza, sarritan gurasoek esanda, musikea bigarren edo hirugarren mailan ixten dabe, eta oso gatxa da holan etekinik handiena ateratea, sorkuntzea biztutea. Beste lehentasun batzuk ditue, ikasketa normalagoak egiteko asmoa. Bete-betean ez bazara sartzen mundu honetan, gatxa da proiektu bat sortzea. Nik ulertzen dot jenteak seguridadea nahi izatea, ulertzen deutsiet gurasoei. Beste herrialde batzuetan ohituago dagoz.


10.- Asko bidaiatu dozu, mundu osoan zehar, musikea biziteko modu asko ikusi dozuz?

Musikea ezin daiteke zenbatu, herrialde batzuk sorkuntzea asko jagoten dabe, eta sortzaileak bere bai. Nik neuk egitasmo bat sortzen dodanean, ez dodaz kantak beste barik egiten, nire inguruan hainbat gauza eragiten dodaz, idazleen lana, argazkilariena, teknikoena, estudioarena, komunikabideena eta abar. Hori danori balorau egin behar dala uste dot. Herrialde batzutan baloretan dabe, badakie garrantzitsua dala. Leku batzuetan sorkuntzea bultzatzen da, talentudun gazteei laguntzen jake. Futbolean dagoan lez, ikuskatzaileak behar doguz. Ikasketen eskuragarritasuna bete dogu, baina sorkuntzea...


11.- Jo dozun leku guztien artean, badaukazu baten bat kutuna dana?

Leku guztietan gustura egon naz, deitu deustien leku guztietan ondo hartu nabe. Hasi nintzanean argi neukan nik egiten dodan musikea kanpora aterateko modukoa zala, hemendik kanpo be trikitixeagaz gozau daitekela. Musikea unibersala da.


12.- Lan barria aurkezten hasita zagoz, urteurren birearen hurrengo emonaldia noiz izango da?

Proba batzuk egin doguz zuzenean, harrera sano ona euki dau. Energia asko daukan proiektua da. Egitasmoa hazten doa, bizirik dago; hile batzuk barru ikusten dauenak seguruenik emoitza desbardina topauko dau, guk sortzen segiduko dogu. Abenduaren 11n, Iruñeko Elkar aretoan egongo gara, 19:00etan. Hilaren 13an, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean daukagu emonaldia, 21:00etan. Niri zuzenekoak gustetan jataz, jentea sentidu, artega ipini, emozionau eta aurrera egin beti.


13.- Durangoko Azokan, ganera, ikuskizun barri bat aurkeztuko dozu, ezta?

Bai, abenduaren 8an, Szenatokia gunean, San Agustin aretoan, Txapeldun lana estreinauko dogu, Organik jantza garaikideko taldeagaz batera. Proiektu honen moldaketa bat da, azken baten. Zuzenean joko dogu, jakina. Eta hilaren 12an, Kultur Leioan izango gara.


 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu