Korrontziren eta BOSen kontzertua 'Symphonic Bilbon' CD, DVD eta liburuan batu dabe
2014-12-03 14:04 MusikeaAurtengo Bilboko Aste Nagusian jo eben alkarregaz Korrontzik eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Erritmo tradizionalen eta soinu klasikoagoaren arteko nahasketea sano arrakastatsua izan zan eta, horregaitik, DVD eta liburu eta guzti datorren zuzeneko disko baten batu dabe han bizitakoa, Symphonic Bilbon izenburuagaz. Holan, bide batez, Korrontziren hamar urteko ibilbidea ospatu dabe.
Aurtengo Bilboko Aste Nagusian jo eben alkarregaz Korrontzik eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Erritmo tradizionalen eta soinu klasikoagoaren arteko nahasketea sano arrakastatsua izan zan eta, horregaitik, DVD eta liburu eta guzti datorren zuzeneko disko baten batu dabe han bizitakoa, Symphonic Bilbon izenburuagaz. Holan, bide batez, Korrontziren hamar urteko ibilbidea ospatu dabe.
Bilboko Udalaren eskariz, Abandoibarrako eszenatokian emon eban kontzertua Korrontzik abuztuaren 20an, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan. Hamar urte beteko genduzanez, zeozer berezia egitea nahi eban Udalak eta holan sortu zan orkestra sinfonikoagaz joteko asmoa, dino Agus Barandiaran Korrontziko kideak. Ilusino handiz hartu genduan kontzertu horretan parte hartzeko aukerea, baina bertigoa be emoten eban, autortu dau Barandiaranek, guk betidanik tresna tradizionalakaz lan egin dogu eta bapatean orkestra sinfoniko bategaz jo behar izatea erantzunkizun handia izan zan.
Estilo biak buztartzeko, Xabier Zabala aukeratu eben. Bera arduratu zan Korrontziren kantak orkestrarako moldatzeaz eta kontzertuan zuzendari ibili zan. Xabier Zabala zan horretarako persona aproposa, musika herrikoia ondo ezagutzen dauelako, azaldu dau Barandiaranek, garrantzitsua da zuzendariak jakitea gu nor garen eta zer egiten dogun. Denporaz estu ibili ziran, martian joan zan Barandiaran Zabalaren etxera, proposamena egiten. Egia da denpora larregi ez dogula euki, baina lujoa izan da BOSegaz eta Korrontzigaz behar egitea, adierazo dau Zabalak. Kontzertuaren emoitzea bikaina izan zalakoan dago zuzendaria, gau magikoa izan zan.
Korrontziren hamarkada bateko ibilbideko hamalau abesti aukeratu zituen zuzeneko kontzerturako, eta orkestra sinfonikoagaz joteko egokitu zituan Xabier Zabalak. BOSeko 60 musikari inguru, Korrontziko taldekideak eta Oinkari jantza taldeko jantzari bi batu ziran oholtzan. Korrontzi, funtsean, jaia da eta horixe transmitidu nahi izan genduan, dino Barandiaranek. Ordu eta erdiko emonaldia entzun leiteke Symphonic Bilbon diskoan eta, DVDari esker, kontzertuko irudiak eta beste bitxikeria batzuk be ikusi leitekez. Liburutxuan, kontzertuko argazkiak, prentsa txatalak, abestien letrak eta abar batu ditue. Emoitza ona da, uste dau Barandiaranek.
Xabier Zabalaren esanetan, orkestra sinfonikoen eta musika tradizionalaren munduak ez dagoz horren urrun, musikea unibersala da. Halandabe, proiektuan parte hartu dabenek badakie egitasmo berezia izan dana, ezohikoa. Agus Barandiaranek esan dau, ez dabela holakorik errepetiduko, esperientzia bakarra izan dala. Gero onartu dau, abuztuko kontzertuan izandako arrakastea ikusita, ez dabela erabat baztertzen BOSegaz beste emonaldi bat antolatzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!