Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' berrargitaratu dabe, idatzi eta 50 urtera

Dabi Piedra Robledo 2014-12-04 14:48   Kulturea

Harri eta Herri liburua 1964an argitaratu zan lehenengoz eta Euskaltzaindiaren eta Gabriel Aresti Kultur Alkartearen arteko hitzarmenari esker, beste edizino bat atara dabe orain. Liburuki bitan banatuta dator edizino barria: Lehenengoan, Harri eta Herri, Arestik idatzi eban moduan, topauko dogu. Bigarrenean, idazle eta euskaltzain ugarik Arestiri buruz idatzitako artikuluak batu ditue.

Euskal literaturan mugarria izan zan Harri eta Herri liburua. 1964an argitaratu zan lehenengoz eta Euskaltzaindiaren eta Gabriel Aresti Kultur Alkartearen arteko hitzarmenari esker, beste edizino bat atara dabe. Liburuki bitan banatuta dator edizino barria: Lehenengoan, Harri eta Herri, Arestik idatzi eban moduan, topauko dogu. Bigarrenean, idazle eta euskaltzain ugarik Arestiri buruz idatzitako artikuluak batu ditue.

Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara alkarteak osotuten dabe Gabriel Aresti Kultur Alkartea. Bertako ordezkaria dan Xabier Monasteriok azaldu dauenez, Arestiren ondare oparoa babestu eta zabaltzeko sortu dogu alkartea. Euskaltzaindiagaz akordioa egin dabe, idazlearen testuak aztertu eta gizarteratzeko. Akordiorako ez dago abiapuntu hoberik Harri eta Herriren edizino hau baino, dino Monasteriok, Harri eta Herrik ezin hobeto batzen dau Gabriel Arestiren obrearen funtsa.

Bilboko udaletxean egindako ekitaldian aurkeztu dabe Harri eta Herriren edizinoa. Euskaltzaindiko, erakunde publikoetako eta literaturako persona ezagunak batu dira, baita Arestiren senideak be. Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzainei emoten jaken ikurra emon deutse familiakoei, Aresti, izan, euskaltzain urgazlea izan zalako. Rafa Ruedak Bilbaoko kaleak olerkiaren bersino musikatua jo dau. Ondoren, Xabier Kintana euskaltzainak egin dau berba: Arestiri omenaldia eskaini nahi deutsagu, Harri eta Herri liburu barritzaile eta gogoangarria izan zan. Kintanak uste dau, garrantzitsua dala Arestiren izena eta izana gogoan hartzea, haren lana goresteko. Ordura arte euskeraz landu barik egozan gaiak aitatu zituan, batez be kale girokoak.

Andres Urrutiak autortu dau, Harri eta Herri irakurri eta berehala jaubetu zala liburu berezia zala: Haren doinu eta soinuak desbardinak, bereziak ziran, batez be urietako giroan bizi ginanontzat. Harri eta Herri berrargitaratzeari funtsezkoa deritzo euskaltzainburuak, garai bati buruzko testigantzea eta etorkizunerako esperantzea batzen dira obra horretan.

Beste alde batetik, Gabriel Aresti euskarari emonda bizi zan, ganeratu dau Monasteriok eta Ibon Areso Bilboko alkateak, bete-betean poeta bilbotarra izan zala azpimarratu dau. Ibon Areso alkateak eskerrak emon deutsoz Gabriel Arestiri berari, bide barriak urratzen ebilen poeteari, hain zuzen. Gabriel Arestik makina bat bertso-lerro itxi euskuzan izkutauta bere lan oparo eta miresgarrian, eta pentsau nahi dot ohikoa eban probokazino gaitasun horrek eroan ebala geugaz olgeta egitera; jakingo ebala, hain zuzen, nozonoz helduko ginala, poetea eta uria, alkar ezagutzera.

Josune Ariztondok Aresti profeta izan genduala esan dau: Nor bere garaian eta bere herrian profeta izaten ez bada be, azkenean urteek berari arrazoia emon eta merezidu eban lekuan jarri dabe, bera bizi zanean batzuek hori autortu nahi ez arren. Orain, haren obrarik esanguratsuena, Harri eta Herri, barriro be plazaratzen dogu, lehen argitaraldiaren berrogeita hamargarren urteurrenean, eta holan Bilbok, Bizkaiak, Euskal Herri osoak omenaldia eskaintzen deutsie beren poeteari, aldi berean euskaldun guztiok zor deutsaguzan autortzea eta eskerrak emonez.

Aresti idazlea eta Aresti euskerearen bultzatzailea. Biak izan ditu gogoan Gorka Martinez BBKko Fundazinoko zuzendariak eta bi arlotan Bilboko poeteak egindako lan bikaina izan dau gogoan.

50 urte geroago datorren berrargitalpena, edizino txukuna da, diseinu modernoko liburuki bitan datorrena. Liburuki baten, Arestiren Harri eta Herri liburuaren testua, bere horretan, jaso dabe. Beste liburukian, idazle eta euskaltzain ugariren eretxia batu dabe, artikulu sorta baten. Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Toti Martinez de Lezea, Txomin Peillen eta beste asko dagoz tartean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu