Anuntxi Arana: 'Mitologian zeozer gordina badago, kentzeko joerea dago. Gozotu egiten da'
2014-11-24 10:48 BarriketanLuiaondon jaio zan, 1947an, baina makinatxu bat urte daroaz Angelun biziten. Frantses filologian lizentziatua da, AEKko irakaslea izan da Baionan, EHEko kidea eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa. Euskal mitologia sakon aztertu dau, tesia Orozkoko kondairen ganean egin eban, Ipar Euskal Herrian euskeraz egin zan lehenengoa, hain zuzen be. Curriculumean beste hau idatzi beharko dau laster: Durangoko 2014ko Argizaola saria. Euskal kulturea sustatzen egindako lana autortu guira deutso Durangoko Azokeak,
Abenduaren 6an, 20:00etan, jasoko dau saria, San Agustin Kultur Gunean, Oier Guillanek sortutako XIV. Gauen Argi ekitaldiaren barruan.
1.- Zelan hartu dozu sariaren barri? Ezuste handia izan da?
Zelan pentsatuko neban, ba! Sorpresa handia izan zan lehenengo, eta gero poza etorri zan.
2.- Aurretik Argizaola nork jaso dauen ikusita, harro egoteko modukoa be bada gero!
Bai, bai, hori da. Ez dot konparazinorik egingo, hobe horretan ez haztea, orduan harridurea handiagoa da eta. Ohore handia da, nire ustez. Pozik nago.
3.- Aurten Durangora saria batzen joango zara, baina bestela be joan izan zara, zeure liburuekaz bere bai, ezta?
Urtero, ez, baina noizean behin, bai. Igaz ez dot gogoratzen, baina ibilten gara. Zer dagoan ikustera joaten gara, zeozer erosteko, eta neure liburuak eroateko bere bai. Orain, saria dala eta, Azokeari beste modu batera begiratuko deutsat. Jazoera handia da euskal kulturearentzat. Batzuetan, akaso, euskerazko produkzino gehiago ikusi nahiko geunke, uste dot beste produkzinoen erdian apur bat itota egoten dala euskal produkzinoa. Nik holan ikusten dot, baina hori bakotxaren ideen araberakoa da, jakina.
4.- Arabarra zara jaiotzez, baina bizkaitarra bihotzez, eta Lapurdin bizi zara aspalditik.
Kontu hori apur bat korapilotsua da, kar, kar. Araia admnistrazino aldetik Araba da, baina kultura, klima eta beste gauza guztien aldetik zerikusi gitxi dauka Gasteizegaz edo lautadeagaz. Bilbora oso komunikabide onak dagoz, guk beti-beti jo dogu Bilbora danetarako, ez bada zeozer admnistratiboa egitera, horretarako Gasteizera joan behar izaten da. Gure urteera naturala beti izan da Bilbo. Horregaitik kostetan jat neure burua arabartzat hartzea. Bi edo hiru izango gara holan pentsetan dogunak, beraz nasai, guztiz minoritarioak gara, kar, kar.
Ez daukat ezer Araba edo arabarren kontra, ez dodana ulertzen da Aiara Araban sartuta egotea. Historian gorabeherak izan dira, baina ez da oso naturala-edo.
5.- Baina, makina bat urte dira Lapurdin bizi zarana...
Bai, 30 urte edo. Halanda be, nahiz eta Lapurdin bizi, hazi zaren lekuak pisua dauka, eta hangotarra zara, ezta? Ni Luiaondon hazi nintzan, eta hangotarra naz.
6.- Inguruko mitologia eta kondairak landu dozuz, antropologiaren ikuspegitik. Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa izenburuko tesia egin zenduan.
Antropologiaren barruan, mitologia, euskal mitologia aztertu dot. Ez dot antropologiaren beste arlorik ikutu. Lehenengo azterketea Bidarrain izan zan, Iparraldean; inkesta egin neban, nahiz eta ez dot argitaratu horretaz, Mendibeko Salbatore baseleizearen inguruan. Gero, Orozkora jo neban. Orozko da gure haranean euskera bizi-bizi daukan herria, gurean euskerea galdua da. Menditik joan ezkero, auzoherriak dira. Gure inguruan antxinako tradizinoa gorde izanaren famea izan dau, ahozko tradizinoa gorde da alboko herrietan baino gehiago, horregaitik jo neban hara. Akaso, gure herrian egiten zan euskerea Orozko egiten danaren antzekoa izan zan, horrek be erakarten ninduan.
Egin dodan inkestarik handiena Orozkon izan zan, sakonena eta zabalena. Tesia horretaz egin neban, euskal mitologiaz, laminak, Anbotoko andrea, jentillak, familiariak edo prakagorriak... Holako asko agiri dira Orozkon. 90etan egin neban inkestea, bada denporatxua, orduan jente zaharrak asko ekien, gaur egunean ezin deutsut esan.
7.- Gaur egun, posible izango litzateke ikerketa hori egitea?
Ni bildur naz ezingo litzatekeela egin, baina ez dakit. Azken urteetan euskal mitologiaren ganeko estima handia zabaldu da euskaldunen artean. Akaso, horren ondorioz egin da transmisinoa. Lehen, gehienbat transmisinoa etxean egiten zan, subazterrean edo hilbeletan, Gabon gaueko belatan, kontetan ziran istorioak, auzoen artean bere bai. Nik uste dot ez dala asko geldituko, baina ezin dot ziurtatu, ez dot egin-eta inkestarik horri buruz. Nik inkesta egin nebanean, 90etan, gazteek ordurako zaharrek baino askoz gitxiago ekien. Ez badabe ordutik gehiagorik ikasi... Beti dagoz salbuespenak, dana dala. Transmisino naturala, esan nahi dot, ahozko transmisinoa ez dot uste orokorrean egingo danik. Jenteak irakurten dau mitologiaz, beste modu bateko transmisinoa da. Lehengo transmisinoa bizia zan, orain idatzita finkatu diranean, alde natural edo bizi horretatik urten dira.
8.- Behin finkatuta, ez dira gehiago aldatzen?
Ez, ez dira aldatzen, edo bai, batzutan moldaketak egiten dira eta. Aldakuntza horreetan, batzuetan, euskal mitologiari, nire ustez, ondo ez joakozan apaindurak egiten jakoz. Mitologia soila da, sinplea, eta oso ederra. Sinboloak, euren biluztasunean, oso esangarriak dira, ez daukie apainkeriarik. Umeei zuzendutako lanetan moldaketetak egiten dira gaur egun. Hori gustuen araberakoa da, niretzat ez da mitologiari egin ahal jakon gauzarik onena. Ulertzen dot holan egitea, baina niri neuri ez jat gehiegi gustetan.
9.- Akaso, mitologia larregi gozotzen dogu?
Bai, hori da, gozotu edo edulkorau egiten da. Aldatzen bada bizirik dagoenaren seinalea da. Zeozer bizia danean, transmitidu egiten da, eta transmisino horretan aldaketak egiten dira. Hor neure buruagaz kontraesana daukat, alde batetik bizitasuna gustetan jat, baina batzuetan egiten diran aldakuntzak ez jataz gustetan. Zeozer gordina badago, hori kentzeko joerea dago gaur egun. Gaur egungo markea da.
Umeei zuzendutako testuak diralako be bada. Holan egiten jake transmisinoa umeei. Barriemoileekaz berba egin nebanean, inkestak eta egiteko esaten eustien umeei kontetan eutsiezela, baina jente nagusiari bere bai.
10.- Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko mitologia aztertu dozuz, alderik badago?
Gauza asko batuta dagoz. Istorio batzuk, Jean François Cerquandek batu zituan XIX. mende amaieran, Zuberoan. Oso antzekoak dira, ekialdeko muturretik mendebaldeko muturreraino. Istorio batzuk danetan agiri dira. Laminak tximiniatik janari eske, adibidez, hori Euskal Herri osoan agiri da. Baina, laminak eurak, ez dira bardinak danean, izena bai, baina ez ditue gauza berak egiten. Ekialdean, laminek zubiak egiten ditue, eta ez dira neskatilak, deabrutxu txikiak dira, eta itxura maskulinoa daukie. Mendebaldean, barriz, holango zubiak jentillak egiten ditue edo deabruek. Baina, istorioa bera da. Kontakizun bera Europa osoan topau daiteke. Nire eretxiz, badago batasuna Iparraldean eta Hegoaldean.
11.- Tesia be gai horren ingurukoa egin zenduan, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa. Ipar Euskal Herrian euskeraz defendidu zan lehenengo tesia.
Jasone Salaberria durangarra eta biok alkarregaz ibili ginan, bakotxa bere tesiagaz. Kostau jakun lortzea. Azkenean, suberte handia izan genduan, eta lortu genduan euskeraz egitea. Niri subertau jatan tesia apur bat lehenago egitea, horregaitik lehenengoa izan nintzan, baina funtsean biak izan ginan.
12.- Ikertzen segiduten dozu, oker ez banago udabarrian liburua argitaratuko dozu, ezta?
Kanpo lanik ez dot egiten gaur egun, hobe gazteek egitea hori, kar, kar. Baina ikertzen eta idazten segiduten dot. Uste dot udabarrian urtengo dala, itxaropen hori daukat. Beste mundutik etorten diran hilen inguruko lana da, zelan bisitetan dituen biziak, hori be antxinako tradizinoa da eta. Orozkon be entzun izan nituan horrelakoak.
13.- Feministea, ekologistea, abertzalea eta euskaltzalea... Hainbat kezka ditu, antropologiaz gan, Anuntxi Aranak.
Beste arlo horreetan ez dot ikerketarik egin. Artikuluak idatzi dodaz, Argia-n esaterako, denpora luzez. Beste lagun batzuekaz jarduten dot arlo horreetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!